euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Angeluko Argileak koral lapurtarrak Quebec-era egin bidaiaren kronika

2008/09/26

Trois-Pistoles hiriko elizan (argazkia Argileak)
Trois-Pistoles hiriko elizan (argazkia Argileak)

PUBLIZITATEA

Angeluko Argileak koroa Quebec aldean izan da abuztuan, lurralde honen sortzearen 400 urteurreneko ekitaldietan parte hartzeko gonbitea jaso ostean. Ipar Ameriketako herri honen historian euskaldunek izan dute zerikusirik eta harreman hori berreskuratu eta omentzeko asmoarekin antolatu zen euskal kantarien bidaia. Quebec-en eta Montrealen izan ziren kantariak eta bertako euskaldunekin biltzeko parada izan zuten, EuskalKultura.com-ek aurreko artikuluetan agertu zuenez. Jarraian, informazio hori biribiltzeko, Herria astekariak aste honetan plazaratu duen artikulua.

Angelu, Lapurdi. Angeluko (Lapurdi) Argileak koroa sortu zuen, duela 25 urte, EDF-GDF-ko enpresa komiteak, René Borda buru. 40 kantari dauzka koroak gaur, denak gizonak, erditsuak EDF-rentzat lanean ari direnak, koroko lehendakaria beti horien artean delarik hautatua, oraikoa Daniel Pous. Gizon koroa balinbada, gidaria haatik emazte bat dute, Particia Arhancet, eskusoinu eta piano erakaslea, André Lassus gidari ohiaren segida harturik.

Koroaren errepertorioan, euskal kantuak nagusiki, elizakoak ala profanoak, besta giroko kantu airosak gehienak. Euskal Herria eta Frantzia guzia kurrituak ditu Argileak koroak, Korsikan ere arizanik, eta joan den agorrilean, 14etik 27ra, Quebec-en gaindi da ibili, lurralde haren sortzearen 400. urtemugakari gomita ukanik. Bidaia hortaz mintzatu zaigu Yvon Lambure baionesa, margolari ezaguna, Argileak koroko kantaria.

Kontzertu arrakastatsuak

Miarritzetik abiaturik agorrilaren 14ean, lehen batean Quebec-eko hirian dira egon, Erredontore fraileek aterbeturik, Quebec probintziako hiriburuan (lurraldeak eta hiriburuak izen bera dute). Handik Trois-Pistoles hirirat, hango eliza mukurru bete batean eskaini duten kontzertua xoragarria izan delarik, han bildua zen jende guztiaren loriarako. Eta biharamuneko meza kantatuan ere zer atsegina! Hiri hortako familiek zituzten Argileak-ekoak aterbetzen.

Han dute Bastrach deitzen den quebecar baten ezagutza egin, Bastrach horren arbasoak Euskal Herrikoak izanki, Basterretche baiones armadorearen familiakoak, denboran Arkadiara erbesteratuak izanak. Eta Bastrach horrek St. Michel de Bellechasse-n antolatua zuen kontzertuak sekulako arrakasta ukan du. Ondotik han bereko Atmosphére taldea da Argileak-ekoetaz arduratu, koro quebecar hori zuela Euskal Herrian errezebitu 2001ean angeluar koroak, adiskidetasun bideak urratuz.

Montreal-en, Jean Bordaxar xiberotarraren bertsuak

Egonaldiaren ondar egunetan, Montreal-en, Beñat eta Felixi Artayet-ek bai eta Jean Goyenetche Montrealgo Euskal Etxeko lehendakariak diete ongi-etorria egin, han ere kontzertu bat eskaintzeko parada zaukatela. Eta han aurkitu dute ere Jean Bordaxar xiberotar kantaria, oporretan han gaindi zabilana. Hunek bertsu pollit batzu ditu kari hortara moldatu, angeluar koroa zuela gisa hortaz agurtzen. Duela 5 urte han gaindi ibilia zen jadanik xiberotar kantaria, bere taldearekin.

Memento huntan, diska berri baten prestatzen ari da bere taldearekin, a capella, datorren urtean plazaratuko duena. Hori aitzin haatik, talde horren preziatzeko parada ukanen dugu urriaren 25ean, Mauleko Jai Alaian, Pipas Larrandaburu eta hunen lagunek muntatzen ari duten 'Aidez aide' ikusgarrian.

Argileak koroak orotara lau kontzertu handi eskaini ditu Quebec-eko lurretan bai eta ostatuetan kantaldi frango, bazter guztiak airostuz, Beñat Balerdi koroko kantari alaia denen aitzindari. Kantatzeaz bertzalde, hango xoko ederrak ere dituzte bisitatu, Ste. Anne de Beaupré, Ile aux Basque, Montmorency-ko urrustak, Ile d'Orléans, Ile aux Coudres, Huron indioen herrixka bat, St. Laurent ibaian gaindi ere ibiliz...



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia