euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

‘Agirre Lehendakaria’ taldeak Diasporako kideak gonbidatu ditu Gabon agurra grabatu eta bidaltzera

2016/11/23

Agirre Lehendakariaren gabon mezuak Buenos Aireseko euskal prentsan
Agirre Lehendakariaren gabon mezuak Buenos Aireseko euskal prentsan

PUBLIZITATEA

Eusko Jaurlaritzaren eta lehenengo lehendakaria izan zen Jose Antonio Agirreren 80. urteurreneko urtean 'Agirre lehendakaria' taldeak Agirrek euskal gizarteari bidaltzen zion Gabon mezua berregin nahi izan du. ‘Gabon’ deitu duen ekimenaren baitan, gonbitea luzatu die Diasporako kideei Eguberri bideo-mezuak egin eta bidaltzeko. Bideo laburrak abenduaren 10a baino lehen behar dira bidali eta bideo bakar batera editatuko dira, abenduaren 13an egingo den ekitaldi batean mundu osora streaming bidez emititzeko

Buenos Aires, Argentina. Euskadiren Argentina-Mercosurrerako ordezkaritzak ‘Agirre Lehendakaria’ taldeak luzatutako gonbitea helarazi berri die bere eskualdeko euskal etxe eta Diasporako lagunei. ‘Gabon’ izeneko ekimenarekin, Jose Antonio Agirre lehendakariak urte amaieran euskal gizarteari bidaltzen zion Eguberri mezua errepikatu nahi du. “Euskal lurretan zein atzerrian bizi ziren euskaldunek urtero jasotzen zuten lehendakariaren Gabonetako agur mezua eta guk hori bera errepikatu nahi dugu”, adierazi dute.

Mezuak euskal gizarteari zuzendutako Gabonetako agurrak behar dute izan eta munduan zehar sakabanatuta dauden euskaldunen elkartasuna adierazi behar dute. Euskaraz edo gaztelaniaz grabatuak, grabazioak kalitatezkoak izango dira, nahiz eta sakeleko telefonoz filmatuak izan eta ez dira luzeak izango. Abenduaren 10a baino lehenago bidali beharko dira, prentsa@lehendakariagirre.eus helbidera. Jasotako mezu guztiekin bideo bat osatuko da, abenduaren 13an egingo den ekitaldi batean proiektateko. Ekitaldia munduan zehar ikusi ahal izango da streaming bitartez.

“Gogoan hartzen badugu Agirre lehendakariak bere agintaldiaren urte gehienak Diasporan pasatu zituela, Euskaditik kanpo bizi ziren euskaldunekin lan egiten, 80. urteurren honetan omenaldi bat egin nahi diegu pertsona horiei”, azaltzen dute ‘Agirre Lehendakaria’ taldetik. “Euskal diasporak garrantzi handiko eginkizuna izan du beti euskal kulturan eta euskal balioak mantentzeko garaian, eta uste dugu amaiera ezin hobea izango duela urteurren urte honek azken ekimen honetan Diasporako jendeak ere parte hartzen badu”, esan dute.

Ekintza ugari egin dira urte osoan zehar lehenengo Jaurlaritzaren eta Agirre lehendakariaren 80. urteurrena ospatzeko, tartean, bost dokumental –lau autore dokumental eta historikoa bestea–; kale ekintzak eta argazki erakusketa bat. Argentinan Rosarioko Zazpirak Bat eta Buenos Airesko Laurak Bat euskal etxeek omenaldiekin bat egin zuten eta Uruguain, FIVU federazioak ere ospatu zuen, bere kasuan, 75. urte bete direlako aurten Agirre lehendakaria Uruguaira iritsi zenetik.



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia