euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Abuztuko Triki-poteo arrakastatsuaren ostean, Maralen kontzertua larunbat honetan Buenos Airesen, Euskaltzaleak-en eskutik

2016/09/19

Euskaltzaleak-en 5. Triki-poteoa abuztuaren 20an izan zen, hiriburuko San Telmo auzoan
Euskaltzaleak-en 5. Triki-poteoa abuztuaren 20an izan zen, hiriburuko San Telmo auzoan

PUBLIZITATEA

Kontzertua Kataluniako Etxean izango da datorren larunbatean, eta bere euskal errepertorioa eskainiko dio talde Mariana Dominé buru duen taldeak hiriburuko publikoari. Maral-ekin batera, gainera, Euskaltzaleak-en baitan sortutako Zutarriak taldea ere arituko da, Euskal Herriko kantutegiko abesti tradizionaletako batzuk eskainiz, arrecifestarrei sarrera emanez. Bistan da musikak leku nabaria duela Buenos Airesko Triki-poteoak ere antolatzen dituen Euskaltzaleak Euskaltegian.

Buenos Aires, Argentina. Ez da eguneroko gauza Argentinako hiriburuan euskal musika eta euskarazko kantak zuzenean entzuteko aukera izatea. Baina gertatzen da noizbehinka. Urrunago joan gabe, euskal musika jotzen duten bi talde aurkeztuko dira dtorren larunbatean, irailaren 24an, Buenos Airesen, bertako Euskaltzaleak euskaltegi eta gaueskola antolatzaile.

Arrecifesetik propio etorriko den Maral taldeak ‘Bazkalosteko abestiak’ izeneko bere azken diskoko piezak jotzeaz gain euskal kantutegiko euren bertsioak ere taularatuko ditu, tartean, besteak beste, Lau teilatu, Aitormena eta Ikusi mendizaleak. Musika sarrera emateko gonbidatuak ere izango ditu Maral-ek emanaldian. Izan ere, Buenos Airesen sortu berria den Zutarriak ensambleak irekiko du ikuskizuna, albokaren erritmora. Hitzordua, datoreen larunbatean, Kataluniako Etxean (Chacabuco 863), iluntzeko 8:30etan. Sarrerak 150 peso, edari bat barne. Erreserbak euskaltzaleak@yahoo.com.ar helbide elektronikoan. Taberna zerbitzua eskainiko du Euskaltzaleak-el ekitaldian.

5. Triki-poteoa

Eta abuztuko hotzaren aurrean batere kikildu gabe, esan behar da berriro ere atera zirela Euskaltzaleak-ek deituriko lagunak Buenos Airesko San Telmo auzoko kaleetan barrena, euskal musika baina batez ere euskal giroa zabaltzeko helburuarekin. Triki-poteoaren aurreko edizioetan bezala honakoan ere zinez lortu zuten, eguraldia gorabehera.

Laurak Bat-eko Ignacio Baña Barquin trikitilaria eta Euskaltzaleak-eko Ignacio Esquiroz albokaria buru, eta gaita, panderoak eta bestelako perkusioak ere partaide, Euskaltegiko egoitzatik abiatu zen taldea 'ohiko ibilbidea' egiteko. Hiru taberna jakinetan egin zituzten geldialdiak eta gero egoitzara bueltatu ziren festarekin jarraitzeko. Euskal Etxeko lehendakari Teresa de Zavaletak EuskalKultura.com-i esan dionez, “ehun bat lagun bildu ginen, tartean, gure ikasleekin batera, Buenos Airesen Euskal Herritik etorriak bertako unibertsitateetan ikasle diren hainbat gazte euskaldun eta baita beste euskal etxe batzuetako kide eta ordezkariak ere. Ospatzeko arrazoi onak ditugu. Abuztuan hasi zen euskara talde berriarekin aurrez aurreko ehun ikasle izatera iritsi da dagoeneko gure eskola eta oso pozik gaude”, adierazi du.

Trikitixa, alboka eta panderoekin batera, beste musika tresna batzuk ere entzun ahal izan ziren Buenos Aireseko gauean euskal melodiak egiten. Txistuak, danborrak eta gaitak osatu zuten ikuskizuna ordu txikiak arte luzatu zen festan.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia