euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrecifesko gizataldeek euren berri eman zuten Euskal Etxeak antolatutako 'Aiton-amonen Txokoan'

2009/12/24

Euskal Etxeko areto nagusian "ainguratuta" zegoen itsasontzia (argazkia EE) Leku askotatik etorritako immigranteek eraikitako herrialdea da Argentina. Haiek pairatutako lazeria eta gabezien, eta egindako lanaren emaitza dira bertako hiri eta herriak. Etorkin bakoitzaren eskarmentua ez da ahaztuko iraganak gogoan segitzen duen bitartean. Eta hori da 'Aiton-amonen Txokoaren' helburua. Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxeak antolatuta, ekimenera bildu ziren Arrecifesko kolektibitateetako ordezkariak. Hiru egunez, gizataldeek objektu baliotsuak, dokumentuak eta oro har immigrazioaren lekukotasuna ematen zuten gauzak jarri zituzten ikusgai euskal etxeko areto nagusian. 'Nondik gatozen jakiteak jarraitu behar dugun bidea argitu dezake', azaltzen dute antolatzaileek, 'eta Aiton-Amonen Txokoa abiapuntu ona da atzerako begirada hori ematen hasteko'.

Gehiago irakurri...


Datorren otsailaren 6an euskal immigrazioari buruzko erakusketa zabalduko da Ellis Island-en (AEB)

2009/12/23

Sei aretotan banatuta, erakusketak argazkiak, audio materiala, bideoak, artelanak, kultur material zahar eta modernoak eta osagai interaktiboak izango ditu New York hiriaren aurrean dagoen uhartetxo bat da Ellis Island, baina 1892tik 1954ra AEBetara bertatik sartu ziren 12 milioi emigrante europarrentzat, bizimodu berri baterako sarrera eta hastapena izan zen [edo 'amerikar ametsa' lortzeko ate itxia beste hainbatentzat, lur amestua ia ikutu arren, eriak eta beste hainbat atzera bota baitzituzten]. Gainerako emigranteentzat bezala, urte horietan New Yorketik legepean emigratu eta estatubaturatu ziren euskaldunentzat ere, euren historiako parte da. Izan ere, bertan gordetzen dira egun euskal-amerikar diren hainbaten aita-ama, aiton-amona edo aurrekoen datuak, noiz sartu eta nondik heldu ziren. Gaur turisten lekua den Ellis Island-en emigrazioaren historiaren euskal zatia islatzen duen erakusketa zabalduko du Boiseko Euskal Museoak, Jaurlaritzarekin lankidetzan, datorren otsailaren 6an, hiru hilabetez, 300.000 bisitari espero dituztela.

Gehiago irakurri...


Pello Mari Otaño bertsolariaren heriotzaren mendeurrena ospatzeko prestakuntzak hasi dira jadanik

2009/12/23

Pello Mari Otaño bertsolaria (1857-1910) Pello Mari Otaño bertsolaria Rosarion (Argentina) hil zenetik 100 urte beteko dira hastear dagoen urteko maiatzean. Diasporarekin harreman berezia zuen olerkariari, dagokion omenaldia egingo zaio eta horretarako prestakuntzak abian jarri dira jadanik bere jaioterri Zizurkilen. Otañoren memoria behar den bezala goraipatu eta aldarrikatzeko herriko hainbat erakundek bat egin dute, eta jadanik 3 bilera izan dituzte ekitaldiak eztabaidatzeko. Blog bat ere argitaratu dute bertartik omenaldiaren inguruko guztia jarraitzeko.

Gehiago irakurri...


San Nicolaseko Euskal Etxeak bat egin zuen ipuin kontalarien nazioarteko deialdiarekin, 'irriak emendatuz'

2009/12/23

Ipuin kontaketa saioan parte hartutakoetako haur eta helduetako batzuk Urte azken hau eta bizi dugun abenduak une egokia dirudi honelako ekimenak aintzat hartu eta Ipuin Kontalarien moduko hitzorduekin bat egiteko, irakurketazaletasuna haur, nerabe eta helduekin partekartzeko. Hala ulertu dute, behintzat, San Nicolaseko Euskal Etxekoek, Buenos Aires probintzia argentinarrean, eta "Ipuina konta... eta irriak emenda' lelopean euren deia egin zuten, Luciana Carolina Martín eta María Teresa Fernández bolondres eta Vilma Raquel Fontana koordinatzaile, haurren arreta ekarriz eta ipuinak antzeztuz eta guzti.

Gehiago irakurri...


Ayacuchoko Euskal Odola Euskal Etxeak balantze ona egin du 2009an eginiko kultur ekitaldiez

2009/12/22

Fermina Mariezcurrena Euskal Odolako arduraduna, EEak abenduan eginiko azkenetako ekimenetako baten testuinguruan: Arantzazuko Amaren irudia sargiratzea Ayacuchon, EEan Buenos Aires probintziako Ayacuchoko Euskal Odola Euskal Etxetik, bertako Kultura Batzordeak 2009ean zehar eginiko ekitaldien berri bidali digu, balantze ona eginez eta, besteak beste, honako ekimenak aipatuz: Ipuinaren Ordua antolatzea; haurrentzako euskal joko tradizional saioak antolatzea; 'Zer dakiten euskaldunez lehiaketa; 'Eraik dezagun etxea' lehiaketa; Nerea Grassik emaniko hitzaldia; argazki erakusketa; fresagailuen emate-ekitaldia; EEko liburutegia taxutzea; nagusientzako denborapasa ekintzak.

Gehiago irakurri...


Chacoko 'Kotoiaren Lurra' EEko 'Aurrera Goaz' antzerki taldeak urte azkeneko emanaldi eskaini du

2009/12/22

Chacoko Euskal Etxeari lotutako 'Aurrera Goaz' taldeko kideak, 2009 urte azkeneko emanaldi egunean Chacoko Resistenciako Kotoiaren Lurra Euskal Etxeko 'Aurrera Goaz' antzerki taldeak aurtengo bere azken emanaldia egin zuen abenduaren 12an, larunbata, hiriburu chacotarreko Don Bosco ikastetxean. "Honela bedi? Eta guztia kaosa zen" izenburupean, euskal etxeari lotutako tailerrean urte osoa antzerkia lantzen ibilitako aktoreek lan ederra ekaini zieten bertaratutakoei. Zorionak guztiei eta orain ongi irabazkitako oporrak baliatzeko aukera da.

Gehiago irakurri...


Buenos Aires probintziako Mar Chiquitako euskaldunak bertako euskal etxearen oinarriak ezartzen ari

2009/12/22

Fernando Raul Mandagaranek luzatutako deiari erantzunez, Mar Chiquita partiduko hamabost bat euskaldun bildu ziren pasa den azaroaren 10ean euskal etxe berri bat sortzeko aukerak aztertzeko. Proiektua bideragarria dela erabaki, eta berriro elkartzea adostu zuten, behin-behineko batzordea osatzea deliberatuz. Fernando Mandagaran bera da batzorde berriko lehendakari hautetsia. Bera buru duen taldearen lehenengo zeregina, antolatzea eta euren berri hedatzea. Euren lehenengo jendaurreko ekitaldia, 'Fiesta Nacional del Potrillo' delako jaian izango da, 2010 urte hasieran, stand-a bat ipiniz eta aurreneko ekimen batzuk aurkeztuz.

Gehiago irakurri...


Idahoko BSU Unibertsitateak historialari bat behar du bere Euskal Ikasketa Zentroko buru izan dadin

2009/12/22

BSUko Euskal Ikasketa Zentroaren webgunea. Estatu Batuetan, Idahoko Boise State University (BSU) delako unibertsitatea euskal gaietan espezialdutako historialari baten bila ari da, bertako Euskal Ikasketa Zentroko zuzendari izan dadin. Urtebeterako kontratu berriztagarria da eta hautagaiek irakasle zein kudeaketa eta administrazio aldetik eskarmentua beharko dute izan, hobe doktore gradua badute eta ingelesarekin batera euskara, gaztelania edota frantsesa mintzo badute. Irakasle zein kudeatzaile beharko du aritu, harremanetan Unibertsitateko, nazioarteko eta euskal komunitatearen barruko baliapide eta instantziekin.

Gehiago irakurri...


Txindurri du izena Montevideoko Euskal Erria EEan sortu den euskal folka lantzen duen bikoteak

2009/12/21

Txindurrikoak joan den azaroan Montevideoko Musika Zelta jaialdian gonbidatu gisa  parte hartzen Txindurri du izena Uruguaiko Euskal Erria Euskal Etxearen baitan sortu den euskal folk bikoteak. Bertako bi euskara ikaslek, Leonel Aguirre eta Martin Zabalzak, osatzen dute. Gitarra bana lagun euskal kantutegi tradizionaleko zein berriko kantuak kantatzen dituzte, tartean 'Xalbadorren heriotzean', 'Loretxo bat' edo 'Azken dantza' bezalakoak. Orain artean euskal etxearen baitan ibili izan dira gehienbat, baina joan den azaroan Montevideoko Musika Zelta Jaialdian aritu ziren gonbidatu, euskal komunitatetik kanpoko lehenengo emanaldia burutuz, arrakastatsu burutu ere.

Gehiago irakurri...


EHAAk ostiralean eman du argitara Marta Marinen izendapena Euskadiko Ordezkari Bruselan

2009/12/21

Tamaina handiko bandera europarra. Euskal Agerkari Ofizialak (EHAA) joan den ostiralean, abenduaren 18an, eman du argitara Marta Marin Sanchez anderearen izendapena Bruselako Euskadiko Ordezkari berri gisa. Zazpi hilabete hartu ditu Lopez Lehendakariaren exekutiboak bere Europarekiko politikan giltzarri den bulego honetako arduraduna izendatzeko, munduko Euskadiko Ordezkaritzetan bitarteko gehien duen eta lanik gehien ateratzen duen bulegoa den honetako arduraduna izendatzeko.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia