euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal amerikar festa lehertuko da asteburu honetan Wyoming-eko Buffalon 2011ko NABOren jaiarekin

2011/07/22

Honako itxura dauka kanpotik Buffaloko Hampton hotelak. Hor egingo da gaur NABOren 2011ko Biltzar Nagusia, EuskalKultura.com ere partaide (argazkia EuskalKultura.com) 2011ko NABOren Biltzar Nagusia eta Buffaloko euskal jaia, bertako 'Big Horn Basque Club' euskal etxea 30 urte betetzen ari den honetan izango dira gaurtik hasita eta asteburu honetan milaka euskal-amerikar eta lagunen erakarle Wyoming estatu iparraldeko Johnson konderriko buru den herri honetara. Herriak bost mila biztanle baditu, beste hainbeste espero dira, 'Buffalon Bulletin' kazetak bere lehenengo orrialdean iragartzen duenez. Ostegunetik hasita, entzuten hasi dira Europatik gonbidatu etorritako euskal bandaren eta bertako musikari euskal-amerikar eta amerikarren arteko saio inprobisatuak. Gaurtik aurrera, festa euskal-amerikarra lehertuko da duela mende bat baino gehiago euskal ondare eta tradizio handia duen Buffalon.

Gehiago irakurri...


Urrundik-eko aktoreek euskal immigranteen pasadizoak taularatu dituzte Paranako agertoki batean

2011/07/22

Paranako Urrundik elkarteko Antzerki Taldeko kide eta dantzariak 'Euskal Aztarna - La Huella Vasca' antzezten (argazkia UrrundikEE) Izen bereko liburuan oinarrituta eta Augusto Carballal-en zuzendaritzapean, Paranako Urrundik erakundeko Antzerki Taldeak 'Euskal Aztarna - La Huella Vasca' antzezlana estreinatu zuen iaz. Lanak Euskal Herritik Argentinara etorri ziren hainbat etorkinen gorabeherak islatzen ditu, hala nola jaioterria uzteko momentua, Atlantikoa zeharkatzeko bidaia eta Panpara heltzean hartu behar izan ziren erabakiak. 'Euskal Aztarna' Parana hiriko eta departamenduko eskola anitzetan aurkeztu da 2010ean eta, egitarauari jarraituz, publiko orokorrari zuzendutako lehenengo emanaldia burutu zen joan den uztailaren 1ean, Paranako "Juan L. Ortiz" Kulturgunean. Arrakasta dela eta, beste bi saio burutuko dira abuztuan, Paranan bertan eta Nogoya herrian.

Gehiago irakurri...


Etxepare Institutuak Euskal Herritik kanpo musika eta dantza birak egiteko dirulaguntza deialdia egin du

2011/07/22

Etxepare Institutuaren logotipoa Etxepare Euskal Institutuak euskal kultura nazioartean sustatzen dihardu, eta aste honetan euskal musikari eta dantzariei zuzenduriko bi dirulagunza deialdi berri argitaratu ditu. Lehena, musika bira profesionalak egiteko eta musika azoketan parte hartzeko laguntza da, eta bigarrena, dantza birak egiteko. Biak ala biak Euskal Herritik kanpo eta aurten egingo diren ekitaldiak sustatzea dute helburu. Eskabideak abuztuaren 22a arte aurkez daitezke.

Gehiago irakurri...


Berri Txarrak taldeak 'Independent Music Award' sarietako bat irabazi du 'Folklore' kantuarekin

2011/07/22

Berri Txarrak talde nafarreko kideak Independent Music Awards lehiaketan Vox Populi saria jaso du Berri Txarrak taldeak, punk abesti onenaren atalean. Vox Populi sailean mundu osoko musikazaleak dira epaile eta eurek internet bidez emandako botoei esker jaso du 'Folklore' kantuak sari hau. Orotara, mundu osoko 57.000 bat zalek eman dute botoa lehiaketan, Berri Txarrak-ekoek euren webgunean azaldu dutenaren arabera. 'Folklore' kantua taldeak 2009an argitaratu zuen 'Payola' diskoan agertzen da.

Gehiago irakurri...


Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat euskal etxearen eskutik euskaldunen hizkuntza 'Creativa 2011' erakusketan

2011/07/21

Arrecifeseko 'Enrique Udaondo' Eskolako 'Creativa 2011'  (argazkiaEE) Sendoak dira oso Arrecifeseko euskal etxearen eta herriko komunitatearen arteko harremanak. Izan ere, euskal erakundeak aurrera eramaten dituen proposamen guztiek harrera ezin hobea izaten dute arrecifestarren artean. Eta oraingoan ere gustura onartu zuten Euskaldunak Denak Bat-eko kideek herriko 'Enrique Udaondo' eskolak 'Creativa 2011' erakusketan parte hartzeko luzatutako gonbitea. Erakustaldia joan den uztailaren 13 eta 14an burutu zen eta euskararen presentzia gailendu zen ikusgai zeuden lanetan.

Gehiago irakurri...


Eusko Jaurlaritzak argi berdea eman die Venezuela, Bolivia eta abarren ari diren euskal GKEekiko hitzarmenei

2011/07/21

Euskal kooperanteak Venezuelan, artxiboko irudi batean Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak argi berdea eman zion atzo asteartez Gasteizen eginiko bileran kooperazio eta lankidetza fundazio eta elkarteekin lau hitzarmen izenpetzeari Garapenerako euskal Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE) prestatzeko eta indartzeko, baita Venezuelan eta Bolivian zenbait lankidetza proiektu abiarazteko ere. Hitzarmenok Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bitartez izenpetuko dira.

Gehiago irakurri...


Jose Antonio Alcayaga III gazte euskal amerikarrak saria lortu du Pariseko 2011 Prix de la Photographie-n

2011/07/21

"Txinga eramatea" da 2011 Prix de la Photographie lehiaketan Amateur Kirola ataleko Urrezko saria jaso duen irudia (argazkia JAAlcayagaIII) Euskal Herrian egindako bere "Txinga eramatea" argazkiak, 2011 Prix de la Photographie lehiaketa frantziar ospetsuan saria eskuratu du, Kirol Amateurra kategorian. Argazkiaren egilea Jose Antonio Alcayaga III gazte euskal estatubatuarra da. Alcayaga New Yorkeko Euskal Etxeko kidea da eta 2008an Euskal Herrian euskara ikasten ari zela atera zuen argazkia, Hendaiako frontoi batean. "Irudiak niretzako pertseberantzia, indarra eta erresistentzia irudikatzen ditu", azaldu dio gazteak EuskalKultura.com-i.

Gehiago irakurri...


Argentina eta Venezuelako San Ferminetako argazkiak eta kronikak: La Plata, Tandil, Arrecifes, Valencia...

2011/07/21

Betizuei arrimatzen, Valentziako euskal etxearen San Fermin jaian (argazkia IUzcanga) Argentinatik eta Venezuelatik heldu zaigu San Fermin jaien argazki eta kronika sorta berri bat. Euskal etxe batzuek asteburu osoko jaialdia egin dute, Argentinako La Platako Euzko Etxeak bezala; beste batzuk, aldiz, egun bakar bateko ekitaldia, bazkari edo afaria, Arrecifeseko Euskal Etxea, kasu. Baina denek umorea eta ondo pasatzeko gogoa partekatu dute. Eta sanferminetako izpiritua nagusi izan zen baita ere Venezuelako Valencian, euskal etxeak atera zituen bigantxen aurrean jarri baitziren makina bat bazkide eta lagun.

Gehiago irakurri...


Itapeviko Euskal Etxe brasildarrak Euskaldunen Eguna edo "Dia dos Bascos" ospatu du estrainekoz

2011/07/20

Euskal etxeko kideak eta Itapeviko diputatuak Euskaldunen Eguneko omenaldian (argazkia ItapeviEE) Itapeviko Euskal Etxe gaztea azken urte hauetan Sao Paulo estatuan dagoen hiri honetako gizarte eta kultur agendaren parte bihurtu da, eta Itapeviko Udalak egun berezi bat eskaini nahi izan die euskaldunei, euren ekarpena eskertzeko. Horrela, iragan uztailaren 12an ospatu da lehen aldiz Itapeviko "Dia dos Bascos" edo Euskaldunen Eguna, hiriko Diputatuen Ganberan egindako ekitaldiarekin. Bertara bildu ziren euskal etxeko agintariak eta bazkideak eta baita herritar ugari ere.

Gehiago irakurri...


20. urtemugaren urtean Zingirako Euskaldunak EEak bere jai nagusia ospatu zuen uztailaren 9an

2011/07/20

Chascomuseko Zingirako Euskaldunak euskal etxeko egoitza (argazkiaEE) Urte osoko ekitaldi-egitaraua eratu dute Chascomuseko euskaldunek euren euskal etxearen 20. urtebetetzea ospatzeko. Azken hilabeteotan, gaztetxoei zuzendutako udalekua eta komunitate osoari begirako hitzaldiak gauzatu dituzte Buenos Aires probintziako hiri honetako euskal etxea antolatzaile. Ospakizun ekitaldiekin jarraitzeko, uztailaren 9an urteurren afari nagusia egin zuten herriko Fortin-ean. Euskal-argentinar komunitateko hainbat ordezkari lagun izan zuten chascomustarrek garrantzi handiko zeremonia horretan, tartean FEVAko lehendakariorde Arantxa Anitua; Cañuelaseko zuzendaritza batzordekide eta dantzariak; eta La Platako Euzko Etxea, Mar del Platako Denak Bat, Necocheako Euzko Etxea, Suipachako Gure Txokoa, Buenos Aireseko Laurak Bat eta Iparraldeko Euskal Etxea-ko ordezkariak.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia