euskal diaspora eta kultura
2016/12/13
Aurki ditugu Gabonak ate joka, eta urtero legez, sasoi honetan bereziki gogoratzen ditugu gertu zein urruneko lagun eta senitartekoak. Heldu da Eguberriak zoriontzeko garaia eta lan horretan, lehengo postalek aspaldi utzi diote lekua teknologia berriei. Sarean aukeran dira makina bat baliabide era erraz eta azkarrean Gabonetako postalak bidaltzeko, Olentzerori gutuna idazteko eta baita Gabon kantak ikasteko. Hona bildu ditugu horietako batzuk.
2016/12/13
2016ko azken zozketa zabaldu du EuskalKultura.com-ek. Oraingoan honako sei sariekin: bi egutegi (NABOrena eta Arantzazukoa), liburu-CD bat (Manex Pagolaren berri testuz eta CDz ematen duena, bere kantuekin), liburu bat ("Euskera para castellanohablantes", euskarara hurbiltzeko, "euskara eta gaztelania ez baitira, finean, hain desberdinak"), eta bi CD (Euskal Herriari herriminez begiratua ematen dion "Herri Miña, cantos de lejanía y retorno" eta Patxi eta Konpaniaren "Bidarte"). Epea, abenduaren 29a.
2016/12/13
Aurtengoa Jose Antonio Agirre buru izan zuen lehen Eusko Jaurlaritzaren 80. urteurrena ospatzeko urtea izan dugu eta karia horretara EiTBk “Gure izaeraren ispilu” kanpaina jarri zuen abian Agirreren irudi eta baloreen gogoangarri. Ekimen horren baitan estreinatuko da gaur Gasteizko Principal Antzokian ‘Orain 80 urte’ dokumentala, omenaldi gisa Diasporaren ikuspuntutik urte hauei guztiei. Lanak Argentinako euskal diasporaren erreferente den Rocio Basterra dauka aurkezle, euskara eta euskal kultura irakasle nekaezina den viedmatarra. Hitzordua, iluntzeko 7:30etan (Argentinako 15:30etan) eta online segitu ahal izango da.
2016/12/12
Abenduaren 5ean bete zuen Bristolgo Euskal Etxeak bere aurreneko urteurrena eta elkarteko kideek bazkari batekin ospatu zuten data. Pozik agertu dira Bristoleko euskaldunak duela 12 hilabete abian jarri zuten ekimenaren ibilbidearekin, ekitaldiz beteriko "urte oso intensoa" izan dutela adieraziz. Elkarteak urtean zehar egindakoen balioespen oso baikorra egin du, eta egunotan oporrak hartu ditu, Gabonak eta gero indarberrituta bueltatzeko.
2016/12/12
Mercedes Mendive soinujole eta dantzari elkotarrak jarri du abian "Ariñak Project" egitasmoa, Elko bertako Janet Iribarren dantzari eta dantza irakaslearekin batera. Programa honen helburua Elkoko Euskal Etxeko gazteei dantzaz gain euskal kulturaren beste zenbait arlo ere irakastea da, edo Mendivek dioen bezala "euskaldunak izateko beste era batzuk erakustea".
2016/12/09
Martin Tumbarino maisua zuzendari, urte bikaina izan du aurten musika koralaren arloan Tandilgo Gure Etxea Euskal Etxearen ordezkari den Gure Abestiak abesbatzak: azken bi hilabeteetan Euskal Koruen Topaketa antolatu, Argentinako hegoaldean bira bat egin eta Euskal Etxearen urteurren jaian abestu zuen taldeak. Hala ere, eta oraindik entzun ez dutenentzat, beste emanaldi bat geratzen zaio koruari urtea bukatu aurretik. Eguberri Kontzertua abenduaren 17an emango du Tandilgo Begoñako Amaren Elizan.
2016/12/09
Pixkanaka osatzen doa Eusko Jaurlaritzaren egitura eta organigrama berria. Kanpo Harremanei dagokienez --eta hor kokatzen da euskal etxeez arduratzen den Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritza-- Urkullu lehendariak orain arte Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi izan den Marian Elorzaren aldeko apustua egiten segituko du, Kanpo Harremanen ardura berriro ere Elorzaren esku utziz.
2016/12/08
Mexiko Hiriko "Frontón México" 1996an itxi zuten eta geroztik ez da bertan zesta-puntarik jokatu. Eta honela segituko du otsailaren 15era arte, orduan aurreikusita baitago bere egoitzako obren amaiera (megapoliko Paseo de la Reforma famatutik gertu oso), Antonio Cosio Ariño jabeak 50 milioi dolarreko inbertsioa egin duelarik bertan. Artikulu hau, Igor G. Vico-k sinatua, aste honetan argitaratu du Deiak. Itzulpena, gurea.
2016/12/08
Saltoko Euskaldunen Taldea Euskal Etxeak, Saltoko Udalak eta bertako Ardogileen Elkarteak akordio bat sinatu zuten joan den larunbatean, hiriko Harriague Upeltegia berreskuratzeko. Lanak epeka egingo dira, ‘Harriague Upeltegia Kulturgunea – Tannat-en Zero Puntua’ izeneko espazioa lortu arte. Hitzarmena sinatu eta gero Euskararen Eguna eta Euskal Etxearen 24. urteurrena ospatu zituen bertan Saltoko euskal gizataldeak.
2016/12/07
Mundu osoko euskaldunek ospatu zuten euren eguna; baita Argentina, Brasil eta Uruguaikoek ere. Jaiak mota askotakoak izan dira, batzuk oso jendetsuak beste batzuk ez hainbeste, baina guztietan gauza bera aldarrikatu dute: euskara ikasteko eta euskaraz hitz egiteko eskubidea, han eta hemen. EuskalKultura.com-eko artikulu honetan, 2016ko ENEren bigarren kronika.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus