euskal diaspora eta kultura
2017/09/19
Bonbardaketaren 80. urteurreneko urtearen baitan,‘Gernika: iruditik soinura’ jarduera antolatu dute La Platako Unibertsitateko (UNLP) Gogoetarako Euskal Katedra Askeak eta hiriko Euzko Etxea elkarteak. Hiru zatitan banatua, Picassoren koadroa hartzen du ardatz musika-lanak. Eskainitako programan, pinturari buruzko hitzaldi bat eskaini zuen lehenik Jose Saldias adituak eta bere musika pieza aurkeztu zuen ‘Guernica’ suitearen egilea den Maximo Pujol maisuak, Unibertsitateko Hari Laukoteak suitea jo aurretik.
2017/09/18
Bartzelonako Euskal Etxeak abisua plazaratu du bere lan-taldean integratzeko administrari baten lanpostua eskaintzeko. Etxeko kontularitza eta administrazioa eramango luke, lanari dagokion titulua beharko luke, antzeko postuetan eskarmentuduna izan eta gaztelaniarekin batera, euskara eta katalana jakitea balioetsiko da. Goizez lan egiteko da eta ekimena, motibazioa eta talde-lanean aritzeko gogoa aintzakotzak hartuko dira oso. Proposamenak irailaren 25eraino (datorren astelehena) jasoko dira.
2017/09/18
1949. urtean Gobernuak ezarritako dekretu bat medio, irailaren 4an Immigrantearen Eguna ospatzen dute argentinarrek herrialde osoan. Egun horri lotutako jaialdiak, ordea, hilabete osora luzatzen dira, tokian tokiko hamaika kolektibitate eta udal antolatzaile. Aurtengo ospakizunek berritasunik ekarri dute, baina, euskaldunen kasuan: Ushuaiako Kolektibitateen Jaira lehenengo aldiz bertaratu dira, eta beste puntan, Misionesen, bat egin dute, esaterako, Oberan, Posadasko eta Corpus-ko euskal etxeetako partaideek.
2017/09/15
Planez --plan anbiziotsuz-- ongi hornitua dabil Sao Paulon bertako Eusko Brasildar Etxea. Oskar Goitia buru duen elkarteak asmo handiak dauzka datozen hilabeteetarako, hasteko azaro hastapenean Argentinako Euskal Aste Nazionalera, San Nicolasera, talde gisa bidaiatzea, aurreko edizioetako batzuetan egin legez. Asmoak, baina, areago doaz, Txileko Santiagorako bidaia era badaukate-eta buruan eta, azpimarragarria, 2018an Euskal Herrira bidaiatzea, Maizpidera, euren euskarari bultzada erabakiorra ematera.
2017/09/15
Aurkeztutako 85 idazlanen artean Maria Valeria Arambururen “El mar en sus ojos” (Itsasoa bere begietan) izeneko ipuina hautatu zuten aho batez lehiaketako epaileek. Irabazlea, poz pozik dago bi arrazoiengatik; errekonozimendua baita euskal gizataldearentzat oro har, eta saria, jatorrizko herrira bidaiatzeko bi txartel direlako. “2018ko Argentinako neguan joango naiz Euskal Herrira, nire alaba Begoñarekin” jakinarazi dio Valeria Aramburuk EuskalKultura.com-i.
2017/09/14
Josu Bergara kantari eatarrak emanaldia eskainiko du gaur Madrilgo Complutense Unibertsitatean (UCM) eta bertan bere azkeneko lana, "Kanta txikien indarra", aurkeztuko die bertaratzen diren euskaltzale eta musikazaleei. Ekitaldia unibertsitate madrildarreko Taupaka elkarteak antolatu du eta ospakizun berezia ere izango da, bildutakoek euskara ikasten duten UCMko ikasle guztiek aurrerantzean kredituak lortuko dituztela ospatuko baitute.
2017/09/14
Deialdi honen bidez bultzatutako ‘Euskara Munduan’ programak 2.000 ikasle heldu baino gehiago ditu mundu zabaleko euskal etxeetan. 234.000 euroko kontu-sailak Europako, amerikar kontinenteko eta Asia-Ozeaniako hamarnaka euskal etxetako ikasle eta irakasleek euskara ikaste/irakaste alorrean egiten duten ahalegina bultzatzeko helburua dauka.
2017/09/14
Izendatze zeremonian ‘Askatasuna eta Bakea’ izen berria duen plaka ezarri zuten Zazpirak Bateko agintariek. Horrez gain, dantzari txikiek dantza batzuk eskaini zituzten eta bildutako lagunek topa egin zuten. Honekin batera, Euskal Etxeak 'Gizataldeen Gaua' dela-eta elkarteak irailaren 8 eta 9an izaniko partaidetza azpimarratu du, baita Uzturre Munduan programaren baitan Euskal Herriko hiru gaztek Zazpirak Bati egindako bisita eta antolatutako tailerrak.
2017/09/13
Erakusketak, hitzaldiak, euskal zine saioak, ekitaldiak eskolakumeekin, Etxe Nasaia programaren 15. urteurrena, Euskal Herritik etorritako Mikel Urdangarin, Xabaltx eta Michel Echeverry kantarien emanaldiak, euskara mintzodromoa, danborradak, kalejirak eta ohiko dantzarien kabalkada eta erakustaldiak, FEVA bilkura, liburutegien, dantzarien, abesbatzen batzarrak, erromeriak eta bez ere ilusio, lan engaiatu eta dedikazio sakon eta sentitu kopuru handi bat dira Argentinako 2017ko Euskal Aste Nazionalak batu eta nahasiko dituen osagaiak. Hona egitaraua.
2017/09/12
Arrakastaz aurkeztu du joan den asteburuan "Baleak ikusi ditut" bere liburua Javier de Isusi ilustratzaile bilbotarrak Berlingo Modern Graphic liburudenda espezializatuan. Isusik bertan salgai zeuden liburuaren euskarazko, gazteaniazko eta alemanezko edizioak sinatu zituen, izan ere sinadura eske bakoitzari marrazki bat eginez. Marrazkigileaz gain, aurkezpenean Berlingo Euskal Etxeko Ainhoa Añorgak eta Lea Hübner itzultzaileak hartu zuten parte.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus