euskal diaspora eta kultura

2007/03/01
Argentinako Entre Ríos probintziako Urrundik Euskal Elkartean antzerkia nagusitu zen joan den ostegunean 'Emakumeen Bakarrizketak' emanaldia medio. Augusto Carballalek euskal etxean bertan zuzendu duen antzerki tailerreko Mireya Alcain, Silvia Barros, Marta Echagüe, Graciela Ramírez eta Susana Schiavoni aritu ziren oholtza gainean eta txalo zaparrada jaso zuten eskainitako lanagatik. Arrakasta ikusita ikastaro berri bat abian jarri du Urrundik-ek, martxoan bertan hastekotan.
2007/03/01
Saladillo herrian urtero egiten den Inauteri jaiak arrakasta handia bildu du aurten ere eta 'Itxaropen' Euskal Etxeak parte hartze garrantzitsua izan du antolakuntzan. Euskal Etxea zorte-emaile ere bilakatu da, beraiek saldu baitzuten ohiko zozketa handiko sari nagusia den autoa bereganatu zuen txartela. Bertako eta urruneko konpartsa ugari ere gerturatu ziren Saladillloko kaleetan barrena musika, kolorea eta dantzaldi biziak eskaintzeko. Alelí, Calfucurá, Pehuen eta Samba Show konpartsak azkeneko gaua eta jendearen animoak inarrosi eta bero-bero jarri zituzten erritmo erabat kutsakorrez.
2007/02/28
Gipuzkoako Arrasate eta Santa Fe probintzia argentinarreko Sunchales herriak senidetuak daude. Senidetze ekitaldi ofiziala astelehenean gauzatu zen Arrasaten, Sunchaleseko ordezkaritza bat, Toselli alkatea buru, bertan zela. Gonzalo Toselli Sunchales-eko alkatea buru duen ordezkaritza argentinarra Arrasate eta Euskal Herria bisitatu eta hobeto ezagutzeko baliatzen ari da egunotako bidaia. Bihar goizean Ibarretxe lehendakariak errezibituko du, herri senide arrasatearreko ordezkariak lagun.
2007/02/28
Tontxu Campos Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua eta Patxi Juaristi Unibertsitate zuzendaria Estatu Batuetara abiatuko dira bihar, Nevada-Reno eta Stanford-eko Unibertsitateetako arduradunekin biltzeko. Renon sailburuak Center for Basque Studieseko Aholku Batzordearen bileran parte hartuko du eta Stanforden unibertsitate ospetsu honetako errektorearekin bilduko da, John Etchemendy euskal amerikarrarekin alegia.
2007/02/28
Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak asteartero egiten duen bilkuran atzo hartutako erabakien artean Argentinako Coronel Dorrego herriko 'Denak Elkarrekin' Euskal Etxea onetsi eta Euskal Etxeen erregistro ofizialean sartzea deliberatu zuen. Neurri honekin aipatu euskal etxea nor da aurrerantzean, Jaurlaritzak kanpoko euskal giza-taldeei eskaintzen dizkien programa eta onuren hartzaile eta eskubide-emaile izateko bere bazkideekiko.
2007/02/27
Argentinako agintariekin sinatu berri duen akordioan jasotzen denez Eusko Jaurlaritzak 216.000 euroz lagunduko ditu argentinar militarren diktadurapean (1976-1983) desagertutako euskaldunen bilaketa lanak. Lankidetza akordioa atzo bertan sinatu zuten Buenos Airesen Javier Madrazo Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Arazoetako sailburuak eta gobernu argentinarreko Giza Eskubideetarako Idazkariak, Eduardo Luis Duhaldek. Banku Genetiko bat eta Argazki Artxibo bat sortuko dituzte akordioren arabera, eta Dokumentazio Zentro baten sorrera ere bultzatuko da.
2007/02/27
Eliteen emigrazioari buruzko eztabaida bizi batekin bukatu ziren joan den asteartean pauen Euskal-Biarnesen Emigrazioari buruzko Jardunaldiak. Ekitaldiek ehun bat lagunetik gora bildu zuten, Adrian Blázquez (Paueko Unibertsitatea, Frantzia) eta César Arrondo (La Platako Unibertsitate Nazionala, Argentina) antolatzaileen esanetan. Ekimenak segida izango du datorren uztailean, La Platan egingo den Simposium batekin. Bertan, Pauen aurkezturiko hainbat lan irakurriko dituzte.
2007/02/27
Jakina da euskal kulturak oihartzun nabarmena duela Boise inguruan, Idaho-n baitago AEBetako euskal komunitaterik azkarrena. Euskal sukaldaritzak ere arrakasta handia dauka aldeotan eta horren adierazgarri bertako zenbait jatetxek harro erakusten duten Basque kartela izan daiteke. Oraingoan, baina, euskal sukaldaritzak unibertsitaterainoko jauzia ere egin du, Dan Ansotegui Boiseko Gernika tabernako nagusiak astero BSUn eskaintzen dituen eskolak medio. Guzti horren lekukotasuna eskaintzen du AP agentziako Anne Wallace Allen kazetariak Desert News egunkarian argitara emandako artikulu batek. Hauxe artikulu laburtua.
2007/02/27
Venezuelako Euskal Etxeen Federazioak omenaldia egin zien joan den otsailaren 10ean Chirgua Aranean duela 57 urte bertara heldu ziren lehendabiziko euskal familia aitzindariei. 1950.ean heldu eta egun bertan sustraiturik segitzen dute zortzi familia euskaldun hauek. Ekitaldia Hacienda Montesacron izan zen eta Carabobo-ko eta Caracaseko Euskal Etxeetako kideak bildu ziren bertara. Ibarretxe Lehendakariak ere partu harte nahi izan zuen omenaldian eta bildutakoen aurrean irakurri zuten gutuna bidali zuen.
2007/02/26
Eusko Jaurlaritzak Argentinan diktadura militarpean desagertutako jatorri euskalduneko herritarrak topatzen lagunduko du. Hauxe izango da Javier Madrazo Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Arazoetako sailburuak gaur Argentinara hasiko duen bidaia ofizialean landuko den gaietako bat. Madrazo gobernu argentinarreko Giza Eskubideetarako Idazkariarekin, Eduardo Luis Duhalderekin, bildu eta lankidetza protokolo bat sinatuko du. Adolfo Pérez Esquibel Nobel saridunarekin, Plaza de Mayoko Amonekin eta FEVAko ordezkariekin ere elkarrizketatuko da, besteak beste.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus