euskal diaspora eta kultura

2009/05/18
Joan den ostiralean bildu zen Euskal Etxeko Ohiko Biltzar Nagusia San Luis probintzia argentinarreko Villa Mercedesen, besteak beste Araudiaren araberako bozkak egin eta Zuzendaritza Batzordea berritzeko. Eguneko gai zerrenda aztertu eta onartu ondoren, buruzagitza berria hautatzeari ekin zitzaion eta ondorioz, Liliana Rouan-ek hartua du dagoeneko agintaldi berrian EEko lehendakaritza, bere senar Julio V. Esnaolaren lekuan. Liliana Rouanekin batera ari dira, besteak beste, Batzorde berrian, Beatriz Egaña, lehendakariorde legez; Juan José Cabytu, idazkari; eta Juan Ignacio Esnaola, diruzain.
2009/05/18
Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxeak omenaldia egin zion joan den Ohiko Biltzar Orokorraren azken partean Michel Iriart-i, elkarteko Ohorezko Bazkide izendatuz. Bizimodu osoan hiriburu argentinarreko euskal etxe horretako partaide eta zuzendaritzako kide, bere seme Miguelek eman zion Michel Iriarti Ohorezko Bazkide diploma. Biltzar berean buruzagitza berritu zen, Ernesto Cornejo Saravia berrautatu zutelarik lehendakari, eta Zuzendaritza Batzordeko kide, besteak beste, Enrique Fagoaga, lehendakariorde legez; Norma Ríos idazkari; eta Guillermo Lopez diruzain.
2009/05/18
Ekainaren 16tik eta uztailaren 14a arte Santiago de Queretaro hirian, Mexikoko izen bereko estatuan, III. Kulturunea-Kimuak Euskal Laburmetrai Jaialdia izango da ikusgai. Jaiadiaren antolatzaileak Manuel Gerez del Río, Kulturunea liburudendaren sortzailea, eta hiriko Museoa dira, Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin. Filmategiak urtero bidaltzen ditu Queretarora Kimuak programan aukeratutako euskal laburmetrai hoberenak. Egun Kulturunea liburutegia itxita badago ere, euskal kultura Mexikon zabaltzeko erronkarekin aurrera jarraitzen dute bere sustatzaileek, kimu zinematografiko hauen bitartez.
2009/05/15
2009/05/15
Natura eta espazio irekien zale definitzen du bere burua, eta hori dela eta, 1973an Encinoko (New Mexico, AEB) tranpa-jartzaileak erretiroa hartu behar zuela jakin zuenean haren lanpostua eskatu zen. 'Aire zabalean ibili nahi nuen, ez nuen bulego batean egon nahi', azaltzen du Ipar Euskal Herrian jaiotako euskaldun honek. Bere familia 1950ean etorri zen Estatu Batuetara eta Jaureguiberry Las Vegas-en bizi da (ez Nevadako Las Vegas handia, baizik eta New Mexikoko izen bereko herrixka). Lanbidean daramatzan 35 urteetan, koioteak, zakur basatiak, mofetak eta hartz beltzak ere ehizatu ditu. PNTonline.com egunkariak dakar bere bizitzaren berri, jarraian laburtu dugun albiste honetan.
2009/05/14
Karten eta kartajokoen historia ezagutzeko interesak, gaia ongi asko ezagutzen duen Fournier etxe gasteiztarreko aditu ikertzaile baten ikuspuntutik azaldua, jende multzo polita erakarri zuen hilabete hastapen honetan Habana hiriburuko Karten Museora (Museo del Naipe), Rufino Oyarzabal babazorroaren hitzaldia medio. Urte luzeak enpresa kartagilean pasatutako Oyarzabalek, historia errepasatzen zuten power-pointeko irudien laguntzaz, publikoa bereganatu zuen, kartak eta kartei buruzko azalpenak biltzen zituzten Museoko horma irakasleen artean.
2009/05/14
Joan den maiatzaren 10ean Lapurdiko Senpereko lakua Herri Urrats edo Iparraldeko ikastolen jaiaren edizio berri baten gunea izan zen. Bezperan, handik 12.000 kilometrora, Buenos Airesen, euskaltzale argentinar talde mardul bat Iparraldeko Euskal Etxera bildu zen, bertan ere jaia ospatzeko. Argentinarrekin batera Euskal Herriko ordezkaritza bat izan zen bertan: Ramuntxo Camblong lapurtarra, Udalbide/Udalbiltzako zuzendaritza batzordeko kidea, eta Joan Carlos Etxegoien 'Xamar' eta José Ángel Irigaray idazleak, euren azken lanak Buenos Aireseko Liburu Azokan aurkeztu ostean.
2009/05/14
2009/05/14
2008ko azaroan Aretxabaletako Akordeoi Orkestrak Chivilcoy herria bisitatu eta kontzertua eman zuen bertako Euskal Etxean. Euskal Etxeko arduradunak eta Orkestrako kideak harremanetan jarraitu zuten eta hilabete batzuk pasata Santiago Torricelli Velazco pianojole chivilcoytarrak eta Eugenia Puente sopranoak bisita bueltatu eta kontzertua eskaini dute Aretxabaletan. Emanaldia bikoteak Europara egin duen biraren barruan gauzatu da, Madril eta Bartzelonara aurkeztu aurretik.
2009/05/13
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus