euskal diaspora eta kultura

2009/10/21
Urriaren hamarrean, asteburu luzearen hasierarekin batera, inauguratu zen San Pedron herriko XIV. Gizataldeen Jaia. Antolatzaileen arabera, aurtengo edizioa aurreko urteetakoak bainoa askoz jendetsuagoa izan da, eta oso pozik daude komunitate osoa bertaratu zelako jaialdira. Paseo Publico-n ipinitako standetan hainbat herrialderi buruzko informazioa eskuratu ahal izan zen baita janari tipikoak dastatu ere. XIV. edizio honetan, Argentina bertako talde batzuek ere hartu zuten parte, eta beste jakingarri batzuen artean, erreginaren hautaketa aipa daiteke: Laila Epelde, Ongi Etorri Euskal Etxearen ordezkaria, bigarren printzesa izendatu zuten. Musika arloan ere, euskaldunak gailendu ziren: Maral-eko musikari euskal-argentinarrak izan ziren tauletatik jendea dantzan eta kantuz ipini zituen taldea.
2009/10/21
FEVAtik, 'Pilota Berria' programako arduradun den Agustin Asensio Ariñok gogora ekarri du datorren asteburuan, urriaren 23, 24 eta 25ean, Emakumezkoen Nazioarteko Pilota Goma Txapelketa jokatuko dela, Venezuela, Euskadi, Argentina, Australia, AEB eta Uruguaiko pilotariak partaide. Horren ondotik, astebete beranduago eta Bahia Blancan, 2009ko Argentinako Euskal Aste Nazionaleko [urriaren 26tik azaroaren lehenera Buenos Aires probintzia hegomendebaldeko kosta herri horretan] programaren barne, Emakumeentako Pilota Txapelketa berria egingo da, kasu honetan trinketean, urriaren 28tik 31era. Euskal Etxeetako kide eta lagun guztiak, eta oro har zaletu guztiak daude gonbidatuta, sarrera libre eta kitorik.
2009/10/20
Plazan da dagoeneko 'Berriketari' euskal-txiletar buletinaren 13. zenbakia, Ignacio Bastarrica eta Maria Angelica Carrasco senar-emazteak arduradun. Azken ale honek --urrian atera izanagatik abuztuko data daramana-- besteak beste biltzen du Punta Arenas-ko Estadio Español-eko Abesbatzak Santiagoko Euzko Etxera eginiko bisitaren berri, bertako Euskal Abesbatza eta 'Itxaropen Gaztea' dantza taldea anfitrioi; aipatzen du abuztu-iraileko Euskal Zine Zikloa, Santiagon, Valparaison eta Concepcion-en gauzatua; eta Vitrofusion izeneko erakusketa, Ana Mary Olazaran euskal-txiletar artista beiralariak prestatua, hori guztia argazki koloredun ugariz hornitua.
2009/10/20
Eusko Ikasgaietako Graduondokoa egiteko Eusko Ikaskuntzak Diasporako ikasleentzat bideratutako azkeneko bekak geratzen dira. Euskal kulturaren hainbat alderditan --historia, artea, geografia, etnografia...-- sakondu nahi dutenek aukera paregabea dute Asmoz fundazioak aurten hamargarren urtez eskaintzen duen online ikastaro honekin. Euskal kultura alorrean ezagupen orokor bat jaso eta horren graduondoko titulua Euskal Herriko Unibertsitateak eta Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak emanik lortu nahi dutenek azkeneko aukera daukate aurtengoz. Epea ia ixtear, ikastaroaren prezioa %100ean ordaintzen duten beka batzuk geratzen dira Diasporatik ikastaroa egin nahi dutenentzat.
2009/10/20
Juan Kruz Igerabide eta Harkaitz Cano poeta euskaldunak gaur arratsaldez mintzatuko dira Munike-n (Euskaltzaindiak dixit, alemanez München), euskal poesiaz, hiriko Cervantes Institutuak hilabete osoan Euskal Literaturaz daramatzan jardunaldien baitan. Eurekin batera arituko da Horst Weich filologo eta hispanista. Bihar, hirurek bat egingo dute ziklo bereko literatur irakurraldi batean. Euskal Literatura Jardunaldiok joan den asteko asteartean hasi ziren bavariar hirian Ramiro Pinillari buruzko ekitaldi batez, egilea bera partaide, eta datozen egunotan gonbidatu ekarriko dituzte, besteak beste, Jon Kortazar eta Ludger Mees.
2009/10/19
Estreinatu berria Argentinako Euskadiko Ordezkaritzako buru legez, Elvira Kortajarenak baiezkoa eman zion Federico Borras Alcainek Paraná-tik astero gidatzen duen 'Presencia Vasca' irratsaioak solasteko eginiko gonbiteari. Besteak beste, datorren astean Bahia Blancako Euskal Astean izango dela baieztatu, eta Lopez Lehendakaria ere --kasu honetan bideokonferentziaz-- bertaratuko dela esan zuen. Teknologia berriak ahalbidetuko duten presentzia horretaz gain, fisikoki, Kortajarenaz gain, Kanpoko Euskal Komunitateekiko Harremanetarako Zuzendaritzako ordezkaritza bat ere iragarri zuen Euskal Astean, Julian Celaya zuzendaria, eta Andoni Martin teknikaria partaide.
2009/10/19
Haur ikasle, ikasleen guraso, irakasle eta, oro har, euskararen lagun talde oso bat izan da Argentinako Mar del Platan 'Harri koskorra' izeneko ikastolen aldeko festa berriko partaide eta bultzatzaile joan den irailaren 26an. Urtean zehar Denak Bat Euskal Etxean euskara eta euskal kulturaz bustitako dantza, asti eta festa programa irudimentsuko parte direnek egun berezi batez gozatu ahal izan zuten antzerkia, joku eta jolasak, power point-ak, euskal kantuak, musika, bestelako sorpresak eta askaria ere osagai izan zituen arratsaldepasa batean, guztia auzolan gisa eratu eta gauzatua, Euskal Etxeko 'Artaburu' talde euskaltzalea antolatzaile.
2009/10/19
Gaur bertan egingo den emanaldia tarteko aurrera diraute Cancun hiri mexikarreko bi kultura etxetan urriaren amaieraraino eskaintzen ari diren Euskal Zinema Zikloek, astelehenetan Cancungo Kultura Etxean; eta ostiraletan, Tzolk'in Kultura eta Ekologia Etxearen egoitzan. Gaur astelehena, urriak 19, Kultura Etxeak Julio Medem zuzendari donostiarraren 'Behiak' filma emango du; datorren ostiralean, berriz, eta Tzolk'in Kultura Etxean, Nestor Basterretxea eta Fernando Larruquert-en 'Ama Lur' eskainiko da. Segidan, bi egoitza horietan eta hilabetea bukatu arte emango diren izenburu eta datak.
2009/10/19
Euskal Gizataldeko ordezkaria, Nerea Gonzalez Ovcharenko, printzesa hautatu dute joan den asteburuan Argentinako Entre Rios probintziako Concordia herrian egin den Immigrantearen Erregin Probintzialaren Lehiaketan. Erreginaren makila Gizatalde Frantseseko Daiana Ayelén Arletaz Ferreyra ordezkariak bereganatu du, eta berarekin batera hautatu dituzte Nerea Gonzalez, lehenengo printzesa, eta bigarren printzesa, berriz, Siriar-Libanoar Gizataldeko ordezkaria, Guadalupe Solange Pietrantueno Krunfli. Nerea Gonzalezek 17 urte dauzka, bosgarren maila ari da ikasten Concordiako Aingeruetako Amaren Eskolan eta Psikologia nahi du ikasi.
2009/10/16
Datorren asteartean hasiko da Gipuzkoako Arrasaten 'Euskal Herria Mugaz Gaindi' (EHMG) Nazioarteko Mintegiaren VI. edizioa. Urriaren 20, 21 eta 22an Arrasateko Kultura Etxea munduan euskal diaspora aztergai hartzen duten ikerlari eta ikaslarien biltoki bilakatuko da, gehienbat Euskal Herriko unibertsitate eta ikasketa guneetatik etorriak, baina baita Ameriketako zenbait herrialdeetatik ere, hala nola Argentina, Uruguai eta Txiletik. Euskal Herriko Unibertsitatea antolatzaile, bertatik adierazi da, bertan egon ezin dutenentzat, mintegi birtual bat ere egongo dela, eta EuskoSare.org-etik segitu ahal izango dela sarean.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus