euskal diaspora eta kultura

2010/05/26
Atzo eman zuen argitara Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA) Atzerriko Euskal Gizataldeetako kide izanik egoera larrian eta asistentzia faltan dauden pertsonei laguntzeko 2010eko deialdia. Zenbatekoari dagokionez, 207.854 euro bideratuko ditu Jaurlaritzak zeregin honetara, iaz bideratu zuen kopuru berdina. Laguntzak pertsona behartsua bizi den herri edo eremu geografikoari dagokion euskal etxea bitarteko bideratzen dira, eskabideak aurkezteko epea [euskal etxeak egin behar duen bitartekaritza lanarentzat, eskatzaile den pertsonak epe horren aurretik gauzatu behar baitu guztia] 2010eko ekainaren 28a izango delarik. Jakingarriak, xehetasunak eta informazio gehiago datozen lerroetan.
2010/05/25
Lehenik urte askotan Argentinan; iaz Uruguain, eta aurten Txilen. Emeki zabaltzen ari da euskararen irakaskuntza Hego Ameriketan, gehienbat 'Euskara Munduan' programa medio. Izan ere, programa ikasle/irakasleak Argentina, Peru, Kolonbia, Brasil, Uruguai, Txile eta herrialde gehiagotakoak lortzen doazen neurrian hedapena alde guztietatik datorkio. Datorren uztailaren 17tik 24era bitartean Viña del Mar-en egingo duen Neguko Barnetegiarekin, lehenengo aldiz ari da gisa honetako ikastaro bat egiten Txilen. Bertan aurreratuak daude dagoeneko gauzak partaideak errezibitzeko. Lehenago, FEVAko lehendakari Ricardo Basterrak bisita luzatu du Viñara, Viñako Eusko Etxeko lehendakari Archibaldo Uriarterekin biltzeko. Azkeneko barnetegia, Udakoa, joan den urtarrilean, Uruguaiko Montevideon egin zen, FIVUren eskutik.
2010/05/25
HABE, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntze Erakundeak Euskal Herritik at garatzen diren hainbat proiektu kudeatu eta babesten ditu, horien artean aurten hogei urte betetzen ari den 'Argentinan Euskaraz' programa arrakastatsua. Esan dezagun, ordea, nahiz eta oro har helduei zuzenduta egon, umeentzako ekimenak ere sostengatzen dituela HABEk. Handiena, ikasleen kopuruagatik, Buenos Airesko Euskal Echea Institutua bere bi egoitzetan gauzatzen ari dena da. HABEren babesari esker, Institutu honetako lehen mailako mila bat ikaslek jasotzen dituzte astero euskara eta euskal kultura klaseak. Maiatzaren 6an HABEko teknikari eta 'Euskara Munduan' proiektuko arduraduna den Jose Francisco Zinkunegik bi eskolok bisitatu zituen, bertako agintariekin elkartuz eta klase bat emanez. "Benetan, esperientzia zoragarria izan zen", aitortu dio Zinkunegik EuskalKultura.com-i.
2010/05/24
Urte guziz Fresnokoa, Kalifornian, izan ohi da Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) urteko edo 'udako sasoineko' lehenengo piknika, maiatzean beti. Aurten ere hala izan da, Maiatzaren lehenean, Fresno ondoan den Caruthers herriko Campos familia nafartar-baxenabartarraren arrantxuan: Euskal Etxeak antolatu 33. piknika izan da, 1978an antolatu baitzen lehena. Bertan zegoen eta bertan bizi den Pettan Ossinalde lasarraren lekukotasunak ekarri du honako artikulua, Herria astekariaren azkeneko zenbakian argitara eman dena.
2010/05/24
Hiriaren identifikagarria da Obeliskoa Buenos Aires hirian. Berau dagoen 9 de Julio etorbide amatua agertoki bihurtu zen atzo Argentinaren Bigarren Mendeurreneko kolektibitateen kabalkada edoi desfilea gauzatzeko. Arratsalde euritsuari aurre eginez, Argentinan bizikide diren berrogeita bi kolektibitatek euren nortasuna eta kultura aldarrikatu zuten Obeliskoaren aurretik pasatuz. Milaka lagun bertaratu ziren hiriburuko tokirik sinbolikoenera, azken berrehun urte hauetan immigranteen presentziak Argentinari egin dioten ekarria ospatzeko, euskaldunak tartean.
2010/05/24
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU-UPV) zenbait herrialde latinoamerikarrentzako herritarrentzako dirulaguntza deialdia zabaldu du, euskal goi eskolan ikasketak zabaldu nahi dituzten honako herrialdeetakoentzat hain zuzen: Brasil, Txile, Peru, Puerto Rico, Dominikar Errepublika, Argentina, Kolonbia eta Mexiko. Gai eta karrera aldetik, ugari dira diziplinak, tartean Fisika, Ingurumena, Biomedikuntza, Inaformazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak, Ekonomia, Filosofía, Literatura, Nazioarteko Ikasketak edo Ingeniaritza, besteak beste. Deialdiak bat baino gehiago dira, eta horren arabera eskabideak aurkezteko epea ekainaren 4ean edo 18an bukatuko da.
2010/05/21
Argentinako beste hainbat herritan bezala, Lapridan ere Euskal Etxea Bigarren Mendeurreneko Batzordeko kide da, bertako beste hainbat erakunderekin batera. Datorren igandean, astelehenean eta asteartean egitarau osatua prestatu dute Lapridan,25eko data berezi honen oroigarri. Igandean Pilota Paleta Azpibatzordeak eraturik, paella razioak salduko dira, sukaldaritza eta salmenta arduradun Eduardo Martín eta Alejandro Eyherabide . Astelehenean, maiatzaren 24ean euskaldunen historia argentinarrari buruzko erakusketa zabalduko da eta maiatzaren 25ean zenbait ekitaldi egingo dira, Tedeum batek hasiera emango dielarik ekitaldiei, adierazi du Lapridatik Maria Ester Arrondok.
2010/05/21
Ondo asko dugu Argentinan euskal abertzaletasuna berri. Euskal Herritik etortzen diren irakasle, idazle, musikari, dantzari eta hango lagunek oro har, ekintzen zein hitzen bidez irakasten eta erakusten digute euren aberriarekiko maitasuna. Baina sentimendu hori pantaila batean nola irudikatu aipatzen bada, ezer gutxi dakigu. Eta hori izan da La Plata eta Buenos Aires hirietan Juan Miguel Gutierrez zinemagile euskaldunak emandako ikastaro eta hitzaldien ardatza. 'Euskal Zinema, tradizioa eta modernitatea' izeneko mintzaldian, Gutierrezek ez zuen euskal zinemaz soilik hitz egin; Euskal Herriko nortasuna, baloreak eta errealitatea film batean nola garatu ere azaldu zuen adituak.
2010/05/20
Kaliforniako Bakersfield-en egoitza duen California State University (CSUB) delako unibertsitateak 'Basque Studies Symposium Bakersfield 2010' delako batzarra antolatu du datorren asteko ostiralean, maiatzaren 28an, egiteko, goi ikastetxe horretako euskal irakasle eta euskaltzale talde bat eragile. Aurreko urteetan finkatutako ildoari jarraiki antolatua, aurten egun bakarreko hitzordua izango da eta aukera emango du Bakersfield bertako Steve Bass eta George Ansolabeherek Kern County-ko euskal presentziari buruz egin duten ikerlana aurkez dezaten; eta eleberri historikoak idazten dituen Christine Echeverria Bender-ek orain artean idatzi dituen euskal testuinguruko hiru nobelak girotzearren egindako ikerketa eta dokumentazio lanetan murgildu eta euskal marinelen eta Ipar Ameriketako leinu indioen arteko harremanak aipa ditzan, egun Quebec eta Kanadako parte diren eremuetan gertatutako euskal istorioak azalduz.
2010/05/20
Artaxoako herria izango da datorren astean zehar eta Maiatzaren 29an, larunbatean, amaituz Nafarroako Gobernuak, Espainiako Nafarroako Etxeen Federazioarekin eta Artaxona bertako Udalarekin, antolatu duen 'Kanpoan diren Nafarren Eguna'ren 2010eko ekitaldietako anfitrioia. Aurreko edizioei kasu emanez, hiruzpalau mila jende bilduko dira larunbatean Artaxonan aipatu hiru erakundeek deiturik, Foru Erkidegotik at bizi diren nafarren ohoretan gauzatuko den hitzordu honek bilduta. Egitarauaren aurkezpena atzo egin zen Iruñean, Alberto Catalan Gobernuaren eleduna, Nafarroako Etxeen Federazio Nazionaleko buru Rosa Mary Ibañez Zapatero, eta Artaxoako alkatea Pedro Maria Egea partaide.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus