euskal diaspora eta kultura

2010/07/09
'Eusketxe', Buenos Airesko Eusko Kultur Etxeak, aurten ere 200 bonu salduko dituela adierazi du. Bildutako diruarekin programatutako ekitaldiei eta etxearen mantenimenduari eutsi ahal izango dio argentinar hiriburuko euskal erakunde honek. Bono hauetako bakoitzarekin, Euskal Herrira egingo diren bi bidaien zozketan parte hartzen da, edo nahi izanez gero saria dirutan ere eskura daiteke. Horretaz gain, abuztuaren 30erako bono osoa ordainduta duten lagunen artean, Coloniarako (Uruguai) bi txartel zozkatuko dira. Laguntzeko modu bikaina, bi sari bikain eskuratzeko aukerarekin, izan ere.
2010/07/08
Gutxiago falta da Patxi Lopez lehendakariak Estatu Batuetara, bertako Nevada, Kalifornia eta Idahora uztaileko azkeneko astean egin behar duen bidaiarako eta ostera horri begira, Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak erabakiak hartu zituen joan den astean eginiko bileran, besteak beste Estatu Batuetako Nevada Estatuari 'Lagun onari' saria ematea eta 'Lan Onari' errekonozimendua, berriz, Patty Miller, Boiseko Euskal Museo eta Kultura Etxeko zuzendariari. Bi sariok Patxi Lopezek berak eskuz-esku emango dizkie Nevadako gobernadore James Gibbons-i eta Patty Miller-i uztailaren 23an AEBetara Renon hasi eta Boisen bukatuko duen bidaiaren baitan, Idahoko hiriburuko Jaialdi 2010 euskal-amerikar elkarretaratze handiarekin bat eginez.
2010/07/08
2010/07/07
Munduan zehar ezaguna da oso San Fermin Jaia. Euskal Herrian ospatzen diren festen artean ospe handiena lortu duena da hau. Agian Ernest Hemingway-ek idatzitako artikulu eta nobelagatik. Edo agian, hamar egun irauten duen jai honen alaitasunak mota askotako sentimenduak pizten dituelako urtero arima guztietan, euskaldunenean eta baita euskal jatorririk ez duten lagunen artean ere. Hori dela eta, Nafarroako bihotzetik 'Gora San Fermin!' oihu tradizionalaren oihartzuna entzungo da aste honetan herrialde askotan, asteburuan gehienbat. Ingalaterratik, Australia eta Argentinaraino, Diasporako herriak euren sanfermin ospakizunak joango dira gauzatzen: bazkari, dantzaldiak, topaketak eta kasu batzuetan 'entzierroak' gauzatuko dira gorriz eta zuriz jantziko diren nafar eta euskal etxeetan. Hona hemen festa batzuen programa.
2010/07/07
Sei urte pasa dira hasi zenetik, eta 2004an abian jarritako 'Hator Hona' programaren deialdiak ohiko arrakasta handia izan du aurten ere Euskal Herriko gazteen artean. Izan ere, Euskal Herriko zazpi gazte hautatu dira Necocheako Euzko Etxeak luzatutproposatutako ekimenean parte har dezaten. Gazteak uztailaren 18an helduko dira Argentinara eta neguko opor argentinarrak baliatuz (Europako udakoak), euskal kulturaren hainbat arlotako espresioak landuko dituzte Necocheako euskal etxeko kideekin, tartean, dantza, kirola, musika eta euskara.
2010/07/07
Joan den ekainaren 26an eginiko Urteko Biltzar Nagusian estatutuen araberako hauteskundea egiteari ekin zion Argentinako Buenos Aires probintziako Azul herriko Gure Txokoa Euskal Etxeak. Bertan erabakitakoari jarraiki, Zuzendaritza Batzorde berriak Silvia Iceta Echarri izango du berriz ere lehendakari eta harekin batera arituko dira, besteak beste, aipatu gobernu-batzorde horretan: Eduardo Recalde lehendakariorde; José María Iceta Daireaux, idazkari; Sonia Latasa, diruzain; eta Evelia Bianchi Etchegoyen, diruzainorde.
2010/07/07
"Sasoi batean 'Home of basques' zen Jordan Valley, euskaldunen etxe, euskaldun mordoxka zegoen-eta bertan. Haien aztarnak agerikoak dira kaleen izenetan, edo garai bateko eraikinetan. Eta hantxe da bisitaria euskaraz hartzen duen Eugenie Acordagoitia." Honela hasten du Berria egunkarian Miel Anjel Elustondok, Estatu Batuetan, Idaho eta Oregoneko mugan, basamortuek inguratuta dagoen Jordan Valley herrian bertako emakume batekin, Eugenie Acordagoitiarekin izan duen solasaldia. Hona lekukotasuna, Elustondok Berrian argitara eman bezala.
2010/07/06
Euskal Herriko antzinako ohiturari jarraiki, munduko hainbat euskal etxetan San Juan Gaua suarekin lotutako ekitaldiak egin dira azken egunotan. Udako solstizioa (neguko solstizioa hego hemisferioan) eta udari (neguari) ongi etorria egiten dion jai honetan eguzkiaren boterea eta suaren indar garbitzailea gurtzen dira. Hori dela eta, gau magiko hori ospatu duten euskal etxeetan sua piztu eta panpinak erre ziren, izpiritu gaiztoak aldendu eta denboraldi oparo bati ekiteko asmoarekin. Necochea, Chivilcoy eta Buenos Airesko hiru adibide argentinar ekarri ditugu lerrootara.
2010/07/06
Madrilgo Euskal Etxeko ikasleek ikasturte bukaerako festa egin berri dute ekainaren 26an. Kurtso amaierako hitzordua, ekitaldi hunkigarri bilakatu zen, ordea, euskal etxe madrildarreko orain arteko euskara eskolen koordinatzaile eta irakasle izan den Ane Bastidari agur esateko festa bihurtu baitzen, eskolemaile lan hauetatik atseden labur bat hartzea erabaki baitu. Ikasleek euren estimua adierazi eta euskal etxeko gainerako lagunekin batera errekonozimendu txiki bat eskaini zioten, opari bat emanez eta berehala itzul dadin galdeginez.
2010/07/05
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus