euskal diaspora eta kultura

2010/07/30
Oñatirekin senidetuta dagoen Argentinako José C. Paz herriaren baitan hainbat familien artean topatzen den pobrezia egoerari aurre egiteko, Hermansoloña Gobernuz Kanpoko Erakundea (GKE) sortu zen iaz herri gipuzkoar honetan. Orain, hirugarren herri senidetu baten laguntza jaso du ekimenak, Chateaubernard herri frantsesa, Argentinara merkantzia elkarrekin bidali ahal izateko.
2010/07/30
Santiagoko Euzko Etxeak datorren igandean hiriburu txiletarrean ospatuko den ekitaldirako gonbidapena luzatu dio bertako euskal komunitateari. San Inazio Loiolakoaren jaieguna ospatuko dute, Diasporako leku batzuetan, tartean Txilen, 'Iñaki Deuna' bezala ezagutzen den festa. Katedral Metropolitarrean eskainiko den mezarekin ekingo zaio egunari, Santiagoko Euzko Etxeko Euskal Abesbatza partaide. Folklore erakustaldi bat ere antolatu da Arma Plazan, ostean Vicuña MacKennako egoitzan bazkari batek eta bestjai giroko beste zenbait ekitalditan parte hartzeko aukerarekin.
2010/07/29
Argentina eta Euskal Herriaren arteko harremana estua da oso. Lotura sendo horren arrastoak hainbat lekutan ikus daitezke, hor eta hemen, zelai eta hirietan, ohituretan eta jendeengan. Arbasoak, aitona-amonak eta gurasoak atxikimendu horri eusteaz arduratu ziren urtetan. Gaur, gazteek ere herrien arteko erlazioa mantentzeko aukera dute eta ondo asko egiten dute. 2004tik aurrera Necocheako Euzko Etxeak bultzatzen duen 'Hator Hona' programa, paregabeko baliabide bihurtu da asmo hori betetzeko. 'Hator Hona'ren bidez, zazpi euskaldun etorri dira egunotan Argentinara, sei Hegoaldekoak eta bat Iparraldekoa. Izan ere, euskal etxeko kideak poz-pozik daude, Iparraldeko partaide bat etortzen den lehenengo aldia baita. Zazpi gazteak hiru aste izango dira Necochean, bertako familiekin bizitzen eta euskal etxean dantza, musika, kirola eta euskarari buruzko tailerrak ematen.
2010/07/28
Boiseko Jaialdiri buruzko aurreko artikuluetan esan legez, jende asko da bertaratuko dela iragarri duena, eta horien artean makina bat dira bertara erakundeen izenean Euskal Herritik hurreratuko dena. Horien arteko bat izango da Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusiorde eta Kanpo Harremanetarako diputatu den Iñaki Galdos. Honako elkarrizketa atzo eman zuen argitara Noticias de Gipuzkoa egunkariak.
2010/07/28
2010/07/28
Uztailarekin batera urteko lehenengo seihilekoaren bukaera heldu da. Balantzea egiteko eta atseden txiki bat hartzeko momentua, agian. Izan ere, Argentina osoan, probintzia ezberdinetan ordutegi ezberdinak gorabehera, neguko oporren garaia izaten dira hilabeteok. Eta San Fermin Jaiak, bi helburu horiek betetzeko aukera eman dio Argentinako hainbat euskalduni. San Ferminen omenezko festen harira, euskal erakunde batzuek, gonbidatu bereziak jaso dituzte beren baitan. Trenque Lauquen-era, Ricardo Basterra FEVAko lehendakaria bildu da; La Platako ospakizunean, berriz, Elvira Kortajarena Jaurlaritzaren Argentinako Ordezkariak hartu zuen parte; eta euskal etxe askotako kideak Ayacuchora bidaiatu ziren bertako ekitaldian dantzatzera.
2010/07/28
Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa sarean dago dagoeneko, nahi duenak dohain kontsultatzeko moduan. Obra, 2009ko urrian eman zen argitara liburu eta CD-ROM formatuetan. Zientzia eta Teknologia alorrak haintzat hartzen dituen euskarazko hiztegi entziklopediko hau, euskaraz egin den lehena gai hauetan, termino bakoitza beste zenbait hizkuntzetan ere badakar, hala nola ingelesez, gazteleraz eta frantsesez, beste andana bat euskarazko artikulu eta informazio osagarriarekin batera.
2010/07/28
Hala esan zuten duela egun batzuk: Egunkariko zuzendari ohia eta egun Berriako zuzendaria den Martxelo Otamendi kazetariak ezingo zuen Idahoko Jaialdin egon, AEBetan sartzeko baimena bertako gobernuak ukatuta. Geroztik, Idahoko euskal komunitateko kide eta buruzagi ezagun diren Dave Bieter, Boiseko alkatea, eta Pete Cenarrusa, estatu-idazkari ohia, Otamendiren alde mintzatu zaizkio gutun batean AEBetako Espainiako enbaxadariari. Boiseko hiriari eta bertako euskaldunei lotutako ibilbidea daukan Otamendi duela gutxi errugabetu zuen Espainiako justiziak bere kazetari lanari loturik leporatzen zitzaizkion ETAko kide izateko karguetatik, Euskal Herri barne zein kanpoko hainbat kazetari-elkarteek eta giza eskubideen eta bestelako taldeek erabat zentzugabe eta oinarribakotzat jo zuten 'Egunkaria auzia' izena hartu zuen prozesuaren baitan.
2010/07/28
Ipar Hemisferioko uda honetan, Noka talde kaliforniarrarekin batera Euskal Herrian zehar zenbait kantaldi eskaini zituen Jean Bordaxar-en laukote zuberotarra Kaliforniara hurreratuko da abuztu amaieran, grabatu duen bere azken diskoa San Frantzisko eta Chinoko Euskal Etxeetan aurkezteko.
2010/07/27
Atzo eratu zen Donostian egoitza izango duen 'Basque Culinary Center'eko Aholkulari Batzordea. Zentro honetako aholkulari taldea nazioartean izen handiena duten zortzi sukaldariek osatuko dute. Hurrengo urtetik aurrera, gune honetan Gastronomia Zientzien Fakultatea eta Ikerketa eta Berrikuntza Zentroa izango dira.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus