euskal diaspora eta kultura

2010/08/10
Boiseko Jaialdi 2010ekin batera egin da aurten NABOren Convention edo urteko Biltzar Nagusia, hiriburu idahotarreko Grove hoteleko bilera aretoetan, ostiralez, uztailaren 30ean. Gonbidatu gisa, bilerako lehenengo parte batean, Lopez lehendakaria eta berarekin zetozen Guillermo Echenique, Blanca Urgell, Julian Celaya eta Aizpea Goenaga bertaratu ziren, eta baita, Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean, Josune Ariztondo eta Iosu Madariaga diputatuak ere. Bildutakoek onartutako gaien artean, New Mexikoko Euskal Etxeari ongi etorria ematea federazioko bazkide berri gisa. NABOko delegatuek, bestalde, Valerie Arrechea baitetsi zuten NABOKO lehendakari gisa urtebeteko beste agintaldi batez.
2010/08/10
2005etik hona graduatu bazara Euskal Herriko Unibertsitatean, beka hau aurretik jaso ez baduzu, gutxienez atzerriko hizkuntza bat mintzatzen baduzu eta kanpora ateratzeko jakinmina eta ikasmina badituzu, hautagai izan zaitezke EHUk bosgarren edizioan deitu dituen Elkano beka hauetara aurkeztuz. Oinarrizko informazioa artikulu honetan ematen ditugun jakingarrietan dago, eta gainerakoa bertan topa ditzakezun linketan. Aukera bat izan daiteke. Praktiken gehienezko denbora 12 hilabetekoa da eta diru-kopurua 6.000 eta 15.000 euro artekoa, aukeratutako herrialdearen bizi-mailaren araberakoa. Eskabideak aurkezteko epea irailaren 1ean bukatuko da.
2010/08/10
Lehendakari berria hautatu du Kotoiaren Lurra Euskal Etxeak, Argentinako Chaco probintzian. Bere Urteko Oiko Biltzarra eginik, araudiari jarraituz buruzagitza berritzeko hautes prozesua egin eta Fabio Javier Echarri hautatu du datozen bi urtetan euskal etxea gobernatuko duen taldeko buru. Gisa honetan, 'El Vasco Echarri' euskal elkarteko Zuzendaritza Batzordera itzultzen da, eta ordea hartzen dio azken urteotan postu horretan egon den Jose Christian Echavarriari. Bestela, aldaketa handirik ez. Echarrirekin batera arituko dira batzordekide: Marta Susana Ciruelo Etxepare, lehendakariorde; Oscar Nelson Bulacio, idazkari; eta Juan Carlos Larramendy, diruzain.
2010/08/10
Elvira Kortajarena, Eusko Jaurlaritzak Buenos Airesen egoitza duen baina lan-esparrua Argentina, Uruguai, Paraguai eta Brasil daukan Ordezkaritzako buru denak segitzen du eremu horietako euskal etxeak eta udalak bisitatzen. Joan den astean, Paraná, Entre Rios probintzia argentinarreko hiriburua egokitu zaio, besteak beste, bidean Concepcion del Uruguay-en eta bertako Euskal Etxean ere ibili baita esaterako. paranárako bisitaren karietara, bertako Uno egunkariak elkarrizketatu du. Gai-sorta zabala erabili du, gerra zibileko bere familiaren erbesteratzetik, egungo krisi ekonomikora, PSE-PP gobernu-itunetik, euskal gatazka bat badagoenik ukatzera, hori guztia egun Ordezkaritzatik helburu duen Euskadiren sustapen ekonomiko eta turistikotik pasatuz.
2010/08/10
2010/08/10
New York Times egunkari iparramerikar prestigiotsuak artikulua argitaratu zuen uztailaren 29an Hondarribia eta bertako sukaldaritza arloko panorama ardatz hartuz, gipuzkoar kostaldeko herri tipi honek bizi duen 'eztanda gastronomikoa' aipatuz eta hainbat laudorio jaurtiz eta aholkuak emanez bertara hurreratu eta bazkari oso bat egiteko zein pintxoak jateko plazera hartuz bertako chef gazteen lana dastatu nahi dutenei. Kalitatea, tradizioarekiko lotura eta bertako produktu hautu eta freskoak erabiltzea dira egunkariak aipatzen dituen giltzarrietako batzuk, herriko zenbait jantokitan ari diren sukaldari gazteek baliatzen dituztenak, Hondarribiaren gomendio irmoa egiteko egunkariaren orrialdeetan.
2010/08/09
Iazko urteurrenaren jaian, Buenos Aires probintziako Toki Eder Euskal Etxeko kideek Oñati eta Jose C. Paz herrien arteko senidetzearen plaza eraikiko zela iragarri zuten. Urtebete pasa ondoren, berdegunea prest egoteko lanak amaitzear daude eta inaugurazioa urriaren 20ean gauzatuko da. Senidetzearen taldeko koordinatzaile eta 'Hermansoloña' Gobernuz Kanpoko Erakundeko arduradunetako bat den Jose Antonio Urteaga oñatiarra, bere emazte Socorro Peña, eta Jose C. Pazen sortzailearen ahaidea den Maria Isabel Elorza argentinaratuko dira data horretan, ekitaldian parte hartzeko. Bitartean, euskal etxeko lagunek ohiko ekintzekin jarraitzen dute eta joan den uztailaren 25ean erakundeko 14. urtemuga ospatu zuten. Euskal janaria, kantak eta dantzak gailendu ziren eguerditik iluntzeraino herriko Altube Klubean.
2010/08/09
Uztailaren 29a, osteguna, bertako prentsaren laguntzaz hasi zen Boisen, aste osoan zehar eta aurreko hilabeetan ere bidea prestatzen aritu baita Jaialdiri buruz hizketan, programaten xehetasunak aletzen. Egunkari behinenak, Idaho Statesman-ek aurreko igandean gehigarri berezi bat kaleratu zuen, eta bestelako prentsak ere tarte eta berri berezituak eskaini dizkio, baita irrati eta telebistei dagokienean ere. Izan ere, bertako festa gisa eta bertako kultura eta molde gisa bizi baitituzte hemen euskaldunak eta euskal kultura. Argitalpenetan, Jaialdik berak izen bereko aldizkaria ere atera du, 96 orrialde luxu eta kolore guztiekin astearen jakingarri guztien berri emateko bisitariei.
2010/08/09
2010/08/09
Miguel Sanz Nafarroako presidenteak Nazioarteko 'Nafarroa' Ikastaroaren XIII. edizioa itxi zuen uztailaren 30ean Iruñean. Uztailaren 18tik 30era Argentina eta Txileko nafar etxeetako 20 ikaslek hartu dute parte ikastaroan, hala nola Bolivar (2), Buenos Aires (4), Mar del Plata (1), Mendoza (6) eta Rosariokoak (5), Argentinan; eta Santiagoko nafar etxekoak (2), Txilen. Itxiera ekitaldian, gazte partaideek eskerrak eman dizkiote Gobernuari bertan egoteko eta egunotan parte hartu duten hitzaldi, mahai-inguru, bisita, txango eta bestelako ekimenetan parte hartzeko aukera emateagatik Nafarroako egungo errealitatea ezagutzearren.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus