euskal diaspora eta kultura

2010/11/09
Euskal Herriaren Lagunak eta 'Diaspora Vasca Javier Mina' elkarteek gaur hasi eta ostirala bitartean luzatuko diren “Javier Mina eta Euskal Herria" jardunaldiak antolatu dituzte. Jardunaldion 4. edizioa da hau eta Mexiko DFko Kazetarien Elkartean egingo dira. Mahainguruetan autodeterminazio eskubidea, Javier Minaren figura historikoa eta Mexikoko independentzia guda bezalako gaiak jorratuko dituzte. Era berean, euskal zinema ziklo bat ere izango da ikusgai astean zehar hiriburuko Centro de Capacitacion Cinemátografica aretoan.
2010/11/09
Aurten ere Paranako Urrundik Euskal Elkarteak bat egin zuen hiri argentinar honetako Kolektibitateen Azokarekin, hainbat ekitaldietan gogo biziz parte hartuz. Aipagarriak dira elkarteko dantza taldeek --txiki, ertain eta nagusiek-- eskaini zituzten erakustaldiak, azokaren agertoki nagusian. Horrez gain euskal elkarteak standa izan zuen azokaren gunean eta bertatik euskal kulturari buruzko informazioa zabaldu zuen.
2010/11/08
Atzo arratsaldean eta amaierako bazkaria bukatu ondoren, Mar del Plata hirian bildu ziren 40 bat herri argentinarretako euskaldunek “agur eta hurrengo urtera arte” esan zioten elkarri. Eta nahiz eta agurrak beti tristeak izan, aurpegi guztietan iribarreak azaleratu ziren hiru egunetako jaian primeran pasatu izanaren seinale. Urtero bezala, EuskalKultura.com presente egon da euskaldun argentinarren festa handienean; hona 2010eko Euskal Argentinar Aste Nazionaleko aurkezpen labur bat. Aste honetan zehar segituko dugu materialaren gainerakoa argitaratzen.
2010/11/08
"Batzuk Getariako jostun bat izan zela baino ez dakite Euskal Herrian", dio Balenciagaren biografia idatzi berri duen Miren Arzalluz moda historialari eta adituak. Londresen moda ikasketak egiten ari zela Arzalluzek bazekien ikaskideek miresten zuten maixu hura euskalduna zela, eta maitasun berezia hartu zion. Balenciagaren lanari buruzko aditu nagusienetakoa egun, 1937ean Pariseko modan iraultza lasaia sortu zuen maixuaren Getariako urteak ekarri ditu argitara 'Cristobal Balenciaga' liburuan.
2010/11/08
2010/11/05
Amatxi, Altxalilia, Xirimiri, Askatasuna, Ura, Txantxurtxue, Aloso, Laztana... Zein izango ote da? Eusko Ikaskuntzak sarean euskararen hitzik ederrena aukeratzeko kanpaina jarri du abian, 2010eko Euskararen Nazioarteko Egunaren (ENE) ospakizuna dela eta. Bidal ezazu zure hitzik kuttunena, azalduz zergatik, ENEren webgunera azaroaren 29a baino lehen eta Kukuxumusuk Euskararen Egunerako diseinatutako elastiko bat lortu ahal izango duzu.
2010/11/05
Kolonbiako Euskadiko Ordezkaritzak babesa eman die herrialde honetan egiten ari diren hainbat kooperazio ekimenei, horretarako Euskal Herriko eta Kolonbiako agenteekin bilduz. Alde batetik, joan den asteartean, azaroaren 2an, Iñaki Martinez Ordezkaria Kolonbiako gobernuko Gizarte Ekintza saileko arduradunekin bildu zen eta herenegun Bidasoa Activa elkarteko kideei harrera egin zien ordezkaritzaren egoitzan.
2010/11/05
Ez dira abesbatza bat, 'bi euskaldun diren lekuan, koral bat duzu' esaldia egia dela bermatzen duen euskal talde bat baizik. Ia urtero bezala, 'Euskal Argentina' Iparraldeko elkarteko lagunak argentinaratu egin dira aurten ere Euskal Astean parte hartzeko asmoarekin. Baina aurreko edizioetan ez bezala, Bigarren Mendeurreneko Euskal Aste honetan, eta Pello Mari Otaño bertsolariaren heriotzaren mendeurrena dela-eta, partaidetza berezia izango dute Diaspora argentinarraren jairik handienetan. Izan ere, gaur bertan Mar del Platan, gaueko 11etan, eta Denak Bat Euskal Etxean, kantu herrikoien ikuskizuna eskainiko dute. Hara abiatu aurretik, ahotsak berotu zituzten asteazkenean Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxean.
2010/11/04
Berlingo Euskal Etxearen lehen ekitaldi ofiziala, bere aurkezpena alegia, alemaniar hiriburuko euskaldunentzat topagune bikaina bihurtu zen joan den larunbatean. Berlineko eta inguruetako lagun asko bildu ziren ekitaldira, Regenbogebfabrik-eko aretoa bete arte. Askok zutik edo lurrean eserita ikusi zituzten ekitaldiko filmeak, eta Mikel Aristegi dantzariak immigrazioaz eta atzerriratzeaz egin duen 'Euskal Herria' koreografia aurkeztu zuen.
2010/11/04
Renon, Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroak (CBS) epea zabaldu du hautagaiak aurkez daitezen 2005etik hona urtero deitzen duen 'William A. Douglass Distinguished Scholar Award' delakorako. Oraingo deialdian 2011-12 ikasturteari dagokion beka/sari hau Euskal Ikasketen alorretako batean aditu edo espezialista den ikerlari edo akademiko bati zuzentzen zaio. Urtero aldatu ohi da aukeratutako alorra eta aurtengoan kirola ikergai duen pertsona baten bila dabil CBS. Ibilbide eta curriculum sendoa eta akademikoki innobatzailea beharko du izan. Hautagaiak aurkezteko epea 2010eko abenduaren 17an bukatuko da.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus