euskal diaspora eta kultura

2011/01/18
Joan den urtarrilaren 12an hil da Habanan Carlos Astigarrabia. Diasporan hazia, 1962az geroztik bizi zen Kuban Astigarrabia. Bere historia euskal diasporako beste askoren antzekoa izan daiteke, baina gertutik begiratuz gero lagundu egingo digu ulertzen Marc Legassek zioen "esistitzen ez den herrialde baten parte izatea" zer den. Juan Astigarribia Jose Antonio Agirreren Eusko Jaurlaritzako kide komunistaren semea zen Carlos, eta jaiotzeko unetik bertatik jakin zuen politikak eta erbesteak markatuko zuela bere bizitza: bere erditzean Guardia Zibila egon zen, gurasoen etxea okupatua zuelako ihesi zebilen aitaren bila.
2011/01/17
Txileko Santiagon argitaratzen den Berriketari buletin digitalak Santiagoko Euzko Etxearen azken ekimenen berri dakar azken zenbakian, abendukoan. Urtearen hondarrean oso aktibo aritu zen, adibidez, elkarteko Euskal Abesbatza, besteak beste, Santiagoko Katedralean egin ohi den Gabonetako kontzertuan parte hartuz. Horrez gain, Itxaropen Gaztea dantza taldeak erakustaldia eskaini zuen Auco-ko santutegian eta Euskararen Eguneko ospakizunak euskal etxean gazte jende ugari bildu omen zuten, "Euskara ahoan, zer buruan?" lelopean.
2011/01/17
Urte Zahar gaueko argiak eta hotsak itzali eta gutxira, San Sebastian eguna ospatzen dugunok zirrara berezia sentitzen hasi gara: danborrari eragin eta Sarriegiren doinuak jotzeko gogoa. Donostian, Azpeitian, Argentinako Necochean, Mexiko Hirian, Madrilen, Parisen, Shanghain (lehen aldiz aterako dute danborrada) eta beste makina bat lekutan bada emozio hori danborrada entseguetan sentitu duenik. Diasporako beste hainbat euskal etxetan, nahiz eta danborradarik atera ez, San Sebastian bezperan afaria egin eta danborra modu inprobisatuan joaz ospatuko dute jaia: Bartzelonan, New Yorken... Gu San Sebastian eguneko biharamunean bueltatuko gara (biharamunik gabe, espero) eta pixkanaka horien guztien berri emango dizuegu.
2011/01/15
2011/01/14
Urtarrilaren 13ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian dator berria. Etxepare Euskal Institutuak euskara eta euskal kultura munduan zabaltzeaz arduratzen den erakunde honetako lantaldeko zortzi lanpostu betetzeko deialdia egin du. Hautaketa-prozesua oposizio-lehiaketa bidez egingo da eta bertan izena emateko epea otsailaren 1ean itxiko da. Lanpostuak honakoak dira: Idazkari teknikoa; Komunikazio, prentsa eta interneteko presentziaren arduraduna; Euskara eta kultura sustatzeko eta hedatzeko teknikaria (lau plaza); Zuzendaritza-idazkaria eta Kudeaketa-administraria.
2011/01/12
Etxepare Euskal Institutuak Euskara eta Euskal Kulturako irakurlegoen kargu egingo diren bi irakasle aukeratzeko deialdia egin du; bata Txileko lau unibertsitatetan eta bestea Argentinako unibertsitate batean ariko da. Irakurle hauek 2011, 2012 eta 2013ko ikasturteetako klaseak emango dituzte. Postuen urteko soldata 18.000 eta 21.600 euro bitartekoa izango da. Eskabideak aurkezteko epea ostiral honetan bertan itxiko da.
2011/01/10
La Platan, Buenos Aires probintzia argentinarreko hiriburuan jaio ziren, eta gurasoek, arbaso euskaldundunak, erabaki zuten, Azulgo Euskal Etxeko kide den birramonak utzitako liburu batean begiratu ondoren, euskal izenak ipintzea bi anaia bizkiei: Iker eta Aitor. Hasieran auzokoek, sendikoek eta lagunek oro harriduraz hartu zituzten izenok, baina dagoeneko ohitu dira. Artikulua eman zen argitara Iker eta Aitorri buruz atzo Buenos Airesko Diario Popular kazetan.
2011/01/04
Iaz bezala, Olentzero pixka bat beranduago helduko da Bordeleko Euskal Etxera, urtarrilaren 9an zehazki. Elkarteak oporretatik bueltan bazkide ahalik eta gehien bil ditzake horrela egun honetako jai ederrera. Aurtengoan Adinekoen bazkariarekin batera egingo dute Olentzero eguna. Haurrek, Olentzero etorri bitartean, Xan Errotabehere ipuin kontalariaren ikuskizunarekin gozatu ahal izango dute eta krakada bat egingo dute euskal etxean.
2011/01/03
2011. Urte Berri On, irakurle. Azken urteotan ohi bezala, urte hasiera barne lanak egiteko baliatuko dugu eta, beraz, gaurtik eta San Sebastian eguna (urtarrilaren 20a) bitartean ez dugu buletina plazaratuko. Tarte honetan, webgunean ikusi ahal izango den lanari dagokionez, agenda eguneratuko dugu eta albiste jakinen bat tarteka. Buletinaren berrabiatzea San Sebastian egun biharamunean izango da, urtarrilaren 21ean, ostirala. Beste edozein gauzatarako ohiko bideetatik jar zaitezke gurekin harremanetan. Jarraian, azken egunotan erredakzioan jaso ditugun christma eta zorion desioen bilduma.
2010/12/31
Azkenean iritsi da zozketaren eguna, eta 'Zer gara gu, nor gara gu' jokoaren bi aleek norako bidea hartuko duten jakiteko tenorea. Gotzon Barrueta egile eta Elkar etxea argitaldari duen jokoa Argentina bidaiatuko da, hain zuzen ere Ayacucho herrira, Buenos Aires probintzia barnealdean; eta Viedmara, Rio Negro probintzian, Patagonian. Mila esker zozketan parte hartu duten ia ehun pertsonei eta baita zozketatu ditugun bi jokook eman dituzten Gotzon Barrueta eta Elkar argitaletxeari.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus