euskal diaspora eta kultura

2008/09/17
Nihon Basuku Yukoikai edo Euskal Japoniar Elkarteak Tokion du egoitza eta 2006ean sortu zen Euskal Herria eta Japoniaren arteko harremanak sustatzeko asmoarekin. Elkarteak 71 bazkide ditu jada eta informazio trukerako gune izan nahi du, Japoniari buruz jakin nahi duten euskaldunentzako eta baita Euskal Herria ezagutu nahi duten japoniarrentzako ere. Elkarteko sortzailea, Yuichi Shimanuki, 1976ean joan zen lehen aldiz Euskal Herrira, futbol jokalari bihurtzeko ametsarekin. Orain elkartearekin bueltatzeko asmoa du, 2009ko apirilean Bilbon antolatu nahi duten Japoniako Jaian.
2008/09/17
2008/09/16
Maddi Oihenart kantari zuberotarrak bira labur bat egingo du datorren hilean Iparrameriketatik. Urriaren 11n Vancouver-en, Kanadan; 12an Chino-n, Kalifornian; eta 19an San Frantzisko-n, Kalifornian, emango ditu kontzertuak Maddi Oihenartek bere musikari laguntzaileekin: Juantxo Zeberio (pianoa) eta Pello Ramirez (biolontxeloa). Ez da Oihenart Euskal Herritik kanpora irteten den lehen aldia, izan ere aurrez Belgikan eta Holandan izana baita Juan Mari Beltranekin. Duela bi aste Bartzelonan egin zuen emanaldian ere bertako Euskal Etxeko ikus-entzuleak liluratuta geratu ziren Zuberoako kantariaren ahotsarekin.
2008/09/16
Galdu ezineko hitzordua bihurtu da jada eta aurten ere Bartzelonako Euskal Etxeak egitarau mardula prestatu du La Mercé jaietan, hiriko sainduaren jaietan, parte hartzeko. Ekitaldiak ostiralean hasiko dira eta asteburuan zehar luzatu. Tailerrak, kale antzerkia, bideo emanaldiak, pintxo dastaketak eta kontzertuak, hamaika kontzertu, dira Euskal Etxearen proposamenak: Cherry Boppers, Los Fulanos, DJ Mota, Kerobia, Root Diamonds, Trikizio, Dr. Calypso, Dijous Paella eta Oreka TX-ek osatzen dute kartela.
2008/09/16
Aurtengoan ere Suitzako Euskal Etxeak euskal musika eta kultura eramango du Notes d'Equinoxe jaialdira. Bi urtetan behin egiten da jaialdi hau, Delemont hirian, eta herrialde desberdinetako musikari ugari biltzen dira bertara. Aurten hilaren 26tik 28ra izango da eta Euskal Etxeak Eneritz ta Edurtzeta trikitilariak eta Tolosako 'Aldaba Zahar' baserritar taldea gonbidatu ditu.
2008/09/15
Iñaki Abendibar eta Antonio Vicentek osaturiko Euskal Herriko bikoteak irabazi du Munduko Euskal Gizataldeen Mus Txapelketa. Bartzelonan jokatu da irailaren 6tik 14ra eta Euskal Diasporako 12 bikotek hartu dute parte. Bigarren tokian AEB-tako Manuel Villanueva eta Tony Vitoria izan dira eta hirugarren lekuan Iñaki Intxausti eta Andres Fernandezek osatzen zuten Katalunyako bikotea. Oso giro jatorra eta ona bizi izan da txapelketak iraun dituen egunetan eta muslariekin etorritako laguntzaile eta ordezkariak Katalunia eta bertako kultura ezagutzeko hainbat ekitalditan hartu dute parte. Hurrengo urteko hitzordua Balmasedan izango da, Bizkaian, bertako Udala eta Turismo Sailaren ekimenez.
2008/09/15
Argileak abesbatzak Montreal hirian bukatu zuen Quebec-en abuztuan zehar egindako bira. Taldeak Quebec hiriaren sorkuntzaren 4. mendeurreneko ekitaldietan parte hartu zuen eta horren ostean etxera bueltatu aurretik Montrealen bertako euskal komunitateari egin zion bisita. 'Euskaldunak' elkarteak uda bukaerako jaiarekin egin zien harrera eta giro bikainaz gozatu zuten batzuk zein besteek.
2008/09/15
'Jazz v Alyacke' edo 'Jazz-a Alaskan', izenburu horrekin argitaratu dute 'Beluna Jazz' elaberriaren errusierazko itzulpena. Liburu hau Harkaitz Cano lasartearraren lehen lanetako bat izan zen eta 1996ean argitaratu zen lehen aldiz, euskaraz, Susa argitaletxeak. Elaberriak Bob Ieregi izeneko tronpeta jole euskal amerikarraren istorioa kontatzen du. Parisen eta Amsterdameko jazz klubetan arrakastaz-arrakasta ibili ostean, Ieregui Alaska izeneko eroetxe batean ingresatzen dute. Han, zaindarien buruak Ieregi eta bere maitale Clarari traizio egiten dienean, hilketa baten planak abiak jarriko dira. San Petersburgoko Azbooka argitaletxeak plazaratu du liburua.
2008/09/12
'Chilozabal' Txilen dagoen latxa arrazako artalde bakarraren esnearekin egiten den gazta berezia da. Arantzazuko Artzain Eskolan ikasia den Rafael Maripan txiletarra da gazta honen ekoizlea. Arantzazuko esperientziak eta Idiazabal gaztaren arrakastak inspiratuta Txilen antzeko proiektua abian jartzea erabaki zuen eta erantzun bikaina izaten ari da. Egunotan Rafael Euskal Herrian da, Josune bere emazte arabarrarekin batera, artaldearen produkzioa gehitzeko moduak aztertu eta horrela eskari gero eta handiagoari erantzun ahal izateko. Chilozabal gazta Txileko jatetxe ezagunetan dasta daiteke, eta erosi, internet bidez ere eros leike.
2008/09/12
Lehendabiziko aldia izango da Puerto Madryn-en, Argentinako Patagonian, 'Aralarko San Migel' euskal jaia ospatzen dutela. Bihar bertan izango da, egitaraua hiru ekitaldik osatzen dutela, "Etorritakoengatik" lelopean. Lehenik, goizeko 10:30etan hiriko agintariei agurra egingo diete euskal komunitateko ordezkariek, suziri eta loreekin. 11etan, omenaldia egingo zaie hiriko lehen euskal herritarrei. Gauean euskal dantzak, musika, afari tipikoa eta kantuekin jai handi bat antolatu dute. Maria Julia Erkoreka antolatzaileak adierazi duenez, "jaia arrakastatsua izatea espero da, sarrerak segituan agortu baitziren".
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus