euskal diaspora eta kultura

2008/09/23
Loriatu ziren joan den igandean Elizondora bildutako amerikanoak, erran nahi baita heien bizian urte batzu Ameriketan artzain ibili jendeak, aurtengo deialdian baztandarrak partikularzki, baina oro har nafarrak eta baxenabartarrak, bizkaitarrik ez baikenuen guhaurek ikusi. Ikusten ahal zen baxenabartar frango eta nafar ez-baztandarrak (antolatzailetan ere Lesakakoak ziren Neli Yanci eta Laura Igantzi, eta Kalifornian sortua, aita ezterenzubitarra eta ama bankarra, Josephine Etcheverry, Erratzun bizi dena Meliton Irigoien erratzuarrarekin esposatua). Elizondo, euskal artzain amerikanoen egiazko besta bilakatu zen. Argazki eta bideo kronikaren bigarren partea.
2008/09/23
Euskal Herriko Unibertsitateak OpenCourseWare proiektuarekin bat egin du eta hezkuntza internet bidez zabaltzeko asmoz unibertsitatean ematen diren hainbat irakasgaien materialak jarriko ditu sarean. Urte amaierarako EHUk 23 irakasgairi dagozkien materialak izango ditu sarean eta horiei beste 22 gehituko zaizkie 2009ko lehen hiruhilekoan. Edonork eskuragarri izango ditu internetez irakasgai horien material didaktikoak, irakaslearen aldetik erabateko bermea atxikiz materialari, jabetza intelektualeko eskubideak babestuz. Bide honetan, 2009ko urte amaierarako 100 irakasgai sareratu nahi ditu EHUk.
2008/09/23
2008/09/22
“Gure arbasoen kultura zabaltzeko helburuarekin jaio gara”, kontatzen zion iaz Fabián Zorzabal Victoriako Haritz Euskal Etxeko lehendakariak erakundearen sorrera. Nahiz eta Victorian euskaldun asko egon izan diren, eskasa zen geure kultura eta historiari buruzko ezagutza, eta taldea buru belarri hasi zen egoera honi buelta eman nahirik. Euskal etxeak bere lekua lortu du orain hirian eta elkarlanean ari dira gainerako gizataldeekin. Horren adibide, Immigrantearen Eguna ospatzeko egindako ekitaldiak.
2008/09/22
Elai Alai dantza talde gernikarrak Kolonbiara bidaia egin du asteburu honetan, Bogotako Euskal Etxeak antolatu duen Euskal Astean parte hartu asmoz. Bizkaitarrek euskal etxe ondo-ondoan dagoen Gernika parkearen inaugurazioan parte hartuko dute eta beste emanaldi batzuk ere eskainiko dituzte Kolonbian zehar. 'Euskal Herri osoko dantzak egingo ditugu, kolonbiarrek ahal bezainbeste ezagutzeko aukera izan dezaten', azaldu zion taldeko Leire Martiartuk EuskalKultura.com-i, abiatu baino ordu batzuk lehenago.
2008/09/19
2008/09/19
Nork pentsa lezake Kalifornia barnealdean, basamortuaren erdian, eguzkiak gogor eta urrikalgabe jotzen duen eremu idor batean, bidearen bi aldeetara kaktusak nagusi diren inguru batean bapatean bide bazterrean 'Pilotarian biltzara' (sic) dioen paperezko afixa ikusi eta holako beste afixa batzueri jarraiki pilotaleku batera heltzen ahal denik? Iragan irailaren 6an, larunbatez, egina da Juniper Hills deitu eremu kaliforniar barreiatuan, jende arras guti eta kaktusak ugari bizi diren tokian, aipatu 'Pilotarian Biltzara', Jean-Louis Indart ortzaiztarrak antolaturik berak eraiki etxe eta kantxaren babesean. EuskalKultura.com bertan egon zen.
2008/09/19
Richard Eyre-ren "The Other Man" filmaren emanaldiak, lehiaketatik kanpo, abiarazi zuen atzo, aurten irailaren 18tik 27ra arte luzatuko den Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 56. edizioa. Zabaltegi sailean, Woody Allen-en azken lanak, 'Vicky Cristina Barcelona'k, ireki zuen atzo sail hori. Meryl Streep aktore iparramerikarra eta Antonio Banderas espainiarra izango dira 2008ko Donostia sariak eta Euskal Zinemaren Eguna datorren 24an egingo da, besteak beste, lau lan estreinatuz, bi dokumentalak eta beste bi fikziozkoak. Oihal gorria jasoa da dagoeneko hiriburu gipuzkoarrean.
2008/09/18
'The Old Man and the Whale' (Agurea eta balea) Antonio de Ertze lekeitiarraren lekukotasuna jasotzen duen ordu erdiko laburmetraia da. Guda zibilaren azken egunetan Ertze 'Vita' untzi famatuan, errepublikar gobernuaren altxor galdua omen zeraman barkuan, itsasoratu zen Mexikoruntz. Bere biloba Cristinak aitonak kontatu zion istorioa dakar laburmetraia honetan, kondaira eta errealitatearen arteko mugak lausotuta. 'Bakoitzak bere egia dauka', esaten du Ertzek filmaren une batean. Lana New Yorkeko 'International Independent Film and Video Festival' jaialdian izango da ikusgai datorren astean.
2008/09/18
“Diasporaren mugimendua naturala iruditzen zait. Orhiko Xoria kantak esaten duen bezala, denok dauzkagu gure sustraiak. Baina zure jaioterria utzi behar baduzu ezin zara beste leku batean bizi sustrai berririk errotu gabe. Orhiko xoria, azken batean, denok gara. Horrexegatik sentitzen dut Diaspora oso naturala dela. Eta egon ere bizirik dago”. Musikari donostiarraren iritzi beretsua dute antza Uruguai eta Argentinan bere kontzertuetara bildu diren lagunek, izan ere, birako mementu hunkigarrienetakoak 'Orhiko Xoria' kanta jo zuten bakoitzean izan zirela aitortu baitio Beltranek EuskalKultura.com-i.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus