euskal diaspora eta kultura

2008/11/17
Azaroaren 27a baino lehen bidali behar dira munduan euskara bultzatzen nabarmendu diren elkarteen ahalegina goraipatzeko eratutako ENE Sarietarako hautagai proposamenak. Hirugarren deialdia du Eusko Ikaskuntzak EuskoSareren bidez Euskararen Nazioarteko Egunarekin (ENE) batera egiteko sortutako ekimen honek. Munduko hainbat tokitan euskararen inguruan garatzen den lan askotan isila eta gutxi ezagutzen dena errekonozitu eta ezagutarazteko eratua, aurreko edizioetan Argentinako Mar del Platako 'Artaburu' Euskara Taldeak eta Bartzelonako Euskal Etxeak jaso dituzte sariok. 2008ko saridunaren izena, ohi bezala, Abenduaren 3an emango da, Euskararen Nazioarteko Egunean.
2008/11/17
Gasteizko Udal Folklore Akademiako musikari eta dantzariak Bilboko Euskalduna Jauregian arituko dira gaur Bilboko Udal Txistulari Bandaren eskutik. Akademiak izen handia lortu du, irakaskuntzan egindako lanarengatik, batetik, eta euskal doinu tradizionalak berreskuratzen egindako hainbat moldaketa berritzaileei esker, bestetik. Bertako kideak izan ziren, hain zuzen, musikari eskainitako aurtengo Gaztemunduko partaideei eskolak eman zizkietenak. Aldi berean irakasle horietako bat, Eneko Espino, aurtengo Estatu Batuetako Udalekuan aritu zen txistu instruktore.
2008/11/17
Munduko euskal etxeen arteko harremanak suspertzeko jaioa da sarera Euskaletxeak.net webgune berria eta joan den ostegunean Ibarretxe lehendakaria buru zela egin zitzaien aurkezpena Jaurlaritzako Euskal Gizatalde gaietarako Aholku Batzordeko kideei. Ataria sarean da jada, eta bertan euskal etxeek Jaurlaritzarekin hartuemana eta tramiteak errazteko hainbat tresna aurkituko dituzte, beste zenbait zerbitzuen artean. Webgunean euskal etxeak izango dira protagonista eta eurek eginiko informazioa eta ekitaldien kronikak, argazkiak eta bideoak argitaratzeko aukera izango dute.
2008/11/14
Pixkanaka hobetzen goaz EuskalKultura.com eta urrats berria eman dugu aste honetan Euskal Etxeen bilatzaile eta fitxategi bat sareratzean. Munduko euskal etxeak non dauden bilatu, mapan kokatu eta datu jakingarriak eskuratzeko tresna egokia izan daiteke. Aurretik ere sarean geneukan euskal etxe webgunedunen zerrendatik abiatuta emandako pauso berria da, datozen aste eta hilabeteetan beste urrats berri batzuekin osatuko duguna.
2008/11/14
Bere 21. edizioan dabil Berlineko Expolingua Azoka. Aurtengoan frantsesa ohorezko hizkuntzatzat harturik, gaur hasi eta igandera arte luzatuko ditu ekitaldiak. 30 herrialdetako 150 erakusle partaide, 15.000 bisitari inguru espero ditu, mundu zabaleko hirurogei hizkuntza ezagutu eta entzuteko aukera emanez, tartean euskara. Eusko Jaurlaritza, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza eta HABE medio arituko da, edizio honetan Galiziako Xuntarekin batera eratu duen stand-ean. Nafarroako Euskarabideak, bere aldetik, stan-a ipiniko du baita ere. Aurreko urteotan bezala, euskara eskolak hartzeko aukera eskainiko du Azokak.
2008/11/14
Ecilda Paullier Montevideo hiriburutik 110 kilometrotara dagoen Uruguaiko herri bat da. Joan den larunbatean, Gizataldeen Jaiaren hirugarren edizioa ospatu zuten eta bertako euskaldunekin batera Montevideoko Haize Hegoa Euskal Etxea eta Rosarioko Gure Etxea gonbidatu zituzten antolatzaileek. Euskal elkarteeko dantzariek herriko kaleetan zehar egin zen kalejiran parte hartu eta dantza erakustaldiak gauzatu zituzten, txalo eta eskuzarta ederrak eskaini zizkieten Ecilda Paullier-eko ikusleen aurrean.
2008/11/13
Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen duen Gipuzkoako Urrezko Domina Mikel Laboak jasoko du aurten, 'euskal kultura unibertsalaren ikono garrantzitsuenetakoa' izateagatik. Urrezko Dominarekin, gizartearen interes orokorren eta Gipuzkoako balioen alde lana egiten duten pertsonak edota elkarteak saritzen ditu Aldundiak. Laboa 'Ez Dok Amairu' mugimendu artistikoko kideetako bat izan zen, musikaren bidez euskararen eta euskal kulturaren alde lan eginez. Donostiarraren obrak euskarazko ahozko tradizioa zaharberritzen eta suspertzen lagundu du.
2008/11/13
2008/11/13
Eder Montero bilbotarra eta bere emazte Alexandra Raij-ek New Yorkeko Tia Pol jatetxe ezaguna utzi eta abentura gastronomiko berri batean sartu dira buru belarri, Txikito tabernarekin. Lokal berria Manhattanen bertan dago eta Euskal Herriko pintxo eta txikito taberna tipiko bat bezala aurkezten dut bere arduradunek, baina New Yorkeko ukituarekin. 'Tia Poleko kartan espainiar gastronomia eskaintzen zen gehienbat eta guk Txikitorekin euskal gastronomia Mahanttanen ezagutzera eman nahi dugu’, azaldu dio EuskalKultura.com-i Monterok.
2008/11/12
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus