euskal diaspora eta kultura

2008/12/24
Beste urte batez iritsi da Gabona, bihar Eguberria... Aukera ederra maite ditugunak bereziki gogoan hartu eta agiantza edo desiorik onenak bidaltzeko. Beste urtebete eta hemen segitzen dugu, irakurle. Urtebete emendatu diogu elkar ezagutuz daramagun denborari eta pozez ikusten dugu EuskalKultura.com-eko txokotik hazten doazela Euskal Herriari, munduko bazter guztietatik, bere seme-alabak eskaintzen ari zaizkion ekarpenak.2008/12/24
Vascosmexico elkartea Mexikoko euskaldunak eta euskaldunen ondorengoak batzen dituen elkarte bat da. Aurten taldeak Eguberrietarako proposamen oso berezia aurkeztu du: eurek diseinaturiko lauburu bat, mexikar bitxigile batek eta Oaxaca estatuko mixteko leinuko artisauek eginikoa. Lauburua Mexikoko zilarrez eta mixteken ehun tradizionalez eginda dago. Lehenengo aleak ziztu bizian saldu ziren eta orain, taldeko kideek eskatuta, gehiago egiten ari dira erosleen eskaria asetzeko asmoz. Lauburu hauetako bat erosi nahi duenak, Mexikon zein Euskal Herrian edo beste inon, e-mailez luza diezaioke eskabidea Vascosmexicori.
2008/12/23
Eusko Ikaskuntzak, bere lan esparrua Euskal Herriko zazpi probintziak dituen erakunde historiko euskaltzaleak, bere 90 urteak ospatu zituen atzo Donostiako Aquariumean egin zen ekitaldi batekin. Ikuskizunak kantua, irudiak eta hitzak batu zituen, aktore eta musikariek gidatuta. Ekitaldian elkarteko egungo lehendakari den Xabier Retegik iragana eta geroa biltdu zituzten hitzak esan zituen, baita, bere kasuan despedidakoak ere, ez baita aste honetan bertan, ostiralean abenduak 26, egingo diren hauteskundeetara aurkeztuko. Lehendakaritzarako hautagai bakarra dago, Jose Maria Muñoa bazkidea.
2008/12/23
Itsasondo herritik irten eta bidaia luze baten ondoren, Olentzerok São Pauloko Pankararu indioengana heldu eta leinuko haurrentzat Itsasondoko lagunek bidalitako opariak zabaldu ditu. Euren 'encantados'-en ametsetan, Euskal Herriko lagunak ikusi dituzte eta gure ikazkina laister jarri dute 'toré', bere abesti magikoak abesten, dantzen bidez eskertuaz urrutiko lagunek bidalitako opariak. Jatorriz, Pankaru indioak Pernambuco-ko barnealdeko lur lehorretakoak dira. Beren jatorrizko lurretan, 16 herrixketan 6.000 biztanle biltzen dira.
2008/12/22
Hiru euskal etxea daude Cordoba probintzia argentinarrean: Río Cuarto-koa, Villa María-koa eta Córdoba hiriburukoa, euskal kulturarekiko helburu beretsuekin. Aurten, Cordoba hiriburuko 'Gure Txokoa'-ko txalapartariek Río Tercero herriko “No durmai” ('lorik ez', Cordobako argentineraz) Kulturaldian parte hartzeko gonbidapena jaso zuten. Berrehun bat pertsona bildu zituzten Agustin Alonso eta Gaspar Jaurenak. Piztu zuten interesa medio, biharamunean bikoteak txalaparta tailer bat eman behar izan zuen jaialdiaren testuinguruan, berrogeita hamar bat musikari partaide.
2008/12/22
Olentzerok bisita luzatu zion La Platako euskal etxeari joan den abenduaren 6ean, Hego hemisferioan mahuka motzetan eta giro ederrarekin ospatzen dituzten Eguberrien etorrera iragarriz. Bisitak Euskararen Eguneko ospakizunekin bat egin zuen eta elkarteko txikiak zenbait ekimenetan murgiltzeko aukera izan zuten: 'Hansel eta Gretel' ipuinaren antzezpenean, esaterako, edo haurren izena eta helbidea gainean idatzitako puxikak askatzea, "horrela puxika aurkitzen duten lagunek gure neska-mutilekin harremanetan jarri ahal izango baitira".
2008/12/22
2008/12/19
Atzo Rio Gallegoseko Euskal Etxearen Euskararen Eguneko jaiaren kontakizun laburñoa ekarri genuen gure orrietara eta gaur, ziztu bizian, elkarteko kideek ekitaldiko argazki sorta helarazi digute. Milesker Patagoniako lagunei euren erantzun bizkorragatik eta munduko alde eder horretan ere irakurtzen gaituzten euskaldunak daudela gogorarazteagatik. Horrelakoek Diaspora gero eta gertuago dugula/gaudela sentiaratzen digute eta munduko euskaldunei euren argazki, istorio, zorion agur eta artikuluen iruzkinak bidaltzeko gonbitea berresten diegu. Jarraien Patagoniako Euskararen Eguna, Hegoalde Argentinarreko kideek kontatuta.
2008/12/19
2008/12/19
Yanina Salaren gidaritzapean, Laprida eta Coronel Pringleseko euskal etxeetako dantza taldeek ikuskizun berezia eskaini zuten elkarrekin Lapridako ‘Teatro Hispano-Argentino’ antzokian. Auzo diren bi herri hauek indarrak batu zituzten ezohiko ikuskizuna aurkezteko. Dantzarien jira-birekin tartekatuta, aretora bildu ziren berrehun bat ikusleek Euskal Herriko hamaika bazterretako argazkiak ikusi ahal izan zituzten. Ekitaldiak lortu arrakastak animatu egin du taldeon zuzendaria datorren urtean ere elkarrekin lanean jarraitzera.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus