euskal diaspora eta kultura

2009/01/21
Orotara 107 izan dira Laprida herri argentinarreko 'Lagunen Etxea' Euskal Etxearen baitango 'Eusko Txokoa' Liburutegiak deitutako Euskal Galdera Lehiaketara aurkeztu eta itaunak ongi erantzun dituzten gazte eta helduak. Emaitzak abenduaren 20an atera baziren ere orain astindu ditu liburutegiko Maria Ester Arrondo arduradunak. Saridunak honakoak dira, deitutako hiru kategorietan: Carolina Conti Garay, eskoletako A kategorian; María de las Mercedes Arias, eskolako B kategorian; eta Nadia Serio, helduen kategorian.
2009/01/21
Aguaricoko (Ekuador) Bikariotza Apostolikoak (Kaputxinoen misioa) irabazi du Elkartasunaren Nazioarteko VIII. "Nafarroa" Saria, zortzigarren urtez Nafarroako Gobernuak eta Euskadiko Kutxako Nafarroako Zuzendaritzak sustatutakoa. Ekuadorreko indigenen alde egindako lanarengatik eman diote saria, hain zuzen ere 1953az geroztik herrialde horretako ekialdean egiten ari den lanarengatik. Berrogeita hamar urte baino gehiago igaro dira Aguaricoko Bikariotza oihanean ezarri zenetik, eta harrezkero mugako lana egin izan du; egoera desegokian, muga-mugan, bazterretik, ahulenak babestuz, ahotsik ez dutenen ahotsa izaten saiatuz, azpimarratu du Nafarroako Gobernuak ohar batean. Sariak 31.000 euro, Jorge Oteizaren 'Arri Ernai Zaintzailea' izeneko eskulturaren kopia bat eta diploma dakartza.
2009/01/21
2009/01/20
Miguel Sanz Nafarroako presidentea AEBtan da gaur bertan hasiko den Nafarroaren Astearen bostgarren edizioan parte hartzeko. Misio komertzial honen bidez Nafarroako 21 enpresek herrialde honetako kultura, ardoa eta produktuak sustatu ahal izango dituzte. Aurten gainera, energia berriztagarri eta nanoteknologia bezalako alorretan ere Nafarroaren ekarpena ezagutzera emango da. Honekin batera aste gastronomikoak egingo dira New Yorken eta Bostonen, datorren astelehena bitartean.
2009/01/20
Argentinatik ere euskaldunek bat egin dute Billabonako Agiñalde Kultur Elkarteak abian jarri duen mundu mailako kanpainarekin: sinadurak bildu nahi dira UNESCOri euskara Gizateriaren Ondare Inmateriala izendatu dezan eskatuz. Kanpainak Chascomuseko Zingirako Euskaldunak Euskal Etxeko gazteen artean izan du oihartzuna. Izan ere, joan den asteburuan herriko kaleetara atera eta sinadurak biltzen aritu ziren. Horrez gain, euskal elkarteak, joan den urtarrilaren 7an Ana de Otazua zinegotzi eta elkarteko kideak Zingirako Euskaldunak-i eginiko dohaintza biziki eskertzen du.
2009/01/19
2009/01/19
Ordu gutxi falta dira San Sebastian jaiaren hasierarako eta Donostia eta Azpeitiko kaleak danborra etengabe jotzen ari diren lagunekin bete daitezen. Alta, jaiak aspaldi gainditu zituen Euskal Herriko mugak eta egunotan herrimina sufritzen zuten euskaldunen eskutik Diasporako bazterretara ere heldua da. Jaia klasikoa bihurtu da Bartzelona, Madril, Murtzia, Mexiko, Caracas, Necochea (Argentina) edo New York bezalako tokietan. Iaz danborrada estrainekoz atera zuten Seattle-en (AEBtan) eta aurten, nola ez, berriz ere egingo dute. Gero eta gehiago dira, tradizioei eutsi eta ondo pasatzeko gogoarekin, Sarriegiren piezekin disfrutatzera animatzen diren euskal etxeak.
2009/01/19
Argentina barnealdeko San Luis probintziako bi euskal etxe --Merlo herriko Kometxingon Euskal Etxea eta Villa Mercedeseko Euskal Etxea-- babesle dituen kontzertua eskaini zuen joan den larunbatean, urtarrilak 17, Villa Mercedeseko Camerata de La Luna abesbatzak, bere errepertorioko parte eskainiz, azkenaldian ohi duen moduan, euskal koru ondareko zenbait pieza, Villa Mercedeseko Euskal Etxearekin daukan tratua medio.
2009/01/19
Hego Ameriketan 'Euskara Munduan' programaren baitan euskara eskolak ematen eta aldi berean hartzen dihardutenen nazioarteko taldeak gaur hasiko du Montevideon bere lehenengo barnetegi uruguaiarra. Eskolak urtarrilaren 30era arte luzatuko dira hiriburuko hotel batean, FIVU (Uruguaiko Euskal Erakundeen Federazioa) eta FEVAren (Argentinako Euskal Elkarteen Federazioa) babesean, HABE euskalduntze erakundea antolatzaile, eta bertara, Uruguai, Argentina, Brasil, Txile, Peru eta Kolonbiako ikasle/irakasleak bilduko dira.
2009/01/19
Euskara partaide izan da beste urte batez Pariseko Expolangues Azokan, aurten urtarrilaren 14tik 17ra garatu den hizkuntzen nazioarteko elkargune eta trukagune garrantzitsu den hitzordu honen 27. edizioan. Eusko Jaurlaritzatik, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordea, HABEko buru Joseba Erkizia eta Lorea Bilbao aholkularia bertaratu dira, euskal stand-a bisitatu eta, aldi berean, Pariseko Euskal Etxearekin euskara eskolak manera arautuan emateko indarrean dagoen hitzarmenari segida emateko. Urtarrilaren 7an bizitza ofiziala hasi berria duen Etxepare Institutua izango da Expolangues-eko datorren ediziotik aurrera euskal stand-a antolatzeaz arduratuko den erakundea.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus