euskal diaspora eta kultura

2009/02/26
NABO, Ipar Amerikako euskal etxeen federazioa, euskara ikasteko Boga online plataforma gidatuko duten hamar irakasleren beharrean da. Hamar pertsona hauek ikastaro berezi bat jarraituko dute, HABEk zuzendua, plataformaren erabilpenean trebatzeko. Gero beraiek izango dira AEBetan Bogarekin internet bidez euskara ikasten ari diren euskal-amerikarren irakasleak. Lana hein handian borondatezkoa izango da, baina irakasleek 500 dolarretako ordainsari bat jasoko dute urtean.
2009/02/26
Anna Bruning estatubatuarra Euskal Herrian izan da grabatzen eta bere lehenengo dokumentalaren estreinaldia egingo du datorren larunbatean, otsailak 28, New Hampshire-ko Unibertsitatean. Lanak “Omendu Basques: Beyond the Bombs” (Omenaldia euskaldunei, bonbetatik haratago) izena du. Ez omen da euskal politikaz edota indarkeriaz. Bere hitzetan, "filma terrorismoarekin zerikusirik ez duen jende batez da. Euren kulturari buruz, hizkuntza ardatz nagusitzat harturik, euren kulturako zatirik esanguratsuenetako baita. Egun euren burua nola identifikatzen duten aipatuz. Iraganean, euskal nortasuna heredentziarekin lotua zen, baina egun, nortasunak zerikusi askoz handiagoa du euskaldun izateko borondatearekin". Artikulua aste honetan zabaldu du New Hampshire Unibertsitateko prentsa zerbitzuak.
2009/02/26
Argentinako Udako Euskal Unibertsitatearen lehen edizioa otsailaren 9tik 20ra egin zen Buenos Aireseko Euskal Echea Institutuan eta giro bikainarekin bukatu zen, ikastaroan zehar lan bat aurkeztu zuten ikasleei agiriak banatuz. Ikasleek azken egunean egin zuten euren lanen aurkezpena, eta hogeitazazpi izan ziren guztira lana aurkeztu zutenak. Arratsaldean, Euskal Echeako kaperan egin zen ekitaldian, ikasketa agiriak jaso zituzten ikasleek. Jarraian azken egunetako argazki erreportaia eskaintzen dugu.
2009/02/25
Buenos Aireseko San Telmo auzoak Sagardi jatetxearen inaugurazio ofiziala bizi izan zuen atzo, euskal komunitatearen ordezkaritza zabala bertaratu zelarik. Sagardi-San Telmo Bartzelonan, Madrilen eta Andorran, besteak beste, jatetxeak dituen euskal taberna kate bateko azken inaugurazioa da. Buenos Aires izan da kateak nazioartekotze prozesuan aukeratu duen lehen egoitza eta, nahiz eta jatetxeak ateak joan den abenduan ireki zituen, atzo egin zuten irekiera ofiziala.
2009/02/25
[OHARRA 2009/02/26: azkenean badirudi lehenik Irigoienen Babilonia banatuko dela, martxoan, eta apirilean Barandiaranen Euskal Mitologia, Euskaldunatik jakin arazi zaigunez] Euskalduna klubak martxa onean darrai bazkide berriak biltzen, Argentinako irakurleei euskal literatura era erraz eta jarraian helarazteko helburua duen ekimen honetan. Harpidetzeko epea irekita dago oraindik, baina Euskalduna abian jarri da jada eta datozen hilabeteetan banatuko dituzten liburuen berri eman dute: martxoan Jose Miguel Barandiaran etnografoaren lan klasiko batekin hasiko dira, 'Mitología vasca' (Euskal Mitologia) liburuarekin. Hurrengoak Joan Mari Irigoienen 'Babilonia' elaberria eta Xabier Peñalverren 'Orígenes', euskal aurrehistoriari buruzko lanak izango dira.
2009/02/24
Euskal literaturak erakusleiho bikaina izango du martxoan Parisen, Salon de Livre izeneko liburu azokan, han izango dira hiru euskal argitaletxe: Elkar, Maiatz eta Gatuzain. Martxoaren 13tik 15era izango da, eta horrez gain Maiatzeko editore Luzien Etxezaharretak mintzaldi bat emango du. Eskual Etxeak ere literatur ekitaldiekin bat egin nahi izan du eta Itxaro Borda idazlea gonbidatu du bere poemen irakurraldi bat egitera. Comptoir des Arts kafean izango da, martxoaren 14ean.
2009/02/24
Euskaltzaleak elkartea Buenos Airesen euskara irakasteko helburuarekin sortu zen orain dela 65 urte, 1944an, eta urtez urte ekinean jarraitu dute talde honetako bazkideek, euren ahalegin eta engaiamenduari esker Argentinako hiriburuan nahi duenak euskara ikasteko aukera izan dezan ziurtatuz. Lan horri jarraituz, elkarteak aurtengo ikastaroetarako deialdia egin du eta aurten gainera, oinarrizko Euskara eta Euskal Kultura Lantegi berri bat ere eskainiko du. Ikastaroak martxoaren 9an hasiko dira.
2009/02/23
Zoritxarrez, gerta zitekeen berria, zinez lazgarria izanagatik, gertatu da: Sebastian Moustirats tipia, bi urte ere ez zituen haurño euskal amerikarra, joan den asteburuan zendu da Standford-en, erietxean, ia bizitza honetan sartu gabe, Wiskott-Aldrich sindromea (WAS) zeukala eta egoera horretatik ateratzeko behar zuen hezurmuin bateragarria aurkitu gabe. Hezurmuin transplantea zen bizitzeko bere irtenbide bakarra, baina kanpainak Ameriketan zein Euskal Herrian egin arren, ez da posible izan hezurmuin bateragarri bat garaiz topatzea, eta Sebastian tipia joan den larunbatean hil da, 20 hilabete baizik ez zituela, bere gurasoen besoetan.
2009/02/23
2009/02/23
Duela urte bete baino gehixeago ireki zituen ateak Hanburgoko Donostia jatetxeak, Vivi Valin donostiarraren eskutik. Valinek euskal gastronomia eta, zergatik ez, euskal izpirituaren zatitxo bat ekarri nahi izan ditu hiri alemaniarrera abentura honekin. 'Jatetxea euskal etxe txiki bat bezala izatea nahi dugu, Hanburgoko euskaldunei eta euskal gastronomia maite duten alemaniarrei biltzeko leku bat emanez', azaltzen du Vivik. Eta alemaniar euskaltzaleak, ez pentsa, ez dira gutxi. 'Adibidez, bada hemen urtero urtero Donostiara danborrada jotzera joaten den alemaniar talde bat', ziurtatzen du Valinek.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus