euskal diaspora eta kultura

2009/04/21
2009/04/20
Euskal Herriko Unibertsitateak Latinamerika, Filipinak eta AEBetako ikasleen mugikortasuna sustatzeko beka deialdia ireki du. Bekak 2009-2010 ikasturteko kalitate aipudun doktoretzatara sarbidea ematen duten ikerketa masterrak egingo dituzten ikasleei zuzenduak dira. Beka bakoitzaren zenbatekoa 4.500 eurotakoa da eta eskabideak aurkezteko epea datorren maiatzaren 15ean itxiko da. Eskabideak dagokien Euskadiko ordezkaritzatan aurkeztu beharko dira, hala ere, AEBtako eskabideak Mexiko ordezkaritzan jasoko dituzte, Uruguaikoak Argentinakoan, Kolonbia eta Venezuelakoak Txilen eta Filipinetakoak Madrileko ordezkaritzan.
2009/04/20
Bilboko La Casilla Pabiloian egingo da larunbatean Euskal Herriko Igo Japoniako Kultur Jaia, Nihon Basuku Yukoukai elkarte euskal-japoniarrak (日本バスク友好会) eta Ekialdearen Ikerketarako Euskal Elkarteak (EuskadiAsia) antolatuta. Goizeko hamarretatik eta arratsaldeko zortziak arte lantegiak, erakusketak eta hainbat ekimen izango dira ikusgai. Arte martzial erakusketak (Iai-do/居合道, karate/空手道...), arte tradizionalak (Ikebana 生け花, Origami 折り紙, Bonsái 盆栽, Odori 踊り...) eta abangoardiakoak (manga, anime, zinea...) ere eskainiko dituzte antolatzaileek.
2009/04/17
2009/04/17
Necochea hiriak, Buenos Aireseko probintzia argentinarrean, bat egin zuen joan den asteburuan AEK-ko euskaltegiek Euskal Herrian antolatzen duten lasterketarekin. Necocheako euskaldunek, baina, ez zuten Gasteizera bidaia egin behar izan Korrika ofizialarekin bat egiteko, izan ere euskal etxeak lasterketa sinboliko bat antolatu zuen herriko kaleetan zehar. Ekitaldian elkarteko gazte zein nagusiek parte hartu zuten, eta eurekin batera euskal etxeko txikienak ere bertan izan ziren, bizikleta gainean abil, lasterketan atzean ez gelditzeko.
2009/04/16
Gaur arratsaldez Euskal Etxean 'Euskaldunak prentsa amerikarrean' gaiaz emango den hitzaldi batekin emango zaio segida, apiril osoan zehar Mar del Platako euskaldunek Aberri Eguna ospatu eta Gernikako bonbardaketaren 72. urteurrenaz oroitzeko prestatu duten egitarauari. Bihar, Ameriketako euskal artistak ardatz harturik, Flores Kaperotxipi margolariaren kasuari helduko zaio. Igandean, berriz, mezaren eta dantza ikuskizun baten ondotik, senitarteko bazkari batera bildutakoek Antonio Urdangaray ohoratuko dute. Egitarauaren azken hitzordua apirilaren 26an, igandez, izango da, Mar del Platan landatuta dagoen Gernikako Arbolaren kimuaren aurrean. Bestelako egunetan, proiekzioak-eta eskainiko dira.
2009/04/16
Bartzelonako Euskal Etxeak urtero antolatzen duen literatur jaialdiak V. edizioa betetzen du eta beste behin ere Euskal Herriko gaur egungo literatura Kataluniara ekartzeko helburuarekin dator. Aurtengo Literaldia bihar bertan hasiko da, Kemen Lertxundi idazleak emango duen kontzertu poetiko musikalarekin. Ondotik, hilabete luze ekitaldiz beteta: Eider Rodriguez, Castillo Suarez, Leire Bilbao, Hedoi Etxarte eta Edorta Jimenez igaroko dira, besteak beste, euskal etxetik. Errezitaldi, irakurraldi eta musika emanaldiez gain euskal elkarteak lehiaketak, Bartzelonatik literatur irteerak eta bertso-afaria ere antolatu ditu.
2009/04/16
Itxaropen Euskal Etxe argentinarreko kideek helburu oso argia dute buruan azken aldian: euren egoitzaren eraikuntza zinez bultzatzea. Asmo horrekin, ‘adreiluaren kanpaina’ jarri zuten martxan joan den urtean, erakundearen hamargarren urteurreneko ospakizunekin batera. Kanpainaren bidez, euskal etxearen proiektuari lagundu nahi dionak adreilu dohaintzabat egin dezake: 170 peso argentinarren truke ehun adreilu eman ditzake. Ekimenaren lehenengo emaitzak ikus daitezke dagoeneko: sukaldea amaituta dago eta hurrengo urratsa bainugelak eta balio anitzeko aretoa eraikitzea izango da. Lagundu nahi baduzu, garaiz zabiltza.
2009/04/15
Cañuelaseko Dantzari Topaketak berezko lekua lortu du Argentinako euskal dantzarien urteko egutegian. Orain dela hiru urte Denak Bat euskal etxekoei Aberri Eguna dantzarien topaketa batekin ospatzea bururatu zitzaien. Hasieran erronka handiegia zirudien, Argentinan dauden distantziengatik, baina urteak pasa ahala gainditu egin da erronka hori eta aurten hainbat etxeetako berrehun bat dantzari elkartzea lortu da. Topaketa martxoaren azkeneko asteburuan gauzatu zen eta izandako arrakastarekin hitzorduak berretsi egin du bere lekua Argentinako euskal komunitatearen urteroko ekitaldi esanguratsuen artean.
2009/04/15
Juan Mari Beltran euskal musika aditua Frankfurteko Nazioarteko Musika Azokan izan da aurten, Ander Barrenetxea txalapartariarekin batera, eta hiri alemaniarreko Euskal Ikasketen Etxeak gonbidatuta txalaparta bat egin du bere egonaldian zehar. Txalaparta orain euskal alemaniar elkartearen eskutan geldituko da. Beltranek eta Barrenetxeak musika tresna estrenatzeko aukera izan zuten, elkarteak egin zuen euskal alemaniar sagardotegi-afarian.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus