euskal diaspora eta kultura

2012/05/08
Boiseko euskal komunitateak euskararen aldeko apustu sendoa egina du eta azken hilabeteetan ekitaldi ugari egiten ari da euskal hizkuntza hirian entzun eta ikus dadin. Lekukotasun hori eskaintzeko egin zuten, adibidez, joan den asteburuan, maiatzaren 4ean, Basque Block-eko euskal tabernatan barrena, 'kantu-poteoa', lagunarteko giro ederrean euskal kantuak protagonista izan zituen kantualdi eta poteoa.
Eta duela bi aste, apirilaren 28an, Korrika Fun Run izeneko lasterketa: korrikalari talde bat Euskal Etxean bildu eta Boiseko kaleetan barrena lasterka ibili zen euskararen aldeko mezua zabalduz.
2012/05/07
Euskararen eta munduko hainbat hizkuntzen arteko oinarrizko hiztegiak sortu eta jaitsi nahi dituzu internetetik? Gaztelania eta frantsesa, ingelesa, alemana, katalana, galegoa edota italieraren arteko hiztegiak ezezik aymara, kitxua, lingala, berber, errusiera, urdua edo txineraren arteko oinarriizko hitz eta esaldiak kontsultatu nahi dituzu? Edo hizkuntza horien artekoak? Hizkimizki.com webgune berriak 33 hizkuntza nahi bezala lotu eta konbinatu eta oinarrizko hiztegiak sortzeko aukera ematen dizu, orotara 1.806 konbinazio ere lortu arte. Erabiltzea xinplea da eta erabilgarria izan daiteke oso. Egizu proba.
2012/05/07
Oihartzun zabala izan du eta ekitaldi sorta handi samarra antolatu da Argentinako andana bat euskal etxetan Gernikako Bonbardaketaren urteurrena kari, eta horren berri ari zaigu heltzen pixkanaka herrialdeko hainbat euskal elkartetik.
Hegazkin alemaniarrek Gernika bonbardatu zutela 75 urte bete dira joan den apirilaren 26an eta ekintza suntsitzailean hildako pertsonak eta eskubideak omentzeko zenbait ekintza antolatu ziren Argentinako euskal etxe eta erakunde askotan, guztietan indarkeriaren aurkako hitzak gailendurik. Hona, horren adibide, Lago Puelon, Chascomusen, Olavarrian, Mar del Platan, Arrecifesen, Gral. Rodriguezen eta Buenos Aires hiriburuan burututako oroitzapen ekitaldien laburpen eta argazkiak.
2012/05/07
Urte berezia izan da azkeneko hau Arrecifesko Euskaldunak Denak bat-eko kide eta lagunentzat, elkarteak bere 90. urteurrena ospatu baitzuen eta ongi ospatu ere, bereziki otsailean ohore guztiekin egin zuen ekitaldi instituzionalarekin. Apustua egoki gaindituta, apirilaren 28an egindako batzar nagusiak euskal etxeko kideen oniritzia eman zion urteko balantzeari eta Zuzendaritza Batzorde berria hautatu zuen. Aldaketa handirik ez, diruzain zen Omar Gorostidyk hartzen baitio txanda lehendakari zen Marilyn Bovedari, eta hura diruzain izatera pasatzen baita. Ezer aipatzekotan, Gorostidy dela azken 24 urteotan lehendakari hautatu duten lehenengo gizasemea.
2012/05/04
Euskal Herriko Agintzaritzaren Aldizkariak atzo osteguna maiatzaren 3ko zenbakian argitara emandako Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusiaren ebazpen baten bidez, Kanpoko Euskal Herritar eta Gizataldeentzako Zuzendaritzaren baitan arituko diren lau bekadunen izenak adierazten dira. 2012an eta 2013an Zuzendaritza horretan jarduteko puntuaketarik altuena lortu dutenak Lehendakaritzan Gasteizen (2k), Euskadiren Argentinako Ordezkaritzan (1ek) eta Estatu Batuetako dagokion euskal bulegoan (1ek) gauzatuko dute euren lana.
2012/05/04
Euskara ikasteko eta praktikatzeko mila era daude, baina Boiseko euskaltzale talde honek proposatzen duena bereziki gustagarria izan daiteke zalantzarik gabe: gaur arratsaldean, 'kantu-poteoa' egingo dute Basque Block delakoan eta kantuan ariko dira bertan dauden euskal tabernetan eta euskal etxean. Euskal abestiak kantatuko dituzte, baina euskaraz ez dakitenek ere parte har dezakete, izan ere letrak banatuko dituzte bertaratzen direnen artean. Antolatzaileek eskatzen duten gauza bakarra ondo pasatzeko gogoa da, Izaskun Kortazar AEBetako euskal etxeen euskara koordinatzaileak EuskalKultura.com-i esan dionez.
2012/05/04
Fresno herri kaliforniarreko euskal piknikak abiaraziko du datorren larunbatean Estatu Batuetako euskal jaialdien 2012 udako egitaraua. Maiatzetik urrira bitartean, batez ere herrialde mendebaldeko estatuetan kokatzen diren euskal elkarte eta komunitateek euren urteko festa giroko elkarretaratzeak egingo dituzte. Abuztuak bilduko du, ohi bezala, festarik gehien, baina hitzordu zentrala uztailaren 6tik 8ra izango da Nevadako Elkon, bertan gauzatuko baita aurten NABO Convention delakoa, Elkoko National Basque Festivalaren 49. edizioarekin eta AEBetako Pilota Txapelketarekin batera.
2012/05/04
Tradizio handia du Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxeak sorginen inguruko ekitaldiak antolatzen. Gogora dezagun bertoko Kultur Azpibatzordeak urtero ospatzen duela 'Sorgin Afaria' ekaina aldera. Orain, Euskal Herriko tradizio batzuekin lotura handia duen gai honi buruzko beste proposamen bat luzatu diote instituzioko lagunek komunitateari: 'Sorginkeria Euskal Herrian' izeneko Narrazio Lehiaketa abian dago jadanik eta lanak bidaltzeko epea ekainaren 15ean bukatuko da. Sari emanaldia, abuztuaren 16an izango da. Hona lehiaketan parte hartzeko oinarriak.
2012/05/04
Manhattaneko txakolinzaleak irrikaz daude igandearen zain, Txikifest izeneko New Yorkeko Txakolin Azokaren bigarren edizioaz gozatzeko prest. Txikito euskal jatetxeak antolatzen du azoka; Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako txakolindegien laguntzarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiaren sostenguarekin. Horrez gain, hiriko zenbait jatetxek ere bat egin dute ekimenarekin eta zintzurra busti ostean sabela goxo-goxo betetzeko plater sorta bikaina prestatu dute. Eta dena, edaria eta janaria, musu-truk! Edo ia musu-truk: azokan sartzeko 45 dolarreko tiketa erosi behar da, baina ondoren egun osoan zehar nahi adina jan eta edan dezakete bisitariek. Gainera bertaratzen direnen artean Euskal Herrira bidaia zozketatuko da; zozketan bildutakoa New Yorkeko Euskal Etxeari laguntzeko erabiliko da.
2012/05/03
Euskaraz dakizu nahiz eta atzerrian jaioa zara? Eta ez dizu axola uda honetan Euskal Herrian festarik festa ibiltzea? Bada Pausokak emango dizu aukera. Ekoiztetxea udako euskal jaiei buruzko telebista saio bat ari da prestatzen eta atzerriko lau gazte euskaldun bila ari da, saioa aurkez dezaten. Gazte hauen lana euskal hiri eta herrietako jaietaz gozatzea litzateke, euren ikuspuntu eta lekukotasuna eskaintzea eta uda bukatzean jairik onena aukeratzea. Tentagarria, ezta?
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus