euskal diaspora eta kultura

2012/09/13
Aurten ere Eskualdunen Biltzarra elkarteak Bordelen ospatuko diren Ondarearen Egunen jaiarekin bat egingo du eta hainbat ekitaldi antolatu ditu asteburu honetan, bordelesei euskal kulturaz gozatzeko aukera emateko. Larunbat eta igandean, adibidez, euskal produktuen postua jarriko du euskal etxeak, Idoki produktore elkartearen babesarekin. Horrez gain musika, pilota partidak, afari herrikoia eta beste zenbait ekitaldi egingo ditu Biltzarrak.
2012/09/13
EuskalKultura.com-ek NABOk 2013rako argitaratu dituen hormarako sei egutegi zozketatuko ditu datorren astean bere irakurle eta lagunen artean. Parte hartzeko, nahikoa duzu gaur bertan email bat bidaltzea. "Celebrate + Educate = Perpetuate" lelopean ari da lanean Estatu Batuetako Renon 1973an jaio zen euskal etxe eta elkarteen biltzaile den erakunde hau, aurten, beraz 40 urte betetzen dituelarik. Horixe gogora ekartzen dute 2013rako osatu duten egutegian. Euskal Herriko eta Diasporako irudi koloredun ugari dakar egutegiak, baita euskal musikari eta kantarien berri ere. Zozketan parte hartzeko epea datorren asteazkenean, irailearen 19an bukatuko da eta emaitzak biharamunean jakin araziko ditugu.
2012/09/13
Facebook sare sozial erraldoiak --900 milioi erabiltzaile hilero-- euskal diaspora aukeratu du bere atalik berriena abian jartzeko. Aukeratu, bai, enpresa Deustuko Unibertsitateko Pedro J. Oiarzabal historialariarekin harremanetan jarri eta sare sozialek munduko euskaldunen artean izan duten eraginari buruzko artikulua eskatu diolako. Oiarzabalek urteak daramatza Diaspora eta teknologia berrien arteko harremana aztertzen eta Facebook-ek gai honi buruz agertu duen interesarekin harritu egin dela azaldu dio EuskalKultura.com-i. Artikulua astelehenean argitaratu zen, ingelesez, baina aurki euskaraz ere plazaratuko da. "Eta hori eurek proposatu zuten zerbait da", azpimarratu du.
2012/09/12
Sortu zeneko 16. urteurrena ospatu zuen joan den ostiralean Resistencia hirian Kotoiaren Lurra Chacoko probintzia argentinarreko euskal etxeak. Ospakizuna hiriburuko Don Bosco eskolan egin zen eta ehundik gora gonbidatu bildu ziren, tartean bertan presentzia daukaten beste zenbait gizataldetako elkarteen ordezkariak. Ekitaldian Kotoiaren Lurra-ko dantzari gaztetxoen taldeak euren dantzetako batzuk oparitu zizkieten bildutakoei, Andrea Tamer zuzendari, txalo zaparrada eta esku-zarta handien artean.
2012/09/12
Chacabucotik, Mikel Ezkerro, euskal-argentinar historiaz aditua den hitzaldi-emaileak joan den abuztuan Buenos Aires probintziako herri honetara egin zuen bisita eta hitzaldiaz mintzatu zaizkigu, Chacabucoko Peña Amigos de los Vascos delako kultur taldeak gonbidatuta iritsi baitzen Ezkerro bertara abuztuaren 20ean. Antolatzaileek harrera polita egin zioten, eta herriko tren geltokiaren aurrean daukaten egoitzara eraman zuten, hitzaldia eman eta aldi berean taldeko dantzariek eta abesbatzak euskal kantu eta dantzez ohora zezaten. Chacabucoko euskal istorioak aipatuta, Damaso Inza euskaltzain eta euskal idazlearen bertako istorio ere azaleratu zen, zenbait aldiz bisitatu baitzuen herria Txilen bizi zen artean 1936tik 1968ra bitartean, ahaideak baitzituen Chacabucon.
2012/09/12
Hirugarren urtez jarraian Sydneyko Gure Txoko elkarteak ateak zabal zabalik jarri zituen elkarteko lagun katalanei ongi etorria egin eta elkarrekin Diadaren eguna, Kataluniako jai nazionala, ospatzeko. Iragan igandean egin zuten festa, nahiz eta, berez, Diada atzo asteartea ospatu zen Katalunian. Iaz bezala, giro bikaina izan zuen jaiak eta elkartea jendez lepo bete zen (bazkarirako tiketak agortuta zeuden aspalditik). Vilaweb albistari digitala bezalako komunikabide katalanetan ere izan du oihartzuna Sydneyko jaiak.
2012/09/11
45. urteurrena ari da ospatzen aurten Chino Basque Club euskal etxe kaliforniarra eta, hori dela eta, jarduera bereziak egin ziren elkartearen Urteroko Piknikean. Iraileko lehen asteburuan egin zen jaia eta pilota partidekin eta dantzaldi batekin abiatu zen festa larunbatean. Igandean dantza erakustaldiak egin zituzten euskal etxeko taldeek, eta BBQ edo erreki bazkaria egin zuten elkarteko kideek eta gonbidatuek. Gauean, dantzaldia egin zen Kantuz talde baxenabartarrarekin. Chino Basque Club-eko John Ysursak asteburuko kronikatxoa egin du guretzat.
2012/09/11
Estatu Batuetako luzemetraietan eta telesailetan euskal inmigranteek duten irudia aztertzen ari da azken bi urtetan Oscar Alvarez Gila historialaria eta orohar lau estereotipotan laburbiltzen direla ondorioztatu du: "artzainak, ardogileak, pilotariak eta terroristak". Dagoeneko ehun filme, telesail eta tv-movie ikertu ditu Diasporan eta Ameriketarako euskal emigrazioan aditua den EHUko Historia katedradunak eta, ikerketa oraindik bukatu ez duen arren, iragan ostiralean emaitza batzuk aurreratu zituen San Frantziskoko Basque Cultural Center-en egin zuen aurkezpenean.
2012/09/10
Montxo Armendariz zuzendari nafarraren 'Secretos del Corazón' filmak estreinatuko du bihar asteartea Buenos Airesen, Argentinako Kongresuaren Liburutegian, 'Universidad Vasca de Verano' (UVV, Udako Euskal Unibertsitatea) delako erakunde euskal-argentinarrak eraturik eta Carlos Gabilondo irakaslearen eskutik urriaren 2a bitartean garatuko den euskal zinema mintegia. Saioetako azkenarekin batera, UVVk urtero bere ikasleen lanak bilduz kaleratzen duen liburuaren 2012ko edizioa aurkeztuko du eta 2009an sortu zenetik orain arte plazaratu dituen aleekin batera kopiak utziko ditu Kongresuaren Liburutegian.
2012/09/10
"Harria" egurrezkoa zen eta egiaz dezente gutxiago pisatzen zuen, baina Rhode Island Basque Club-eko urteroko jaiko unerik dibertigarrienetako bat izan zen eta harrijasotzaileen teknikak ikasteko baliatu zuten bazkideek. Iragan abuztuaren 25ean egin zen Euskal Piknika, eta elkartekide asko bildu ziren bertara. Giroa, eguraldia bezala, bikaina izan zen. Bertan parte hartu zuten baita ere Euskal Gizatalde eta Herritarrentzako zuzendaritzako Iñaki Goikoetxea eta Mayte Galardi bekadunek. Jarraian billtzen dugun argazki sorta argitaratu du elkarteak sarean.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus