euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sarean duzue EuskalKultura.com-en Argazki Galeria berria, hamar urte hauetan bildutako Diasporako irudiekin

2014/10/20

Argazki Galeriaren argazkia. Webgunearen lehen orrialdean dago, albisteen ondoren, beheraino joz scroll eginez

Lehenengo pausoa besterik ez da, baina hemen da dagoeneko, sartzen joango garenaren adierazgarri. Agindu bezala, Euskalkultura.com berritzen ari gara, eta atal berri hau aurkeztu nahi duzuegu: Argazki Galeria. Ilusio handia jarri dugu bertan, bertara bildu nahi ditugulako urteotan EuskalKultura.com-en batu ditugun Diasporako argazkiak, euskal etxeen festak eta ekitaldiak, Euskal Asteetan egin ditugun argazki kronikak, zuek bidalitako irudiak eta abar luzea. Material asko dugu eta apurka apurka joango gara sareratzen. Gure asmoa euskal etxe eta elkarte guztien irudiak biltzea da eta zuek horiek ikusi, komentatu eta partekatzea. Ateak irekita dituzue, sartu eta hasi ikusmiratzen, etxean zaudete!

Gehiago irakurri...


Fermin Muguruzak Los Angelesen joko du asteazkenean Tania de Sousa eta Niña Coyote & Chico Tornado kantariekin

2014/10/20

Fermin Muguruza eta biran parte hartszen duten teknikari eta musikari batzuk San Frantziskon (argazkia Fermin Muguruzaren Facebook)

Fermin Muguruza musikaria Ipar Amerikan da bira bat egiten, Tania de Sousa kantaria eta Niña Coyote & Chico Tornado talde euskaldunak lagun dituela. Iragan larunbatean San Frantzikon jo zuten, eta etzi asteazkena Los Angelesen izango dira. Horrez gain, datorren larunbatean, urriaren 25ean, Mexikon arituko dira, zehatzago Baja California estatuko Mexicali hirian, AEB eta Mexiko artean ia muga gainean. Han, Muguruzaren dokumentalen atzerabegirakoa ere izango da ikusgai. Euskal eta mexikar festa.

Gehiago irakurri...


San Juango euskal kolektibitateak Euskal Herria ordezkatu du Albardon herriko Kultur Aniztasunaren Jaian

2014/10/20

Euskal standean, San Juango Eusko Etxeko kideak, tartean Yesica Orquera eta Diego Landa banderadunak eta Ailin Bernal  eta Joseba Landa txikitxoak

Kultur Aniztasunaren Errespetu Eguna da Argentinan urriaren 12an ospatzen den jaia. Honen baitan Herrien Integrazioaren Lehenengo Elkarretaratzea egin zen San Juan probintziako Albardon herrian eskualdeko hainbat gizataldek antolaturik. Casa de Motril-ek gonbidaturik, banderadunekin eta stand batekin hartu zuen parte San Juango Eusko Etxea-k jaialdian. Euskaldunen muntatutako txokoan arropa tradizionalez jantzitako neska-mutilak ere ikusi ahal izan ziren, tartean, etxeko txiki-txikienak. 

Gehiago irakurri...


Jaurlaritzak Basque Country elastikoarekin korritzera animatu ditu NYeko Maratoiko euskal korrikalariak

2014/10/17

2014 NY Maratoirako diseinatutako Basque Country elastikoa

New Yorkeko maratoian parte hartuko duten euskal kirolariek Basque Country kamiseta eraman ahal izango dute aldean. Datorren azaroaren 2an New Yorkeko maratoian parte hartzeko asmoa duten euskal kirolariek Basque Countryren ordezkari korrika egiteko aukera izango dute, lasterketa ezagun horren ibilbidean.

Gehiago irakurri...


Bilerak, euskara, txistu eta gastronomia tailerrak egingo ditu Cordobako Gerorak, eskuratu duen egoitza berrian

2014/10/16

Cordobako Gerora Elkarteko ikasle eta irakasleak Mintza Praktikan, egoitza berrian

Lokala Cordobako erdigunean dago eta bi erakunde elkarbiziko dira bertan, Gerora Elkartea eta ‘Andere, Bake eta Garapen' (Mujer, Paz y Desarrollo) GKE edo Gobernuz Kanpoko Erakundea. Cordoba erdiguneko Parana kaleko egoitza berrian, bere aktibitateetako batzuk garatuko ditu euskal taldeak, batez ere euskararekin zerikusia dutenak. Etorkizunari begira, ekintza mordoa egingo dute geroratarrek urtea bukatu baino lehen, tartean Euskara Astea eta Hizkuntz Gutxituengotu eta Gutxiarazitakoen Topaketa. 

Gehiago irakurri...


Izotz Aldana: "Shanghaiko Euskal Etxeak indarra ematen digu, elikatu egiten gaitu eta ez gastronomikoki soilik"

2014/10/16

Izotz Aldana, Shanghaiko Euskal Etxeko lehendakaria da 2014an.

2010etik bizi da Shanghain Izotz Aldana. 38 urteko gernikar hau lanak eraginda iritsi zen Txinako finantzen eta ekonomiaren hiriburu den honetara, beharrean ari zen Arrasateko enpresak lantegia zabaldu baitzuen bertan. Hasieran ez zuen ongi pasa, egokitu arte, baina egun, bertan dagoeneko lau urte pasexe eman ondoren, geratzeko planak dauzka, "beste pare bat urte", dio. Izotz Txina osoan dagoen euskal etxe bakarreko lehendakaria da.

Gehiago irakurri...


Zingirako Euskaldunak Euskal Etxeko ordezkaria Chascomuseko Immigrantearen Jaiko 2014ko erregina hautatu dute

2014/10/16

Sol Mutuberria, Chascomuseko Immigrantearen Jaiko Erregina

16 urterekin, 2014ko Immigranteen Erregina bilakatu da Sol Marina Mutuberria etorkinen omenezko Chascomus hiriko festan. Ekitaldiaren baitan, euskal etxeko lehenengo alkatea izan zen Lucio Lahurnagaray zugarramurdiarrak ere jaso zuen sari bat, berari eta hiriko beste hainbat immigranteri egindako omenaldi batean. Bi egunez luzatu zen jaialdian dantza taldea eta stand bat ere aurkeztu zituen euskal etxeak Libertad Plazan burututako jaialdian. 

Gehiago irakurri...


Badator EH Sona 2014! Bartzelonako Euskal Etxeak musika jaialdiaren kartela aurkeztu du

2014/10/15

EH Sona 2014 jaialdiaren kartelaren zati bat

Bartzelonako euskal komunitatearentzat urteko ekitaldirik nagusienetakoa da Euskal Etxeak antolatzen duen EH Sona jaialdia. Aurtengoa urriaren 24tik abenduaren 6a bitartean egingop da betiko kartel indartsu eta erakargarriaz gain, proposamen berriak ere badakartza: batetik, musika autogestio lantegia egingo da, Ainara LeGardon kantariarekin; eta, bestetik, txikiei eskainitako ‘Txo!’ jarduera berezia egingo da.

Gehiago irakurri...


Roldan herriko Euskel Biotza Euskal Etxeak eskualdeko enpresariak bilduko ditu buruzagientzako Tailer batean

2014/10/15

Roldango San Inazio festan herriko San Martin Plazan dantzatu zuten Euskel Biotza-ko dantzariek

Tailerra FEVAren kultur eskaintzaren barruan eskainiko da, Ricardo Basterraren ardurapean. Ekintza, jaio berria den euskal etxeak esku artean dituen proposamenetako bat baino ez da. Jarraian, La Platako Euskal Aste Nazionalera joateko eta euskal kirolei buruzko proiektu bat martxan jartzeko asmoa dauka instituzioak, beste zenbait xederen artean. Berri honekin batera, Iñaki Deunaren jaian berrehun bat lagun bildu zituela jakinarazi digute roldandarrek.

 

Gehiago irakurri...


Kirmen Uribe idazleak “Bilbao-New York-Bilbao” eleberriaren ingelesezko itzulpena aurkeztuko du Ingalaterran

2014/10/14

Kirmen Uribe idazlea

Ingalaterran da aste honetan Kirmen Uribe idazle ondarroarra, bertan aurkezteko "Bilbao-New York-Bilbao” eleberriaren ingelesezko itzulpena. Seren Books argitaletxeak plazaratuko du itzulpen hori, datorren astelehenean, Elizabeth Macklin estatubatuarrak zuzenean euskaratik itzulia. Bihartik aurrera Oxforden eta Londresen zenbait aurkezpen egingo ditu Uribek. Bestalde, Aingeru Epaltza idazlea Finlandian da, eta gaur Helsinkin aurkeztuko du “Rock’n’Roll” eleberriaren suomierazko itzulpena.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia