euskal diaspora eta kultura
2014/12/05
Argentinako Senadua izan zen atzo ‘Argentina Euskal Herriko Bakearen Alde’ elkarretaratzearen egoitza. Gainezka zegoen Legebiltzarreko Areko Urdinean jendaurretu ziren Nazioarteko Kontaktu Taldeko Alberto Spektorowski, Lokarri akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren sareko Paul Rios, Adolfo Perez Esquivel Nobel Bake Sariduna eta Madres de Plaza de Mayo elkarteko presidente Nora Cortiñas, agiria irakurriz Euskal Bake Prozesua sostengatuz.
2014/12/05
Argentina eta Mercosurreko euskal etxe guztiak bisitatzeko helburuari jarraituz, zortzi herritako euskal gizataldeen ordezkariekin bildu da Euskadiren Argentina eta Mercosur-erako ordezkari Sara Pagola Argentinako Entre Rios probintzian eta Uruguain egindako bere azken bidaian. Guztira, 1.300 kilometro egin ditu, eta bisitatu ditu: Argentinako Concepción del Uruguay eta Concordiako euskal etxe eta gizataldeak; eta Uruguain, Salto, Trinidad, Carmelo, San Jose, Juan Lacaze eta Rosariokoak.
2014/12/04
Ospakizunetan ibili ziren Sao Pauloko Eusko Alkartasuna elkarteko kideak iragan azaroaren 30ean, euskal etxe brasildarraren 55 urteak direla eta. Festak lagun asko bildu zituen elkartearen egoitzan, abentura hura abian jarri zuten bi lagunei omenaldi berezia egiteko: Elias Echegoyen eta Carmen Lizarzaburu bazkideak, elkartea sortu zuten 51 lagunetako bi. Euskal Etxeak makina bat argazki partekatu ditu gurekin, jarraian doaz horietako batzuk.
2014/12/04
Errenteriako gipuzkoarra jaiotzez, bere 50 urteen erdia baino gehiago AEBetan pasatua du Nere Letek. Ikasketaz filologo eta itzultzaile, Boiseko BSU Unibertsitatean dihardu profesore eta Basque Minor-eko koordinatzaile. Euskaltzale bizi da Gernikarekin senidetua den hiriburu idahotarrean. Asteburu honetan, berak ingeleseratu duen bere herrikide Jose Antonio Loidiren 'Hamabost egun Urgainen' topatu ahal izango da Durangoko Azokan, Nevadako Unibertsitateko Center for Basque Studies-ek argitara emana.
2014/12/04
Berrehun bat lagun bildu ziren Cañuelasko Denak Bat euskal etxean Euskararen Nazioarteko Eguneko ekitaldian parte hartzeko. Jaian hiru koruk eskaini zuten kontzertua, omenaldi berezi bat egin zitzaion Euskal Herriko hizkuntzari eta dantza emanaldia eskaini zuten dantzariek. Afariaren osteko erromeria goizeko 3ak arte luzatu zen.
2014/12/03
Euskararen Nazioarteko Eguna bikain hasi dute gaur Berlingo Euskal Etxean, elkarteak 2014ko ENE saria hartu duenaren berriarekin. Eusko Ikaskuntzan ematen du saria hau, munduko euskal elkarteen euskal kultura eta hizkuntza sustatzeko lana aitortzeko. Diasporan zein Euskal Herrian euskararen aldeko ekitaldiak eta jarduerak barra barra hasiko da datozen orduetan. Ospatu eta gozatu!
2014/12/03
Gipuzkoako diputatu nagusi Martin Garitano bideoz zuzendu zaie Diasporako euskaldunei, Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE) dela-eta eskertzeko euretako bakoitzari dauden lekuetatik, munduko euskaldun guztien ondare komuna den euskarari eta euskal kulturari egin dioten eta egiten dioten ekarpena. Bideoa, gaur abenduaren 3an Euskararen Egunarekin zabaldu da eta diputatu nagusia euskaraz zuzendu zaie Diasporako gipuzkoar zein euskaldunei, azpitituluen arabera mezuaren bost bertsio eginez, euskara hutsez, euskaraz gaztelaniazko azpitituluz, euskaraz frantsesezko azpitituluz, euskaraz ingelesezko azpitituluz eta euskaraz katalanezko azpitituluz.
2014/12/03
Bahia Blancako Union Vasca de Socorros Mutuos euskal etxeko dantzariek, elkarteko Beti Aurrera taldean bilduta, produkzio handiko ikuskizun batekin jarri zieten amaiera 2014. urteko emanaldiei. 'Irauten' izenpean, dantzariek berek sortutako obrak Euskal Herriaren historian barrena bidaiatzeko aukera eman zien hiriko Udal Antzokira bildutako 300 bat ikusleei, historiaurretik hasita gaur arte.
2014/12/02
Euskal kulturak erakuslehio aparta izango du gaurtik aurrera Erroman, Associazione Culturale Euskarak (ACE) eta UPTER unibertsitateko Euskara Sailak antolatu duten egitarau zabalari esker. Abenduaren 12a arte, zinea, Sarrionandiaren literatura italieraz, pintxoak, musika eta gehiago!
2014/12/02
Joan den ostiralean, munduko hainbat euskal etxetan Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko egin behar zituzten berri eman genizuen eta Argentinako hitzorduak gaurko utzi genituen. Argentinan ere, bihar, abenduaren 3an, euskal etxeek bat egingo dute munduko gainerako erakundeekin euskarari babesa eta sustapena emateko. Egingo diren aktibitateak ugariak eta mota askotakoak izango dira.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus