euskal diaspora eta kultura
2015/04/13
Ylarregui familiak Basque Company saltsa enpresa saldu dio Julio López enpresari mexikar-amerikarrari. 1980an sortutako konpainiaren salmentaren akordioaren nondik norakoak publikoak ez badira ere, Ramon sortzaileak adierazi dio EuskalKultura.com-i “diru dezentegatik” saldu duela. Konpainiaren produktuak ohiko dendetan erosi ahal izango dira eta, bitartean, bizitza berri bati ekingo diote Ramonek eta Michael semeak, konpainiako jabeak orain arte: aita erretiratu egingo da, eta entrenatzaile pertsonal moduan arituko da semea. Enpresa kudeatzeko iritzi desberdinak egon daitezke salmentaren atzean.
2015/04/13
Azken asteetan Txilen eta Perun izan diran euriteak direla eta, uholdeak eta lubizi larriak izan dira. Kalterik handienak jasan dituzten lekuak Txileko Atacama ingurua eta Peruko Chosica eta Huarochiri hiriak izan dira, Limatik gertu. Bertako biztanleei laguntzeko elkartasun kanpainak jarri dituzte abian bai Txileko euskal komunitateak, bai Limako Euskal Etxeak.
2015/04/13
Aberri Eguna ospatzeko bertako euskal etxeak urtero antolatzen duen eskualdeko Dantzarien Topaketaren egoitza izan da berriro ere Cañuelas hiri argentinarra joan den asteburuan. 2015eko elkarretaratzerako prestatutako jardueren barruan, Mikel Ezkerroren hitzaldi bat ere gauzatu dute anfitrioiek. Horrez gain, igandeko senidetasun bazkarian, Argentinan Euskaraz programaren 25. Urteurrena ere hartu zen gogoan.
2015/04/13
Euskal dantza eta kultura lantzen, ikertzen, sustatzen eta zabaltzen trebatu den Aiko taldeak sarean ipini ditu, interesatu guztiek eskuratzeko moduan, Igorreko Bonifazio Arandia 'Fasio'ri buruzko hainbat material idatzi, audio, ikus-entzuteko eta irudiak. Bizkaiko herri musikako soinujotzaile esanguratsuenetako bat izan zen arratiar honetaz egiten ari den zabalkunde lanez gain, Aikok 'Dantza Fasiogaz' izeneko dantza ikastaroa antolatu du, maiatzean, EHUko KulturBasque-rekin batera.
2015/04/10
Hilosteko ohorezko zazpi domina jaso ditu Boisen jaiotako Manuel Aldecoa euskaldunak aste honetan. Orain 72 urte gertatu zen, 1943ko azaroaren 25ean. Dolores Totoricaguenak --Manuel Aldecoaren loba den John Wilsonen emazteak-- egindako ikerlan eta izapideen ondorioz lortu du sendiak Manuelen memoria omentzea. Mike Crapo Idahoko senadoreak zuzendutako ekitaldira 60 lagun bildu ziren, tartean 96 eta 93 urte dituzten Benedicta eta Delphine Aldecoa Manuelen arrebak, familiako beste 25 bat kide, Bizkaiko Foru Aldundiko Imanol Pradales eta Gabino Martínez de Arenaza eta KTVB telebista katea. “Oso harro gaude”, esan dio Delphine Aldecoak EuskalKultura.com-i.
2015/04/10
Pozik dira Montrealeko Euskaldunak Québec elkartean, bertako euskara eskolak egin duten aurrepauso handiarekin. Goizalde Galartza irakasleak aditzera eman duenez, ikasle kopuruak nabarmen egin du gora: aurreko urteetan bost ikasle baino ez ziren; aldiz, aurten hiru maila dituzte eta hogeita bi lagun dabiltza ikastaroan.
2015/04/10
2015eko Euskal Zine Zikloaren lehenengo emanaldian “Zortzi euskal abizen” proiektatuko dute Buenos Aires probintzia argentinarreko hiri honetako Domingo F. Sarmiento Herri Liburutegian, Askatasunaren Bidea antolatzaile. Hitzordua bihar da, apirilaren 11an, arratsaldeko 6:30etan. Buenos Aires Handiko euskal elkarte honek hilabete honetan ber abiatuko duela baita ere Euskara Tailerra adierazi du.
2015/04/09
Ofiziala da, Athletic Club-eko jokalariek Boise-n jokatuko dute heldu den uztailaren 29an, eta zuri-gorrien aurka Mexikoko Tijuana Xoloitzcuintles de Caliente, ‘Xolos’ bezala ezagutua den taldea arituko da. “Izugarri pozik gaude, gainera Athletic etxeko koloreekin zelairatuko dela jakinda”, adierazi dio antolakuntzatik EuskalKultura.com-i Argia Beristainek. Apirilean zehar, Tijuanara joango dira arduradunak, Mexikoko taldearekin hainbat gauza zehazteko, eta Idahoko KTVB telebista kateko hiru kazetarik lau egun emango dituzte Euskal Herrian, AEBetarako saio bereziak prestatzen.
2015/04/09
Atzo jakinarazi zuen Macachingo Euzko Alkartasuna euskal etxe antolatzaileak: Argentinako presidentea hautatzeko hauteskundeetan bigarren itzulia gertatzekotan orain arte Euskal Astea iragarrita zegoen datetan izan daitekeelakoan, antolatzaileek euskal hitzorduaren data aldatu eta urriaren 26tik azaroaren 1eko astea iragarri dira behin-betiko data gisa.
2015/04/09
2008an Espainiara, Malagara egin zuen bidaia batean topatu zituen neska euskaldun batzuen ahotan entzun zuen lehenengo aldiz euskara Alejo Conti rosariotarrak. Argentinara itzulita, hiriko euskal etxearekin kontaktatu, hizkuntza ikasi eta euskara irakasle da egun Rosarioko Unibertsitate Nazionalean.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus