euskal diaspora eta kultura
2015/07/31
Ian Buchanan sukaldariak euskal jakiak prestatzen irakatsi zien, atzo, Colorado-ko Breckenridge herriko CM eskolara hurbildutako hamabi ikasleri. Lepo zegoen klasea, hori baita izan zezaketen ikasle kopuru gehiena, eta itsaski eta arrainean oinarritutako menua prestatu zuten. Irakasleak EuskalKultura.com-i adierazi legez, “euskal kulturaz ezer gutxi jakin izanak erakarri egin du jendea”.
2015/07/30
Asteazkean ekitaldi ugari egin ziren Boisen, eta guk egunero bezala, argazki kronika baten bidez bildu ditugu. Euskal Ikasketen Mintegiaren inaugurazioa, "Meet the Basques" ekitaldia, musika eta dantza kaleetan, eta gurekin ez dauden hiru Jaialdi zale handiei agurra, gaurko irudietan. Horien artean dugu gure selfie lehiaketaren aurreneko irabazlea, Antonia Sangroniz. Zorionak!
2015/07/30
Gaur aurkeztuko da Boisen "The Basques in the United States" liburua, Boiseko Unibertsitateko "Joan Etorria" Euskal Ikasketa Mintegiaren barruan. Lan hau Koldo San Sebastian kazetaria buru izan duen hamar urtetako ikerketaren emaitza da. Bertan AEBetako Oestera joan ziren 10.000 euskaldunen izenak jasotzen dira, argazki, jatorri eta datu biografikoekin batera.
2015/07/30
Argentinan jokatuko da aurten Nazioarteko Mus Txapelketa, Mar del Platako Denak Bat euskal etxea antolatzaile. Lehiaketaren 38. edizioa astebetez luzatuko da eta partiden programaz aparte, beste hainbat ekitaldi ari dira prestatzen anfitrioiak bikote parte-hartzaileentzat. Muslarien eta laguntzaileentzako voucherren prezioak eta aste osoko egitaraua, EuskalKultura.com-eko artikulu honetan.
2015/07/29
Atzo abiatu zen Boisen Jaialdi 2015 euskal festa erraldoia, eta giro bikaina izan zen Basque Block euskal auzoan, musika, jan-edan eta beste ekitaldiekin. Jende mordoxka bildu zen bertara, Boiseko euskaldunak agurtzera, beste estatuetako aspaldiko lagunak agurtzera, edo, besterik gabe "heldu gara!" esatera. Une eder eta zirraragarri honetako zenbait argazki heldu zaizkigu dagoeneko. Bidali zuk ere zurea (#Jaialdi2015 eta #EuskalKultura traolekin) eta sari ederrak irabazi ahalko dituzu!
2015/07/29
Gaur eta bihar, Jaialdi 2015 programaren alsamenean, Boisen (Idaho, AEB) egingo den ‘Joan Etorri’ izeneko euskal ikasketa sinposioan hartuko du parte Jone Goirigolzarri Garaizar (Getxo, 1984) doktoreak. Berak defenditutako doktoretza tesiaren emaitzak aurkeztuko ditu bertan, bai eta lagunekin batu eta AEBetan urteak daramatzan Asueta familiarekin biziz. EuskalKultura.com-i esan dio “oso pozik" dagoela berriz ere hemen egoteaz. "(Doktoretzako) Proiektua CBSen idatzi neban, orain bost urte, eta tesia aurkeztera hona itzultzea ziklo bat ixtea modukoa da”.
2015/07/29
Ideia polita bezain originala bururatu zaie Santa Fe probintzia argentinarreko Roldango euskal etxeko kideei herriko jendeak beren sustraiak eta euskal gizataldearen lana ezagut ditzan. “Roldango Euskaldunak atez ate” programaren baitan euskal etxearen berri eman diote bere komunitateari Euskel Biotza-koek, hirurehunetik gora gutun bidaliz. Honekin batera, datorren igande honetan egingo duten San Inazio bazkarira gonbidatzen du euskal etxeak.
2015/07/28
Azkenean hemen da Jaialdi, bere 2015eko edizioan, zazpigarrena 1987an lehenengoa egin zenetik. EuskalKultura.com-ek uztailaren 27tik abuztuaren 2ra bitartean Boisen antolatu diren programa eta proposamenetan murgildu eta honako laburpena prestatu nahi izan du, bertaratzeko asmoa daukaten bere irakurleentzat, zein euren bizilekuetatik elkarretaratze handi hau jarraitu nahi dutenentzat.
2015/07/28
Habanako Euskal Etxeak (Ongintzako Laurak Bat elkartea) bere sorreraren 138. urteurrena ospatu zuen uztailaren 12an, elkarteko bazkide eta laguntzeko festa batekin. Ekitaldia Habanako Rumbaren Jauregian egin zen eta ia 300 lagun bildu ziren bertara. Elkarteak omenaldia egin zion William Douglass antropologo amerikarrari. Douglass Renoko Center for Basque Studies-en sustatzaileetako bat izan zen eta Ameriketako euskal diasporaren aditu nagusienetakoa da.
2015/07/28
Urtero bezala, aurten ere abiatu du Hator Hona programa Necocheako Euzko Etxea euskal etxe argentinarrak. Egitasmoaren baitan, mota askotako tailerrak ari dira ematen Necocheako euskal instituzioan uztailaren 17an argentinaratu ziren sei gazte euskaldunak. Eskolak emateaz aparte, eta anfitrioiekin “momentu ederrak konpartitzeaz gain” etxeko San Inazio programan ere hartuko dute parte gonbidatu europarrek.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus