euskal diaspora eta kultura
2016/02/24
Iparraldeko musikari, dantzari, aktore eta herritar talde batek Katalina Erauso euskal monja gudariari buruzko pastorala sortu du. XVII. mendean Erausok komentutik ihes egin eta Ameriketara joan zen, gizonez mozorrotuta, hamaika abentura eta borrokatan parte hartuz. Pastoralak bere bizitza harrigarria taula gainera ekarriko du eta horretarako finantziazioa eskuratzeko sostengu kanpaina jarri du abian munduko euskaldunen artean. Pariseko, Paueko eta Suitzako euskal etxeek babesa eman diote dagoeneko; antolatzaileek Diasporako gainerako elkarteei ere deia egin diete.
2016/02/24
57 urte beteko ditu otsailaren 28an Macachingo Euzko Alkartasuna Euskal Etxeak. Erakundearen egoitza den izen bereko hotelak, berriz, 50 egin ditu urtarrilean. Bi urteurrenak ospatzeko hiru eguneko programa antolatu dute macachindarrek datorren astebururako: ostiral eta larunbatean, Mus Txapelketa; igandean, lagun arteko bazkari erraldoia. Bi ekintzetan parte hartzeko txartelak daude salgai.
2016/02/23
Eusko Ikaskuntzak antolatuta, "Arteak eta Euskal Diaspora" izeneko nazioarteko jadunaldiak egingo dira aste honetan Baionan eta Donostian. Etzi, Baionako Euskal Museoak hartuko ditu mintegiko saioak, eta etzidamu, Donostiako San Telmo Museoan egingo dira. Horrez gain, "Artisten begirada Euskal Diasporaz" erakusketa estrenatuko da Baionan, eta ondoren Euskal Herriko zazpi probintzietan barrena izango da ikusgai 2017a arte.
2016/02/23
Idaho Stampede Boiseko saskibaloi taldeak hiriko Ikastolari lagunduko dio datorren martxoaren 11n. Austin Spurs taldearen kontra jokatuko duten partidarako sarrera bakoitzetik bost dolar jasoko ditu Ikastolak, haur eskolaren jarduna laguntzeko. Partidara joan eta talde boisetarrari animatzeko deia egin dute Ikastolak eta antolatzaileek, ongi pasatu eta partidaz gozatzearekin batera Boiseko euskara eta euskal kulturaren lagungarri izateko xedea duen ekimenean parte hartuz.
2016/02/23
Gogoz jarraitzen du lanean Misiones probintzia argentinarreko Corpus Christiko Eusko Etxeak eta urtez urte sendotu egiten da aurrera daramatzan proiektuetan. Atahualpa Yupanqui izena daraman bere Liburutegiak sortutako Idazlan Lehiaketa, Nazioarteko Lehiaketa izatera iritsi zen denboraren poderioz. Azken egun hauetan kaleratu dituzte 2016ko edizioko oinarriak. Lanak bidaltzeko epea maiatzaren 31an bukatuko da eta sari-emanaldia uztailean egingo, Kultur Jaiaren baitan.
2016/02/22
Amaitu berria da Bartzelonako Euskal Etxearen 2016ko Zinemaldia eta antolakuntzak atzo gauean eman zituen aditzera Txapela D'Or sariaren irabazleen izenak: 'Amama' filma, 'Jai Alai Blues' dokumentala eta 'Gure Sorlekuaren Bila', hau ere dokumentala. Lan hauez gain, zinemaldiko epaimahaiak aipamen berezi bat egin nahi izan dio fikziozko beste film bati, "Pikadero"-ri hain zuzen ere. Zorionak denei!
2016/02/22
Datorren astelehena arte (otsailaren 29a arte, alegia) luzatu du Boise State University-k euskal ikasleei zuzenduriko doktoretza bekak eskatzeko epea. Bekek urtebeteko iraupena izango dute eta ikasleak doktoretza egin ahal izango dute Boiseko Ingeniaritza eta Elektronika arloko sailetan. Bekak matrikula osotasunean ordainduko du eta, horrez gain, ikasleak 18.000 eta 25.000 dolar bitarteko diru-laguntza jasoko du ostatu eta gastuetarako.
2016/02/22
Eskualdeko gazteak bilduz Aberri Eguna ospatzeko helburua duen jaialdi hau bere hamargarren ediziora iritsiko da aurten eta antolatzaileek behar –eta merezi– bezala ospatu nahi dute. Hori dela eta urteroko programari garrantzi handiko bi proposamen gehituko dizkiote: Maral taldearen kontzertu bat eta 'Paella Erraldoi Showa' deitu duten ikuskizuna. Dantzari Topaketa apirilaren 2an eta 3an izango da, Cañuelasko Denak Bat antolatzaile.
2016/02/19
Abuztuan egingo den Bath-eko Folk Jaialdian parte hartu nahi duten talde eta musikarien bila dabil Bristoleko Euskal Etxea. Jaialdian izena emateko epea Martxoaren 1ean itxiko da, beraz, interesa duzuenok bizkor ibili! Horrez gain, edozein arlotako musikariak ere gustora hartuko dituzte, Londres eta Bristoleko euskal elkarteekin koordinatuz tour txikia prestatu nahi izanez gero. Jarraian, datu gehiago eta elkartearen aurreneko Mus Txapelketako irudiak.
2016/02/19
Prozesuen hobekuntzan ingeniaria da Usue Aliende Urrutia mungiarra. Hogeita zortzi urte eta kurrikulum profesional politaren jabe, Usuek bost urte daramatza Ingalaterran eta aeronatika alorrean egiten du lan. Bristolen sortzen ari den euskal etxearen eragile eta aurreneko lehendakaria ere bada.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus