euskal diaspora eta kultura
2016/09/21
Bi hitzordu izango dituzte gaur Etxe Alai-ko kideek. Goizean, Bakearen Nazioarteko Eguna dela eta, hiriko Bakearen Arkua izeneko gunean egingo den zeremonian euskal gizataldearen ordezkari izango dira. Arratsaldean, berriz, Euskal Etxearen urtebetetzea ospatzeko, euren egoitzan bilduko dira haritz bat landatzeko eta brindisa partekatzeko, euskal makumea eta bere lan eskerga omentzearekin batera.
2016/09/21
Eusko Ikaskuntzak Diasporari buruzko gogoetaldi baterako deia egin du ostiral honetarako, irailaren 23rako, deialdi bat plazaratuz "Etorkizuneko diaspora: Zer-nolako harremanak nahi genituzke Euskal Diasporarekin?" izenburupean Baigorriko Bil Etxea gelan. Lekuak mugatuak dira, baina informazio hau idazterakoan azkenekoren bat geratzen da oraindik.
2016/09/20
Azken urteetan egin den legez, Argentinako Euskal Aste Nazionalaren baitan erabakiko da datorren urteko euskara ikasturtea bultzatzeko erabiliko den kartel edo afixa. Jaiaren antolatzaileek kleratu dituzte dagoeneko Lehiaketan parte hartzeko oinarriak. Lanak bidaltzeko epea urriaren 27an bukatuko da eta saria, diploma, zabalkundea herriald osoan zehar eta kartela Argentina osoko euskara klaseen irudia izango dela jakitearen poza.
2016/09/20
Alemanian eta Suitzan barrena mini-bira hasiko du bihar Berri Txarrak taldeak, "Denbora da poligrafo bakarra" (2014) diskoarekin. Alemanian hiru emanaldi egingo ditu --Berlinen Belako talde euskaldunarekin-- eta bat Suitzan. Gainera, taldea Hegoameriketan bira prestatzen ari da abendurako. Momentuz Sao Paulo, Buenos Aires eta Santiago daude konfirmatuta, baina data berriak gehituko dituzte.
2016/09/20
Bizkaiko Foru Aldundiak aurkeztu duen egitarauak mota askotako 300 bat ekitaldi baitaratzen ditu kultur ondarea zabaltzeko helburuz, urri osoan zehar garatzekoak. Tartean dira bisita gidatuak, hitzaldiak, erakusketak, ofizio erakustaldiak, azokak, gastronomia, zinema emanaldiak, antzezpen historikoak, musika, dantza, kirola, jardunali zientifiko eta mintegiak.Islandiari dagokionez, euskal arrantzale eta balezaleen presentzia islandiarrari buruzko datu ezezagunak jendaurretuko dira.
2016/09/19
Nekazaritza Elkarteko erakustaldiaren baitan egiten da urtero Pergamino hirian Kolektibitateen Sukaldaritza Gunea. Oso talde sendo bati esker, Lagun Onak Euskal Etxearen txokoa bost egunez jarraian eta eguerditik gaueraino egon zen irekita publikoaren jakinmina eta euskal platerak dastatzeko grina asetzeko. Arrakasta honek animo handia ematen die euskal arduradunei datozen hitzorduetarako. Berehala ospatuko dituzte erakundearen urteurrena, Pergaminoko urtemuga eta Euskal Astea… batzuk aipatzearren.
2016/09/19
Iragan irailaren 9an "Txileko Euskal Gizataldea" euskal etxeak Arantzazuko Amaren eguna ospatu zuen, Euskal Abesbatzaren partehartzea izan zuen meza elizkizun batekin. Horrez gain, aipatu elkarteak 9 urte bete dituela aurten, eta ekainaren bukaera aldera urteurrena ospatzeko dantza erakustaldia eskaini zutela elkarteko dantzariek.
2016/09/19
Kontzertua Kataluniako Etxean izango da datorren larunbatean, eta bere euskal errepertorioa eskainiko dio talde Mariana Dominé buru duen taldeak hiriburuko publikoari. Maral-ekin batera, gainera, Euskaltzaleak-en baitan sortutako Zutarriak taldea ere arituko da, Euskal Herriko kantutegiko abesti tradizionaletako batzuk eskainiz, arrecifestarrei sarrera emanez. Bistan da musikak leku nabaria duela Buenos Airesko Triki-poteoak ere antolatzen dituen Euskaltzaleak Euskaltegian.
2016/09/16
Tailerrak arratsaldeko 7etan izango dira, Neuquen hiriko Pastoral de Migraciones delako gunean. Hauek izango dira Manuel Molina buru duen Comahueko Euskal Etxeko Zuzendari Batzordearen lehenengo urratsak baina ez bakarrak. Izan ere, helburu bat baino gehiago dituzte euskal etxe berriaren kideek etorkizunerako, tartean, parte hartzea Patagonia Argentinarreko Euskal Etxeen Topaketan eta Euskal Astean.
2016/09/16
Etxepare Euskal Institutuak ELTE Unibertsitatean duen irakurletzak eta Budapesteko Cervantes Institutuak antolatuta, euskal hizkuntza eta kulturari buruzko jardunaldiaak egingo dire Hungariako hiriburuan irailaren 22 eta 23an. Egitarauak hainbat mintzaldi biltzen ditu, euskara, literatura, musika eta euskal eta hungariar kulturaren arteko harremanei buruzkoak. Horrez gain, "Loreak" filmaren emanaldia egingo da.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus