euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jai giroa eta komunitate indigenekiko engaiamendua Corpus Christiko Euskal Kultur Festan (ikus bideoa)

2013/07/31

Mota askotako ekintzak gauzatu ziren Corpus Christiko Euskal Kultur Jaian, tartean antzezlanak, aire zabaleko ekintzak eta Literatur Lehiaketaren sari banaketa (argazkiak EE) Urteko bere ekitaldi nagusia burutu du Misiones probintzia argentinarreko Corpus Christi-ko Eusko Etxeak neguko oporraldian. Uztail erdialdean eginiko Euskal Kultur Festak ondo pasatzeko eta euskal kulturara hurbiltzeko aukera politak eskaini dizkio komunitateari. Aurtengo proposamen batekin, ordea, Eusko Etxea haratago joan dira eta komunitatearen mugak ere gaindituko ditu, Saladilloko ‘Cine con Vecinos’ elkartearen eskutik, eskualdeko indigenen egoera salatzen duen bideo bat egin baitute, Corpus Christi-ko herritarrak protagonista, Euskal Kultur Jaiaren baitan. Bideo ikustera gonbidatzen zaitugu (artikuluan). Laster zenbait hizkuntzatara itzuliko da, tartean guaraniera eta euskara.

Gehiago irakurri...


Duela 69 urte Itxarkundia jaio zen Arrecifesko (Argentina) Euskaldunak Denak Bat euskal etxean

2013/07/31

Itxarkundia taldea Arrecifesen 1944an Gaur bezalako egun batean, uztailaren 31ean, San Inazio egunez, Itxarkundia jaio zen Santa Fe probintzia argentinarrean, Arrecifesko euskal gizataldearen barruan. Euskaltzaletasunak bultzatuta, dantzari talde hau erreferentzia bilakatuko zen bere inguruan eta bere garaian. Izan ere, Itxarkundiak jende askoren memorian dauka lekua eta Arrecifesko eta Argentinako euskal historiako parte da. Urteurren honi buruz eta Itxarkundiaz idazten digu artikulua, Arrecifestik, Jon Lucio Agotegarai Etxanizek.

Gehiago irakurri...


1919an hasitako "Confiteria Los Vascos" gozotegia saritu dute Bahia Blancan, segida familiarra sariarekin

2013/07/30

Argentinako Bahia Blancako Los Vascos Gozotegiaren iragarkiak (argazkia Ravens Sociedad de Publicidad) Laugarren urtez banatu dira aurtengo uztailean Argentinako Bahia Blancan Corporación Sariak, bertako Merkataritza, Industria eta Zerbitzuen Korporazioak antolatuta, lau sari horietako bat, 'segida familiarra' arlokoa, 'Confitería Los Vascos' gozotegiari eman zaiolarik. Hiriko La Nueva Provincia egunkariaren arabera "segida familiarraren saria ezin izan da egokiago eman, Los Vascos Gozotegiari eman baitzaio, Bahia Blancako leku esanguratsuenetako bati. Donado 196 helbidean kokatua, 1919an sortutako leku tradizional hau, ibilbide familiar aberatsekoa da, abiatu zuten eskuetatik hasita, Jose Moro Izaguirre eta Valentina Lecuona abiatzaile", dio aipatu egunkariak, jarraian biltzen dugun oharrean.

Gehiago irakurri...


Sara Pagola Euskadiren ordezkaria bisitari, amaitu da Rosarion Euskara Munduan-go 2013 negu barnetegia

2013/07/30

Euskara Munduan-en ikasle eta Kinku Zinkunegi, Gabriel Arce, Gabriela Mendia eta Sabrina Otegui irakasleak Zazpirak Bat Euskal Etxearen atarian (argazkia Valeria G. Oyarzabal) HABE eta FEVAren babesarekin, arrakastaz amaitu da Rosarion Euskara Munduan proiektuko 2013-2016 epeko bigarren barnetegia. Lan handiko egunak bizi izan zituzten Argentina, Brasil, Txile eta Uruguaiko ikasleek Zazpirak Bat Euskal Etxean. Hala ere oso pozik agertu ziren agur esateko momentuan eta udakoan pentsatzen hasiak dira jadanik. Bisita egitarauari jarraituz, Euskadiko ordezkaria den Sara Pagola ere bertaratu zen Rosariora pasa den astean. Eusko Jaurlaritzaren Nazioarteko Politikari buruzko hitzaldia eskaini aurretik, Euskara Munduan-en ikasle eta irakasleekin mintzatzeko aukera izan zuen Lakuako Gobernuaren Ordezkariak.

Gehiago irakurri...


San Inazio eguneko ospakizunak une gorenera iritsiko dira bihar eta asteburuan Diasporako hainbat euskal etxetan

2013/07/30

San Inazio jaia Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxean, Arrecifesen Boisek abiatu zituen Diasporako San Inazio festak, iragan uztailaren 26, 27 eta 28an; baina egunotan munduko beste zenbait txokoetara zabalduko da santu euskaldunaren jaia. Bihar bertan da Bizkaia eta Gipuzkoako patroiaren eguna (Argentinako Junin hirikoa ere bada) eta bi probintzia horietan jai eguna izango dugu. Bi euskal etxek bat egingo dute ospakizunekin bihar bertan: Argentinan Necocheako eta Arrecifeseko euskal etxeek eta Paraguaien Asunciongo Jasone Etxeak. Beste zenbait lekutan, hala nola Mexiko, Santiago edo Viña del Mar-en, asteburuan egingo dira bestak.

Gehiago irakurri...


'Basque Hotel' xaharraren aipua egin du Matthew Iribarnek lehengo San Frantzisko aipatzen duen artikuluan

2013/07/29

Kalifornian, San Frantziskoko North Beach auzoko 'Basque Hotel'eko neoizko iragarkia uztail honetanxe ateratako irudian (argazkia EuskalKultura.com)

Euskal lekuak Estatu Batuetako herri eta hiri askotako parte dira, Mendebaldean bereziki, eta horixe gertatzen da San Frantziskok bezala euskal osagaia berezkoa duen hiri batean. San Frantziskon berean sortua, Matthew Iribarnek hiria duela urte batzuk nolakoa zen gogora ekarri du oraintsu argitara emaniko artikulu batean, eta hor aipatzen du Romolo kale labur eta malkartsuko 'Basque Hotel' xaharra, North Beach-en, egun, nahiz eta jabeak eta izaera aldatua, zabalik segitzen duen lekua.

Gehiago irakurri...


Urkullu lehendakaria New Yorkeko Eusko Etxearen Mendeurreneko ekitaldietan partaide izango da urrian

2013/07/29

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu Iñigo Urkullu Estatu Batuetara joango da urrian, Europar Batasunetik kanpo lehendakari gisa egiten duen lehenengo bidaia ofizialean. Lehendakariak New York, Washington DC eta Milwaukee hiriak bisitatuko ditu urriaren 8tik 13ra bitartean, azken xehetasunak finkatzeke, eta, Diasporari dagokionez, New Yorkeko Eusko Etxea-ren mendeurreneko ekitaldietan hartuko du parte eta Estatu Batuetako euskal komunitateko ordezkariekin bilduko da Etxeorratzen Hirian zein Washington hiriburuan.

Gehiago irakurri...


Basque Tribune aldizkaria jaio da: euskal komunikabide berri bat sarean, eta ingelesez!

2013/07/29

Basque Tribune aldizkari digitalaren azala, egunotan irakurgai dagoen berrietako batekin Sarean da euskal aldizkari berri bat: Basque Tribune izena du eta ingelesez hutsean egina da. Arduradunen esanetan, abentura digital berri honen helburua Euskal Herriari buruz jakinmina duten ingeles hiztunengana zuzenean iristea da, atzerriko komunikabideen bitartekaritzarik gabe. Albistariak ez ditu eguneroko berriak argitaratzen; aldiz, politika, gizartea, kultura, kirola, euskera eta ekonomia arloko gaiak sakon eta zabal jorratzen ditu. Iñaki Galdos politikari ohia da komunikabide berriaren sustatzaile eta editorea, euskal gizarteko hainbat arloetako adituen kolaborazioarekin eta kazetari talde gazte baten buru.

Gehiago irakurri...


Euskal Herrian, harro janzten dituzte Txorierri HKTkoek Argentinako Rio Cuartoko Euskal Etxearen elastikoak

2013/07/26

Txorierri Herri Kirol Taldeko lau kide, Rio Cuartoko Gure Ametza Euskal Etxeko elastikoak soinean Argentina barnealdeko Cordoba probintziako Rio Cuarto herriko Gure Ametza euskal etxetik, honako irudia helarazi digute, erakutsiz zein harro dabiltzan Euskal Herrian Bizkaiko Txorierriko Herri Kirol Taldeko partaideak Gure Ametzako elastikoak soinean. Adiskidetasun eta elkarri laguntze harremana dute eurena, eta aurretik ere emana dugu EuskalKultura.com-en horren berri. Egia esan, beti da gauza on eta interesgarria euskal etxeen arloan, Euskal Herrian kultura, kirol eta beste zenbait arlotan dabiltzan taldeekin harremanak sakontzea, elkarren bultzagarri eta eragingarri.

Gehiago irakurri...


Dena prest dago Boisen, iganderaino luzatuko diren bertako San Inazio 2013 jaiei ekiteko

2013/07/26

Boiseko 2013ko Euskal Jaiak iragartzen dituen afixa (argazkia EuskalKultura.com) Urtea joan da eta berriz ere iritsi da uztail-hondar, abuztu-hasiera garaia eta horrek esan nahi du, AEBetan, Idahoko Boisen, bertako San Inazioko jaiak. Gogoratu behar da uztailaren 31a hemen jai ez denez, ospakizunak aurreko edo ondoko asteburura pasatzen direla, eta aurtengoan aurrekoari egokitu zaio. Gaur arratsaldez, Euskal Etxean egingo den pintxo dastaketa batek eta Basque Block-eko Anduiza hoteleko frontoian Boise eta San Frantziskoko pilotarien artean jokatuko diren partidek emango diote hasiera jai egitarauari. Hiru egunez, Boise erdiguneko Grove kale inguruak dirdira berezia hartuko du, euskal musika, dantza, janaria, oroigarri eta elastikoak nagusituko baitzaizkie bertaratzen diren guztiei. Igandean, revival, Ordago taldearen itzulera, Basque Block-eko berbenan.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia