2013/10/16

Mugimendu handiko hilabetea da hau Arrecifeseko euskal etxe argentinarreko lagunentzat eta ez soilik hirian bertan egiten ari diren aktibitateengatik. Izan ere, azken aste hauetan Tandilen, Buenos Aires probintziako Salton eta Llavallolen izan ziren arrescifestarrak: Tandilen, bertako 'Gure Abestiak' abesbatzak antolatutako Topaketan emanaldi bat eskaintzeko; Salton, herriko Gizataldeen Jaian stand bat muntatzeko; eta Llavallolen, Umeen Topaketan parte hartzeko. Ekintza hauez gain, eta Euskal Astera joateko dirua biltzeko asmoz, ‘Chancho movil’ bat prestatu zuten euskal etxeko dantzariek, helduek lagundurik.
Gehiago irakurri...
2013/10/15

John Ascuaga euskal amerikarrak eta bere familiak Sparks-eko Nugget kasinoa saldu egin dute, 58 urte luzez sendiaren zuzendaritzapean izan ostean. Epe horretan, kasinoa hiriko ekonomiaren motore bihurtu da eta eraikinaren 29 solairudun bi dorreak Sparks-eko irudi ezagunenetako bat bilakatu dira. Orain, beste zenbait kasino kudeatzen dituen enpresa baten esku geldituko da Nugget-a; sendiaren esanetan, hori baita kasinoaren etorkizuna ziurtatzeko bidea. John Ascuaga eta haren familia Sparks-eko kide oso ezagunak eta maitatuak dira, gizarte arloan oso aktiboak izan baitira. Reno Gazette Journal (RGJ) egunkariak plazaratu duen artikulutik ekarri dugu berria.
Gehiago irakurri...
2013/10/15

Lehiaketak bi kategoria izango ditu, Argazki Zaharrak eta Berriak, eta irudiak Coronel Pringles hirian edota inguruan ateratakoak behar dute izan. Lanak bidaltzeko epea azaroaren 15ean bukatuko da eta irabazleen izenak abenduaren 3an ezagutaraziko dira, Euskararen Nazioarteko Eguneko ospakizunean. Beste alde batetik, Pringleseko euskal etxeak, irailean izandako bisitaren berri ere konpartitu nahi du. Irailaren 21ean eta lehendabiziko aldiz, FEVAko agintariak Eusko Biltzarren egoitzan elkartu ziren, Federazioaren zuzendaritza nazionalaren hileroko bilera burutzeko.
Gehiago irakurri...
2013/10/15

Urteak antolatu gabe egon eta gero, datorren astean, urriaren 21etik 25era, gazteentzako (22) 'Basilio Balda' eta Lehenengo Kategoriako 'Vicente del Río' Xare Txapelketak burutuko dira Argentinan. Kirol ekitaldia Buenos Aireseko Laurak Bat eta Gure Echea, eta La Platako Euzko Etxea elkarteek antolatu dute eta Argentinako Pilota Federazioaren eta Pilota Federazio Metropolitarraren babesa du. Europa eta Hego Amerikako 25 klubeko ordezkari biltzeaz gain, lehiaketaren baitan Euskal Pilota hobeto ezagutzeko ekintzen programa oparo bat ere burutuko da.
Gehiago irakurri...
2013/10/14

Atzo igande iluntzean New Yorkeko Bosgarren Hiribideko areto batean eginiko Gala izan da Estatu Batuetako euskal etxerik zaharrena den 'Eusko Etxea of New York'ek bere Mendeurrena ospatzeko antolatutako ekitaldien gailurra markatu zuen ekimena, New Yorkeko, NABOko, Eusko Jaurlaritzako (Urkullu lehendakaria zen ordezkaritzako buru) eta itsasoaren bi aldeetan jaiotako euskaldunak partaide. Ekitaldien azken txanpan, gaur Bostgarren Hiribidean barna ibiliko den Columbus Day-ko kabalkada edo desfile famatuko euskal partaidetza izango da, musikariak, dantzariak eta NABO eta Jaurlaritzako kideak lagun, ospakizunen azkeneko ekitaldia.
Gehiago irakurri...
2013/10/14

New Yorkeko Euskal Etxearen Mendeurreneko ekitaldietan parte hartu eta gero, Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohia Mexikon izango da aste honetan. Ibarretxek hainbat hitzaldi emango ditu herrialdeko honetako unibertsitate eta erakundeetan, Lehendakari Agirre Center ekimena aurkezteko. Horren karira, Euskal Herriko garapen eredu jasangarriari buruz ere mintzatuko da; izan ere, gai horixe baita LAC delakoaren ikerketa arloetako bat.
Gehiago irakurri...
2013/10/14

Aktibitatea oso ohikoa da Euskal Herrian baina nahiko ezezaguna Argentinako hiriburuan. Koadrila Buenos Aireseko Euskaltzaleak-en egoitzan elkartuko da eta bertatik San Telmoko Defensa Plazara abiatuko da euskal musikaren erritmora. Bidean, gainera, pote batzuk hartuko dituzte auzoko tabernetan eta kaleko jendea animatuko dute dantza egin eta euskaraz abestera. Hitzordua urriaren 19an da, arratsaldeko 6:30etan, Bernardo de Irigoyen kaleko 826. zenbakian.
Gehiago irakurri...
2013/10/11

Iñigo Urkullu lehendakaria gaur sartuko da New Yorken, AEBetara egiten ari den bidaiaren azken zatian. Goizean bilera eta aurkezpen bat izango ditu Columbia Unibertsitatean eta segidan beste bilkura bat Guggenheim Fundazioko buruzagitzarekin. Ondotik, New Yorkeko Eusko Etxearen Mendeurreneko ekitaldietara bilduko da. EENYen egoitzan, EHMG mintegiaren bigarren saioa izango da gaur, partaide direla Anna Aguirre, Argitxu Camus-Etchecopar eta Joseba Etxarri, EuskalKultura.com-en zuzendaria, eta ondoren Kalakan hirukotearen emanaldi bat. Astebururako dena dago prest Eusko Etxea of New York elkartearen Mendeurren ospakizun handirako.
Gehiago irakurri...
2013/10/11

Quebec-eko Euskaldunak Euskal Etxeak ikasturtea hasi zuen irailaren hondarrean, eta gogo biziz hartu dituzte bazkideek euskara, dantza eta mus ikastaroak, besteak beste. Horiekin guztiekin batera, ikastaro berri bat izango dute aurten quebectar euskaldunek; izan ere, arraunketa klaseak abiatuko dituzte, Indianoak espedizioko kideek elkarteari oparitu zioten traineruarekin. Horrez gain, aste honetan New York-en izango da Quebec-eko euskaldun talde bat, New Yorkeko Euskal Etxearen Mendeurreneko ekitaldietan parte hartzeko.
Gehiago irakurri...
2013/10/11

Misiones probintzia argentinarreko Posadas hiriburuko Euskal Jatorri euskal etxeak antolatuta, “Eusebio Zamacola Abrisqueta. Euskal bidelapur bat Chacon” bere liburua aurkeztuko du gaur, urriaren 11an, Fabio Echarrik Herriko Liburutegiko Auditoriumean. Hitzordua iluntzeko 8etan da, eta sarrera libre eta doakoa. Gogora dezagun liburutegi berean eta FEVAren kultur eskaintzaren baitan, Laura Nobile adituak genealogiari buruzko hitzaldi bat eskaini zuela joan den abuztuaren amaieran.
Gehiago irakurri...