2013/10/31

Euskal Herria turisten zirkuitoetatik kanpo ezagutu nahi al duzu? Zure arbasoen lurra bertakoa bazina bezala bizi eta esperimentatzea amestu al duzu? Horixe proposatzen du, hain zuen ere, Itsaslur taldeak, 'Overtrails' izeneko proiektuarekin. Diasporarentzako bereziki pentsatutako programa da eta datorren astean Villa Marian Argentinako Euskal Astean aurkeztuko dute Itsaslurreko ordezkariek. Egitasmoak hiru bidaia mota eskaintzen ditu: kultur bidaiak, euskaran murgiltzeko egonaldiak eta esperientzia bizitzeko bidaiak, arrantzale eta baserritarren bizimodua zuzenean ezagutzeko.
Gehiago irakurri...
2013/10/31

Datorren igandean, azaroaren 3an, bete eta ospatuko ditu Buenos Aireseko Nafar Etxeak 118 urte. Oturuntza Moreno kaleko egoitzan burutuko da eta bazkide, lagun eta artista gonbidatuak bilduko ditu. Izan ere, etxeko dantzariek ez ezik, Aragoiko Zirkuluko Errondailak ere izango du festa animatzeko ardura. Gonbite honekin batera, Zine-eztabaida zikloaren bigarren emanaldiaren filma eta data jakinarazten ditu erakundeak: hitzordua azaroaren 16an izango da eta hautatutako pelikula, Diego Corsiniren “Solos en la ciudad” (Bakarrik hirian).
Gehiago irakurri...
2013/10/30

Urriaren 22tik 25era egin zuen Asunciongo Jasone Euskal Etxeak bere hirugarren Euskal Astea, eta arduradunak pozik agertu dira antolatutako ekitaldiek izan duten harrera ona dela eta. Bereziki azpimarragarriak izan dira UniNorte unibertsitatearekin elkarlanean egin diren zine emanaldiak; "Bertsolari" dokumentalak esaterako, ikusleak txunditu egin omen zituen, eurentzako ezezaguna zen bertsolaritza munduaren ateak ireki baitzizkien, era poetiko eta erakargarrian.
Gehiago irakurri...
2013/10/30

Argentinako Euskal Diaspora prest dago bere urteko jai garrantzitsuena ospatzeko. Euskal Astea azaroaren 2tik 10era izango da, Villa Marian, eta bertako euskal etxea azken xehetasunez arduratzen ari da dena ondo atera dadin. Jaiaren tauletatik, Euskal Herriko Gozategi taldea pasatuko da larunbateko erromeria alaitzeko. Eusko Jaurlaritzaren agintariei dagokienez, Marian Elorza, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak, Asier Vallejo, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariak eta Sara Pagola, Argentina-Mercosur-erako Euskadiren ordezkariak ordezkatuko dute Eusko Jaurlaritza. Euskal Astearen baitan Hego eta Ertamerikako Euskal Gizataldeen I. Eskualde Bilkura egingo da, hamar bat herrialderen partaidetza iragarrita.
Gehiago irakurri...
2013/10/30

Segitzen dugu New Yorkeko Eusko Etxearen Mendeurreneko argazki-kronikarekin, azken aurreko atalean. Larunbatean kokatzen gara, urriaren 12aren arratsaldean. NABOren bilkura amaitu berria da eta egitarauak euskal kantu eta dantza emanaldi bat iragartzen du East River State Park izeneko parke publikoan, Brooklynen baina aurrez aurre dagoela, Hudson-en East River delakoa tarteko, Manhattango etxeorratzen multzoa. Hura atzealdean arituko dira euskal dantza eta kantu emanaldia eskainiko duten Euskadiko eta AEBetako taldeak.
Gehiago irakurri...
2013/10/29

Saladilloko Itxaropen Euskal Etxeak, Argentinako Buenos Aires probintzian, bere Zuzendaritza Batzordea berritu duela iragarri du, buru aldaketa batekin, izan ere Nora Idoeta da euskal elkartearen lehendakari berria, lekukoa orain arteko lehendakari Hector Altamirari hartuta, azken honek euskal etxeko idazkari gisa segitzen duelarik Zuzendaritza Batzordean.
Gehiago irakurri...
2013/10/29

EuskalKultura.com-en otsailean iragarri genuen legez, ‘Euskara Jendea’ dokumentala osatzen duten sei atalak urriaren 10etik 25era aurkeztu dira ofizialki Euskal Herrian. Juan Carlos Etxegoien 'Xamar'en lana telebistara ere iritsi da, beraz, eta estreinaldia bihar, asteazkena, izango da gaueko 10:15etan, Euskal Herriko ordutegian, ETB1en. ‘Euskara Jendea’ liburuan oinarrituta dagoen izen bereko ikus-entzunezko bertsioa Diasporatik ere ikusi ahal izango da, ETBren webgunetik hain zuzen.
Gehiago irakurri...
2013/10/29

Unai Lauzirika lekeitiarra Alemanian bizi da orain dela zenbait urte eta, Berlingo Euskal Etxeko zuzendaritzako kide izateaz gain, Leipzigeko Unibertsitatean Euskara eta Euskal Kultura irakurlea da. Ikastaroa abian jartzeko ardura izan zuen iaz, eta hasieratik espero baino ikasle gehiagok izena eman zutela aipatu du. Horietako askok udan jarraitu omen zuten euskara eta euskal kultura ikastaroekin eta, aurten, irakurletza maila horretan mantentzea eta finkatzea da helburua.
Gehiago irakurri...
2013/10/28
Elgoibarren jaioa, hamalau urte daramatza Alex Garatek Argentinan. 23 urterekin ezagutu zuen ‘munduko bazter hau’, Euskal Herriko Unibertsitatean Fisika Lizentziatura bukatzean, bere ikasketak jarraitzera Cordobako Unibertsitatera etorri zenean. Gradu ondokoa amaitu eta atzera Euskal Herrian bost urte eman ondoren, Cordobara bueltatzea ebatzi zuen, Unquillo herrian kokatzeko. Bigarren Hezkuntzan Fisika irakaslea, ‘Zingaros-New Gypsy Tango’ taldean akordeoilaria, eta mendizale amorratua… hau da Alex Garate, euskal etorkinetan bestelako profila.
Gehiago irakurri...
2013/10/28

Udazkenak euskal hotsak ekarri ditu aurten Poloniara, Wroclaw eta Poznan hirietan egin diren zenbait kultur jarduera medio, Etxepare Euskal Institutuak lagunduta. Wroclaw-en, esaterako, Juan Kruz Igerabide, Elixabete Manterola eta Harkaitz Cano idazleek Wroclaw Short Story Festival delakoan parte hartu dute. Bestalde, Poznan-en Euskara eta Euskal Kultura irakurlegoaren ikasturteari hasiera emateko Weronika Nowak ikasle ohiak euskal kantu eta ipuin kontzertua eskaini zuen (ikus bideoa jarraian).
Gehiago irakurri...