euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Euskadi bere pintzelean', gaur abiatuko da Bahia Blancan Ignacio Diaz Olanoren lanen erakusketa

2014/06/30

Ignacio Diaz Olano margolari gasteiztarraren lanen erakusketa ekainaren 30etik uztailaren 12ra egongo da zabalik Argentinako Bahia Blancan, bertako Union Vasca euskal etxearen eskutik Bahia Blanca hiri argentinarreko Rivadavia Liburutegiko Aguirre Aretoak Ignacio Diaz Olano pintore gasteiztarraren (1860-1937) erakusketa bat zabalduko du gaur iluntzean, bertako Union Vasca euskal etxearen eskutik. Gasteizen jaio eta hila, Diaz Olanok Gasteizen eta Erroman ikasi zuen eta marrazkigile, ilustratzaile eta margolaria izan zen. Bere lanek inguruari kendutako gaiak islatzen dituzte. Erakusketa ekainaren 30etik uztailaren 12ra egongo da zabalik.

Gehiago irakurri...


Bizi-bizi Udaleku: dantzaz, musikaz eta lagunarteaz gozatzen ari dira AEBetako euskal gazteak Elkon

2014/06/30

Dantza ikastaroan gustura aritu ohi dira neska-mutilak (argazkiak Udaleku 2014) Iragan ekainaren 22az geroztik Elkon dira AEBetako euskal komunitateko 65 neska-mutil, NABO euskal etxeen federazioak urtero antolatzen duen Udalekuan. Uztailaren 4a bitartean izango dira bertan, euskal kultura ikasten eta gozatzen: dantza, euskara, txistua, musa, pandero, makila eta pala ikastaroak egiten ari dira eta Udaleku 2014 Facebookeko orrian egunero argitaratzen dituzten argazkietan argi ikusten da ederki pasatzen ari direla. Hona hemen irudi horietako batzuk.

Gehiago irakurri...


'Madryn Platerean' jaialdian Borja Blazquez-en aholkuak jaso zituzten Etorritakoengatik EEko sukaldariek

2014/06/30

Puerto Madryngo Etorritakoengatik Euskal Etxeak “Madryn Platerean” jaialdian montatutako standa (argazkiaEE) “Madryn al Plato” (Madryn Platerean) du izena Patagoniako Chubut probintziako Puerto Madryn hiriak antolatzen duen turismoa eta eskualdeko elikagaiak sustatzeko jaialdiak. Ekitaldiaren baitan ekintza ugari garatzen dira, tartean 50etik gora stand biltzen dituen Ekoizleen eta Diseinu Azoka. Etorritakoengatik Euskal Etxea feriako partaide izan da aurten ere, sei pintxo mota ezberdin eskainiz. Antolatzaileen gonbidatu berezi gisa, bestalde, gastronomia eskola eskaini zuen programa barruan Borja Blazquez sukaldari donostiarrak. Buenos Airesen finkatutako sukaldaria, oso famatua da Argentina osoan eta euskal etxeko kideekin bildu eta elkarrizketatu zen.

Gehiago irakurri...


Zeinu hizkuntza ikasiko dute uda honetan Boiseko Ikastolan izena ematen duten haurrek

2014/06/30

Haurrak, Boiseko Ikastolan jolasten eta ikasten (argazkia Boiseko Ikastola) Mara Davis Boiseko Ikastolako zuzendariak Euskalkultura.com-i adierazi dionez, zeinu hizkuntza irakatsiko diete, uda honetan zehar, Idahoko hiriburuko haur-eskolan diharduten umeei. “Udako programak bereziak izaten dira beti, hezkuntzan zentratzen garelako baina modu bereziki entretenigarrietan”, azaldu du Berriatun erro sendoak dauzkan boisetar irakasle euskal-amerikarrak.

Gehiago irakurri...


Gasteizko Olabide Ikastolako 10 ikasle Boisen dira bertako Bishop Kelly Ikastetxekoekin trukean

2014/06/27

Hamar gazte gasteiztarrak euren kide boisetarrekin, Boiseko Euskal Museora egindako bisitan Ekainaren 21etik Gasteizko Olabide Ikastolako hamar gazte Estatu Batuetako Boisen dira, Idahoko hiriburuko Bishop Kelly Ikastetxeko ikasleekin burutzen ari diren trukean. Ikasle gasteiztarrek hiru aste igaroko dituzte Boisen eta ondoren Boiseko ikasleak izango dira Gasteiza joango direnak. Aurten, Ibon Portularrume irakaslea boiseratu da ikasle euskaldunekin, orain urte batzuk Necocheako (Argentina) Ikastolan egonaldia egindako berbera. Dagoeneko Dave Bieter alkate boisetarrak errezibitu ditu trukean diren hamar gazte gasteiztarrak.

Gehiago irakurri...


Programa osagarri bat lagun ireki da Ipar Argentinako Posadas-en 'Euskaldunen Argentina' erakusketa

2014/06/27

"Euskaldunen Argentina" erakusketaren inugurazioa, Posadasen (argazkia '6 Digital' Egunkaria) Argentina eta euskaldunak polito lotzen dituen erakusketarekin batera, hitzaldi programa oparoa eta euskal zinea eskainiko zaizkie hiriko Legebiltzarreko ‘Salón de las Dos Constituciones’ aretora bertaratzen diren lagunei. Argazki erakusketa osatzen duten panelak uztail osoan egongo dira bertan ikusgai, sarrera libre eta doakoa. Erakusketa, Ospitalea, Euskal Kultur Erakundea eta Euskal Argentina elkarteei zor zaie, hona ekartzearen babesle Frantziako Enbaxada, Posadaseko Euskal Jatorri Euskal Etxea, Ekologia Ministerioa eta Probintziako ordezkarien Ganbara izan direlarik. Bestalde, gomitea luzatu du euskal etxeak datorren astelehenerako, bere euskal zine zikloko azken saiorako: Sukalde Kontuak filma emango dute.

Gehiago irakurri...


Brasilgo euskal komunitatea eta nazioarteko adituak bilduko ditu Brasilgo 1go Euskal Kultura Topaketak

2014/06/27

Mintegiaren afitxa Uztailaren 4 eta 5ean egingo da Pelotas hirian Brasilgo 1go Euskal Kultura Topaketa, Rio Grande do Sul Euskal Etxeak antolatuta. Mintegiak Brasilgo euskal komunitatearen babes zabala lortu du eta nazioarteko hainbat adituen parte hartzea ere izango du, tartean Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohia (Lehendakari Agirre Center-en ordezkari) eta Argentinako euskal komunitateko kide Cesar Arrondo (La Platako Unibertsitatea) eta Jorge Beramendi (Juan de Garay Fundazioa).

Gehiago irakurri...


San Fermin ospatuko du Zazpiak Bat Vancouverreko Euskal Etxeak, Hume Parkean, uztailaren 5ean

2014/06/27

Giro jatorrean ospatu ohi dute San Fermin Vancouverreko euskaldunek, Hume Parkean gehienetan (Britaniar Kolunbiako Euskal Etxea) Vancouverreko Euskal Etxeak, Kanadako Britainiar Kolunbian, badu dagoeneko zehaztua noiz eta non ospatuko duen aurtengo San Fermin jaia. Uztailaren 5ean izango da, 13:00etan hasita, Hume Park-en. Marmitakoa, txorizoa, eta patata-tortilla ogitartekoak izango dituzte jateko. “Zuriz eta gorriz eta zapi gorriarekin jantzita etorri ohi da jendea”, esan dio Elena Sommer-ek, Euskal Etxeko presidenteak, Euskalkultura.com-i. “Zapiarena nahitaezkoa da, ia”, gehitu du, irri artean.

Gehiago irakurri...


Sol Yañez: "El Salvador herrialde ederra da, bertako jendearen esperantzarekin identifikatzen naiz"

2014/06/26

Sol Yanez sikologo eta pedagogo donostiarra irakasle da El Salvadorreko UCA Unibertsitatean eta aditua da giza eskubideen urraketa biktimen laguntzan (argazkia EuskalKultura.com) Badira markatzen duten esperientzia eta errealitateak, haiek ezagutzeak ordura artekoa eta haien ondokoa markatzen dutenak eta segitzeko bide bat ere marka dezaketenak. Hori gertatu zitzaion segfuruenik Sol Yañez donostiarrari. Psikologia eta Pedagokian EHUn lizentziatua, 2001eko egun batean UCAra heldu zen, Universidad Centroamericana-ra, El Salvadorren, ikastaro batzuk ematera. Eta geroztik jendea eta herrialdea utzi ezinik dabil.

Gehiago irakurri...


"Argentina Euskal Herriko Bakearen Alde" ekimenean parte hartzeko deia egin dute Buenos Airesen

2014/06/26

Ekainaren 5ean Uruguaiko Legebiltzarran egindako "Uruguai Euskal Herriko Bakearen Alde" elkarretaratzea Ekitaldi publikoa azarorako iragarri da, Buenos Aires hiriburuan, helburu jakin batekin: “Euskal Bake Prozesua bultzatzea eta ondorioz, horren bidez, arazo politikoa konpontzea”. 2010ean Mexikon eta aurtengo ekainaren 5ean Uruguaiko Parlamentuan burututako elkarretaratzeak eredu hartuz, Argentinakoan ere izen handiko pertsonaia publikoek parte hartzea aurreikusi da, politika, artea, kirola, hezkuntza eta beste zenbait arlokoek eta baita erakundeek eta euskal gizataldeko ordezkariek ere.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia