euskal diaspora eta kultura
2014/10/23
400dik gora dantzari eta beste ehundaka partaide, euskaldunen ondorengo eta Euskal Herriaren lagun eta babesle elkartuko dira berriro ere Aste Nazionala ospatzeko, aurten azaroaren 1etik 9ra La Plata hirian. Ekitaldi erraldoi honen antolatzailea den Euzko Etxeak behin betiko programa jakinarazi du eta programarekin batera, ekintzak sustatzeko afixak zabaldu ditu sare sozialetan.
2014/10/22
Argentinarako eta Argentinan euskara irakasleak trebatzeko helburua duen proiektuak mende laurdena beteko du datorren urtean eta FEVAk deituta, euskal etxeak eta oro har euskara irakasten duten herrialdeko erakunde guztiak daude gonbidatuta ospakizuna antolatzera. Aktibitate eskaintza anitza izango da eta jadanik abiatuak diren ekimenen artean, urteurrenaren Logo Lehiaketa, Argentinan euskararen ibilbideari buruzko liburua eta Euskadiko Ordezkaritzak eta Etxepare Institutuak prestatuko duten erakusketa ibiltaria aipa daitezke.
2014/10/22
Caracaseko euskal komunitateak urtero ospatzen du San Antolin eguna, Lekeitio festak eta Antzar egunaren tradizioa gogoan. Aurten ere egin zuten jaia, eta bertan ateratako argazki sorta ederra helarazi digute. Festan, Caracaseko euskaldunekin batera Valencia estatuko Caraboboko Euskal Etxetik etorritako lagun talde mardula ere izan zen.
2014/10/22
Jesusen Bihotza elizan, azaroaren 2ko 14:30etan, egingo dute Boiseko euskaldunek euren hamazortzigarren ‘Omenaldia’ meza. Oinkari dantza taldeko neskek eta Biotzetik abesbatzak hartuko dute parte Eukaristian eta, meza amaituta, pintxo eta anoen inguruan batuko dira bertaratutakoak. “Laurogei bat lagun edukiko ditugu gogoan, baina zerrenda betetzen ari gara oraindik; meza eguneko goizera arte itxaron ohi dugu zerrenda bukatzeko”, Patty Miller-ek, Boiseko Euskal Museoko zuzendariak, EuskalKultura.com-i esan bezala.
2014/10/21
Kazetaritza ikasi nahi zuen baina, Berkley-n honelakorik eskaintzen ez zutela-eta, Zientzia Politikoak ikasi zituen Nancy Zubirik. Irakasle lanetan dihardu orain, Venice High School institutuan, baina ez dio muzin egin bere kazetari senari eta Euskalkazeta.com webguneko editore eta idazle nagusia da. Nahiko lukeena baino denbora gutxiago eskaini ahal dio bere pasioari San Frantziskoko (Kalifornia) kazetariak: “Denbora gehiago eman nahiko nuke webgunean lanean. Tartetxo bat dudanean, asko gozatzen dut horretan lan eginez. Euskal komunitateei buruz idatzi eta informatzea izugarri gustatzen zait”, adierazi dio Euskalkultura.com-i.
2014/10/21
Ekitaldiaren antolaketa bere gain hartu duen instituzioko pilotari talde berriari esker, lehen aldiz jokatu da Iparraldeko Euskal Etxeko pilota lekuan hiriburu argentinarreko “Euskal Etxeen Txapelketa”. Eta jokatu ez ezik, irabazi ere egin zuten anfitrioiek Nafar Etxeko eta Gure Echea euskal etxeko pilotariak ere bildu zituen norgehiagokan. Honekin batera, Biperraren Pestara biltzeko gonbitea luzatu du erakundeko Kultura Azpibatzordeak. Jaia datorren larunbatean izango da.
2014/10/20
Lehenengo pausoa besterik ez da, baina hemen da dagoeneko, sartzen joango garenaren adierazgarri. Agindu bezala, Euskalkultura.com berritzen ari gara, eta atal berri hau aurkeztu nahi duzuegu: Argazki Galeria. Ilusio handia jarri dugu bertan, bertara bildu nahi ditugulako urteotan EuskalKultura.com-en batu ditugun Diasporako argazkiak, euskal etxeen festak eta ekitaldiak, Euskal Asteetan egin ditugun argazki kronikak, zuek bidalitako irudiak eta abar luzea. Material asko dugu eta apurka apurka joango gara sareratzen. Gure asmoa euskal etxe eta elkarte guztien irudiak biltzea da eta zuek horiek ikusi, komentatu eta partekatzea. Ateak irekita dituzue, sartu eta hasi ikusmiratzen, etxean zaudete!
2014/10/20
Fermin Muguruza musikaria Ipar Amerikan da bira bat egiten, Tania de Sousa kantaria eta Niña Coyote & Chico Tornado talde euskaldunak lagun dituela. Iragan larunbatean San Frantzikon jo zuten, eta etzi asteazkena Los Angelesen izango dira. Horrez gain, datorren larunbatean, urriaren 25ean, Mexikon arituko dira, zehatzago Baja California estatuko Mexicali hirian, AEB eta Mexiko artean ia muga gainean. Han, Muguruzaren dokumentalen atzerabegirakoa ere izango da ikusgai. Euskal eta mexikar festa.
2014/10/20
Kultur Aniztasunaren Errespetu Eguna da Argentinan urriaren 12an ospatzen den jaia. Honen baitan Herrien Integrazioaren Lehenengo Elkarretaratzea egin zen San Juan probintziako Albardon herrian eskualdeko hainbat gizataldek antolaturik. Casa de Motril-ek gonbidaturik, banderadunekin eta stand batekin hartu zuen parte San Juango Eusko Etxea-k jaialdian. Euskaldunen muntatutako txokoan arropa tradizionalez jantzitako neska-mutilak ere ikusi ahal izan ziren, tartean, etxeko txiki-txikienak.
2014/10/17
New Yorkeko maratoian parte hartuko duten euskal kirolariek Basque Country kamiseta eraman ahal izango dute aldean. Datorren azaroaren 2an New Yorkeko maratoian parte hartzeko asmoa duten euskal kirolariek Basque Countryren ordezkari korrika egiteko aukera izango dute, lasterketa ezagun horren ibilbidean.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus