euskal diaspora eta kultura
2014/11/03
Euskal Herrian zeresana eman duen −txarteldegian arrakasta izan duen− ‘8 apellidos vascos’ komedia izango dute ikusgai British Columbiako (Kanada) euskaldunek azaroaren 14an. Egun horretan hasiko du Zazpiak Bat Euskal Etxeak 2014-2015 ikasturteko euskal zine programazioa. Emilio Martínez-Lázarok zuzendutako filmaren ostean ‘Urte berri on, amona!’ eta ‘Obaba’ ikusiko dituzte datozen hileotan. “Xumea da gure programazioa baina batzeko eta, lagunartean, euskal zinea ikusteko aitzakia ona da”, adierazi dio EuskalKultura.com-i euskal etxeko lehendakari Elena Sommer-ek.
2014/10/31
Azaroaren lehenengoan ospatuko du aurtengo Halloween jaia Quebec-eko Parc de L’aventure Basque en Amérique interpretazio zentroak. Museoko zuzendari Mélanie Paquet-ek EuskalKultura.com-i adierazi dionez, “oso uda on” baten osterako prestatu duten lehen ekintza izango da. Horrekin batera, ‘Carnaval pistoneige’ ospatuko dute otsailean eta inguruko eskoletako ikasleen bisitak jasoko dituzte ikasturtean zehar.
2014/10/31
Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia, Rikardo Arregi, Miren Agur Meabe, Kirmen Uribe eta Harkaitz Canoren idatziak argitaratuko ditu Milango Unibertsitateak, "Il giardino dei sensi risvegliati- Antologia di sei poeti baschi contemporanei" izena duen italierara itzulitako antologian. Tintas aldizkarian eskuragarri izango da lana sarean, bihartik aurrera.
2014/10/31
Ibilbideak datorren urtean argitaratuko den izen bereko liburuaren sarrera dira. Testuak, Euskal Herritik Argentina joan zen Juan Bautista Istilart-ekin lotura duten Tres Arroyos hiriko hainbat eraikuntza eta erakunde deskribatuko dira, nazioarteko mailan ezaguna izan zen Istilart lantegiaren fundatzailearen historia ezagutarazteko. Huracan Klubeko auzoko bisitaldia bihar izango da, azaroaren 1ean, goizeko 10etan. Parte hartzea doan da, kuporik gabe.
2014/10/30
Atzo argitaratu zuen Eusko Jaurlaritzak 2014ri dagokion atzerrian egoera larrian diren euskaldunentzako diru´laguntzen ebazpena. Bertan agertzen da laguntza hauek jasoko dituzten onuradunen zerrenda. Laguntza deialdi honen helburua euskal gizataldeetako partaideak diren eta egoera larrian eta asistentzia faltan dauden pertsonei sostengua eskaintzea da.
2014/10/30
Bizkaiko Foru Aldundiak "Bizkaidatz" lehiaketa jarri du abian eta bertan parte hartzeko gonbitea luzatu du. Lehiaketak ezaugarri berezia du: bi idazleek ipuinaren hasiera eman dute, eta partehartzaileek hortik aurrera jarraitu behar dute istoriaren haria. Aurtengoan, Ana Urkiza idazleak abiatu du euskarazko ipuina, eta Ivan Repila idazleak gaztelaniazkoa. Irabazleek sari potoloak jasoko dituzte: 1.500 euro, euskara zein gaztelaniazko kategorian. Anima zaitez eta parte hartu!
2014/10/29
Urtero bezala, urria euskara eskolen hasiera izaten ari da 2014an ere mundu osoko hainbat euskal etxetan, ipar hemisferiokoetan bederen (Argentinan eta hego hemisferioan ikasturteak urte naturalak izan ohi dira, martxo aldetik abenduraino luzatuz). Ipar hemisferioko 2014-2015 ikasturtearen hasiera honetan, beraz, EuskalKultura.com-ek hurbildu nahi izan du munduko euskara eskolen errealitatera eta solasaldia izan du Joseba Erkiziarekin, HABEko zuzendari nagusiarekin. Berak adierazi digunez, munduko ia 90 euskal etxetaraino heltzen dira eurak bideratzen dituzten euskara eskolak, ikasle helduak, berriz, 2.000 direlarik.
2014/10/29
Mexikora egiten ari den bidaiaren lehendabiziko egunean, astelehenean, Iñigo Urkullu lehendakariak Mondragon-UCO unibertsitatea inauguratu zuen Queretaron. Mondragón Educación Internacional–MEI erakundeak eta Queretaroko Universidad Contemporánea delakoak elkarlanean abian jarri duten hezkuntza proiektu berria da hau, eta, Urkulluren esanetan, Euskadiren nazioartekotzean urrats garrantzitsu bat da. Ekitaldian izan ziren, besteak beste, Mondragon Unibertsitateko errektorea, Iosu Zabala; Euskadiren ordezkaria Mexikon, Ibon Mendibelzua; eta Mexikoko euskal komunitateko eta enpresa munduko hainbat kide.
2014/10/29
Iragan larunbatean, udazkeneko afariaren bueltan batu ziren Estatu Batuetan Homedale-ko (Idaho) euskaldunak. Salgai zeuden 130 sarrerak agortu egin ziren Jesus Alcelay chef oñatiar boisetarrak prestatutako afariaz gozatzeko. “Oso ondo pasatu genuen, mus jokalarien izenean topa egitea ahazteraino”, esan dio, txantxetan, Euskal Etxeko kide den Gloria Lejardik EuskalKultura.com-i.
2014/10/29
Aurkezpenaren baitan eta liburuan bildutako errezetak eredu, pintxoak prestatu zituen sukaldari cordobatarrak euskal etxeetako laguntzaileekin batera, publikoak dasta eta goza zitzan. Alabaina, eta bere ekidaldi guztietan ohi duenez, janaria prestatzearena aurkezpenaren zati bat baino ez zen izan… hainbat sukalde kontu bitxi eta euskal pasadizo ere partekatu zituen liburuaren egileak jendearekin. “Euskal Baserrietako Sukaldaritza” eskuratzeko, Echaverekin jarri behar da kontaktuan emailez edota Facebook-en bidez.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus