euskal diaspora eta kultura
2015/03/24
Australian da egunotan Begoña Echeverria idazle, soziologo eta kantari euskal kaliforniarra, bere aurreneko eleberri historikoa aurkezteko. "The Hammer of Witches" izenburua du lanak eta XVII. mendean Euskal Herrian egin ziren sorginkeri epaiketetan oinarritua da. Bihar Sydney-ko Cervantes Institutuan aurkeztuko du; etzi, Gure Txoko euskal etxean. "Eleberri hau idaztea esperientzia katarkikoa izan da, bertan kontatzen ditudanak Baztanen gertatu zirelako, nire familiaren sorlekuan", azaldu dio EuskalKultura.com-i.
2015/03/24
Viedma eta Carmen de Patagones hirien eskualde argentinarreko ospakizun nagusietako bat da “Burujabetza Jaia”, bere esanahiagatik baina batez ere bi komunitateetako erakunde anitz biltzen dituelako jaia elkarrekin ospatzeko. Euskal gizataldeak urtero hartzen du parte festaren programan Beti Aurrera Aberri Etxea euskal etxearen eskutik.
2015/03/24
British Columbiako (Kanada) Zazpiak Bat Euskal Etxeak jendea behar du urrats berriak emanez elkartean ardura berriak hartzeko. Martxoaren 7an eginiko Biltzar Nagusian, Mirari Duñabeitiak hala egin zuen eta idazkari eta diruzain lanak partekatuko ditu Jeanne Desotels-ekin. Bileran, 2015erako egitaraua aurkeztu zen eta Elena Sommer berrautatu zuten lehendakari. "Datorren urte hau bete eta lehendakaritza uzteko asmoa daukat", adierazi dio EuskalKultura.com. 30 kide bildu zituen bilerak.
2015/03/23
Ezaguna da Amaya Arberas soprano donostiarra Ameriketako diasporarentzat. 2010ean, Ellis Island-eko euskal erakusketari eman zion hasiera eta, hiru urte geroago New Yorkeko Eusko Etxearen Mendeurrenean ere kantatu zuen. Izarren eta barren herrialdean eman dituen zuzeneko andanetako bi baino ez dira horiek, baina. Bera izan ohi da bere buruaren agente, programak kontratatzeko-eta: “Nekeza da, baina gustatzen zait; gainera, aurrera egiteko modu bakarra da egun”, esan dio EuskalKultura.com-i.
2015/03/23
Ostegunean abiatu zen Korrika 19 Urepeletik, eta Euskal Herrian ehundaka kilometro egin ahala, munduan zehar inoiz baino urrunago heldu da euskararen aldeko oihua, Diasporako euskaldunei esker. Hegoafrikan, Saharan, Nikaraguan, Australian, Mexikon... ozen eta argi entzun da euskaraz bizi nahi dutenen aldarria. Jarraian, bideoak eta argazkiak.
2015/03/23
Iñigo Rementaria gernikarra genealogian aditua da eta iaz "Gure Abi Izenak" ikerketa eskaini zigun, EuskalKultura.com-eko irakurleekin partekatzeko. Liburu horretan Rementeriak hainbat euskal abizenen sorburua diren Bizkaiko eta Gipuzkoako baserriak bildu ditu. Orain, urrats berri batean, Arabako datuekin osatu du lana eta beste behin ere EuskalKultura.com-eko irakurleentzako eskuragarri jarri ditu.
2015/03/20
Valentzian bizi da Gemma Sanginés Sáez psikologo bilbotarra, bertan finkatua eta familia sortua, bi alabak bertako valentzierarekin batera euskara ere ikasi dutelarik. Izan ere, alabak Valentzian euskaldun ere haz zitezen Euskaltzaleok elkartean murgildu eta engaiatu zen Gemma. Valentzian Falla egunetan dabiltza egunotan eta horregatik datorren larunbaterako egin dute deia euskaltzale valentziarrek, Korrikarekin bat egiteko. Euskal Herriko eta bertako dantzari, musikari eta artisten babesa izango dute.
2015/03/20
Korrikaren ekitaldia milaka lagun biltzen dituen Gizataldeen Sukaldaritza Gunea esparru gisa baliatuz antolatu zuten Argentinako hiriburuko euskaltzaleek, ahalik eta pertsona gehienen artean hedatu ahal izateko. Eta orain astebete, martxoaren 14an egin zuen. Hori ez zen izan, ordea, euskal kolektibitatearen erakarpen bakarra jaialdi honetan; Euskaltzaleak eta Laurak Bat euskal etxeen standetan, musika, dantzak eta nola ez, goi mailako proposamen gastronomikoak ere eskaini ziren.
2015/03/20
91 urterekin, oso jarrera aktiboa du Clelia ‘Kela’ Gorrik Pehuajoko Etxe Alai euskal etxean, eta euskal etxearen alde lan egin behar denean. Izan ere, oraindik ere hartzen du parte instituzioko jardueretan eta garrantzi handiko erreferente bihurtu da hiriko euskal gizatalde barnean eta baita areago ere.
2015/03/19
Tokian tokiko kutsua hartzen du Diasporan zehar euskararen aldeko lasterketak eta Necochearen kasuan hondartzaraino ere iritsiko da. Hitzordua igande honetan, martxoaren 22an da, goizeko 11etan, eta bukatzean piknika egingo dute korrikalariek Miguel Lillo Parkean. Euskal elkarteak bere 70. urtebetetzeko afaria apirilaren 18an egingo duela ere iragarri du Necocheako Euzko Etxeak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus