2009/11/30

'Idaho Statesman' eta AEBetako beste zenbait egunkarik Associated Press agentziako artikulu bat eman zuten argitara joan den ostiralean, John Miller-ek sinatua, bi anaiari buruz, Ben eta Bernard Ysursa, Boiseko (Idaho) euskal familia batean jaioak eta, nahiz eta bat, Ben, errepublikanoa eta Idahoko Estatu idazkaria izan eta bestea, Bernard, demokrata, Obamaren aldekoa eta abokatu ospetsua Illinoisen, biak beste ezeren gainetik lagunak izaten segitzen duten, euren arteko anaiarteko harreman onari eutsiz. Euskaratu egin dugu bi anaia haiei buruzko artikulua, Idahoko euskal komunitatean euskaldun ezaguna den Ramon Ysursaren seme baitira, eta baita ere Boiseko hoteletan lan egin eta bertan semeak segituko zuen euskal ostatu baten jane izan zen Benito Ysursa iurretatarraren eta haren emazte Asuncion-en bilobak. John Ysursa NABOko sustatzaile eta euskaltzale ezagunaren anaiak ere badira Ben eta Bernard Ysursa.
Gehiago irakurri...
2009/11/27

Euskal Herrian eta Argentinan filmatu eta ekoiztutako hainbat laburmetraien proiekzioa antolatu du Laurak Bat Euskal Etxeak Buenos Airesen larunbat honetarako eta hurrengorako. Zinemagintza independentea bermatzea eta zabaltzea helburu duen egitasmo honetan, Kimuak saileko zenbait laburmetraia eta Argentinako zinemagile gazte eta berriztatzaileen lanez gozatzeko aukera izango da. Hitzordua, bihar eta datorren asteko larunbatean, Laurak Bat-eko Sebastian Amorrortu Aretoan, sarrera libre eta doainik.
Gehiago irakurri...
2009/11/27

Datorren asteburu hau zinez hunkigarri eta gogoangarria iragartzen da Caracasen.
Bihar, larunbata, Eusko Etxean, eta igandean, Chacaon, 1939an frankismotik ihesean Venezuelako erbestera iristen hasi zen belaunaldiak omenaldi sentikor eta ongi irabazia hartuko du, gizon-emakume adoretsu haietatik bizirik gelditzen direnak jendaurrera ekarriz eta esker oneko txalo eta besarkada beroa emanez. Laguntzaile berezi izango dira Iruñetik propio etorritako Ortzadar taldeko dantzari gazteak. Izan ere, Eusko Etxea euskal kolektibitateko ordezkari izango da bertan; Ortzadar taldea, beti bihotzean atxikitako Euskal Herriaren ordezkari; eta Chacaoko alkatetza --antolatzaile baita-- gizarte venezuelarraren ordezkari.
Gehiago irakurri...
2009/11/27

Oso balantze ona aurreikusten du Buenos Airesko Eusko Kultur Etxearen Batzorde berriak 2009 honen amaieran. Izan ere, azken sei hilabeteetan erakunde argentinarrak antolatutako ekitaldiek erantzun bereziki ona eman dio euskal komunitateak. Lagun anitz bildu dira Eusketxek proposatutako ekintzetan partaide, eta proposamen-aukera, zabala izan da oso: sukaldaritza-zikloa, kontzertuak, dantza eta arte erakustaldiak, hitzaldiak eta liburu aurkezpenak. Indarrak berrituta, Buenos Aires eta Argentinan euskal kulturaren ikur eta erreferentea izaten segitzen duen instituzio honek gogo biziz eusten die egunero eskuartean dituen kultur lanei eta baikor begiratzen dio geroari, adierazi digu Maria Elena Etcheverry bertako lehendakariak.
Gehiago irakurri...
2009/11/26

Medellin hirian, Kolonbiako Antioquia departamenduan, 'Antioquiako Euskal Gaien Ikasgunea' (Centro de Estudios Vascos de Antioquia) izeneko taldeko kideak euren sorreraren bosgarren urteurrena ari dira ospatzen egunotan, abenduaren 5era arte. Euskal kultura oro har, eta bereziki euskaldunek bertan utzitako urratsen arrastoa ikertu, ezagutu eta zabaltzeko asmoz abiatutako ekimen honek bere kide eta lagunak Medellingo jatetxe batera bildu zituen joan den azaroaren 14an, euskal zinema, musika eta gastronomia osagai izan zituen urtebetetze ekitaldia burutzeko, ikurrinak edergarri zeuzkan festa ireki batean.
Gehiago irakurri...
2009/11/26

Hil honen 14an Antioquiako Euskal Gaien Ikasguneak (Centro de Estudios Vascos de Antioquia) bere sorreraren lehenengo bost urteak ospatzeko antolatutako elkarretaratzearen ondotik, hurrengo hitzorduak bihar ostirala, azaroaren 27an, eta bihar zortzi, abenduaren 4ean, izango dira, bi egunotan euskal zinema eta laburmetraiak erakutsiko direlarik, musika eta gastronomia osagaiak ere izango dituen dei batean. Azkenik, datorren asteko larunbatean, abenduaren 5ean, Ikasgunea sortu zuen John Alejandro Ricaurte historialariak hitzaldia eskainiko du, Nueva Granadako Erregeorderriaren Independentzia prozesuan euskaldunek izan zuten partaidetzaz, honekin amaiera ipiniz bosgarren urteurreneko ekitaldiei.
Gehiago irakurri...
2009/11/26

Deia egunkari bizkaitarrak elkarrizketa emana du argitara duela gutxi, New Yorkeko euskal gizataldeko kide ezagunak diren hiru euskal-amerikarrekin. Nork, Etxeorratzen Hiriko euskaldunen artean ez ditu-eta ezagutzen Emilia Doyaga, Itziar Albisu eta Ray Yturraspe? Esan dezagun, dena den, Emilia Doyaga Brooklynen jaiotako unibertsitate-irakasle erretiratua dela, ama bakiotarra eta aita berriztarra. Itziar Albisu, berriz, donostiarra da, aspaldi newyorkeratua, eta bertakoak ditu seme-alaba nerabeak, egun NYeko Eusko Etxeko lehendakari delarik; Ray Yturraspe, azkenik, Manhattanen jaio zen, gurasoak mundakarrak. Deiako Nuria Ferragutcasas kazetaria eurekin mintzo da euskal etxe newyorktarrean, Barack Obamak agintean 12 hilabete bete behar dituela-eta.
Gehiago irakurri...
2009/11/25

'Hoy no se fía, mañana sí' du izena Francisco Avizanda (Izaba, 1955) nafarraren lehenengo luzemetraiak eta horixe izango da hilabete honetan zehar Venezuelako hiriburuan antolatu den 'Zine Vasco' euskal zine erakustaldiaren bigarren edizioa itxiko duen izenburua. Antolatzaileen esanetan, bigarren edizioak bete ditu helburuak, xedea "zazpigarren arte deitua den honetan euskal gauzak (Euskadiko, Nafarroako zein Iparraldeko, diote) islatzen dituzten ekoiztetxe, zuzendari, gidoilari, aktore, leku eta gaien ikuspegia ematea" baita. Gaur arratsaldeko emanaldia arratsaldeko zortzi t'erdietan izango da, Trasnocho Cultural-ean.
Gehiago irakurri...
2009/11/25

Lagunen Etxea Euskal Etxeak 20 urte beteko ditu datorren abenduaren 3an, halako egun batean, San Frantzisko Xabier egunean, alegia, eta Euskararen Egunez baita ere, sortu baitzen mundura Buenos Aires probintziako Laprida herrian. Ospakizuna, berriz, aurreko asteburura ekarri dute, datorren larunbatera, alegia. Programari segituz, iluntze aldera, meza batez ekingo diote ekitaldiari, eta afaria egingo dute ondoren, Necocheako Otxote Osasuna taldearen doinuak partaide; eta euskal dantzak eta erromeria ere lagun izango dituzte. Euskal Etxetik, antolatzaileek gomitea luzatu diete hala nahi duten guztiei, bertaratu eta festa, barnetik eta euskal giroan ongi murgilduta bizi dezaten. FEVAko Zuzendari Batzordea, bere aldetik, goizeko 10etatik bilduko da Lapridako EEan, urteurrenarekin bat eginez.
Gehiago irakurri...
2009/11/25

New York Times egunkariak aditu gisa aipatzen du Eder Montero euskal sukaldaria gaurko alean patata tortilari buruz argitara eman duen artikulu batean. Gastronomia alorrean ere erreferentzia den egunkariak Elaine Louie kazetariaren patata omeletari buruzko artikulua kaleratzen du, eta bertan aditu gisa islatzen du New Yorken 'Txikito' jatetxeko sukaldari eta ugazaba den euskal chef honen iritzia tortila on bat nola egin behar den azaltzerakoan.
Gehiago irakurri...