euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Saladilloko Euskal Etxeak Euskal Herrirako bidaia zozketatuko du bere egoitzaren eraikuntza aurreratzeko

2010/05/05

Piskanaka eta zatika Saladilloko Itxaropen Euskal Etxea bere jabegoko egoitza eraikitzen ari da Ekimenez betetako egitaraua proposatzen du Saladilloko Itxaropen Euskal Etxeak datozen hilabeterako. Hasteko, 300 bono kaleratuko ditu erakundearen egoitzako balio anitzeko aretoko lanak bukatu ahal izateko. Bonoak erosten dituzten partaideek Euskal Herrira bidaiatzeko bi pertsonentzako sari baten zozketan parte hartzeko aukera edukiko dute. Horrez gain, hil honetan sukalde tradizionaleko 'buseca' platera prestatuko dute euskal etxeko kideek, eta "Inmigrantes y criollos en el Bicentenario" izeneko liburua aurkeztuko da Bartolome Mitre Liburutegian. Uztailean, berriz, erakundearen 12. urtemuga ospatuko dute eta irailean Argentinako Immigrazioaren Museo Nazionaleko erakusketa ibiltaria jasoko dute, komunitateak Argentinara heldu ziren etorkinen istorioak ezagut ditzan.

Gehiago irakurri...


Kaliforniako Bakersfield-en bildu dira Ameriketako eta EHko Etxamendi anai arrebak, Ezterenzubi Mendiburukoak

2010/05/04

Etxamendi haurrideak Eñauten urrezko ezteien karietara Bakersfield-en egin elgarretaratzean (argazkia Mattin Etxamendi-Herria) Kaliforniako Bakersfield-en bildu dira Ameriketako eta Euskal Herriko Etxamendi haurrideak, Ezterenzubi Mendiburukoak. "Denbora nola daien! Aspaldiko ixtoria dela iduri luke Ezterenzubi Mendiburuko familiatik lehenbiziko haurra edo gaztea Ameriketarat juan zela. 1949 agorrilaren 24 zen Manez anaia zaharrena etxetik abiatu zela delako Amerika hartarat buruz eta gaur gibelerat begiratu eta iduritzen zaut berrikiko gertakari bat dela; urteak juaiten dira ohartu gabe! Urteak joan eta urteak jin Mendiburuko familiatik bost haurride joan ziren Ameriketarat, azkena 1961 buruilean eta geroztik denak han bizi dira". Honela hasten da Arizonatik Martin Etxamendik Herria astekariaren azkeneko alean idatzi digun kronika, haurrideak ameriketaratu zirela 60 urte baino gehiago joan direnean, Euskal Herrian gelditu zen Eñaut anaiaren urrezko ezteien estakuruan bizirik diren sei anai-arrebok Ameriketan bildurik.

Gehiago irakurri...


Hiriaren 126. urteurren ospakizunen barruan, Hiru Errekak 'Ondare Tresarroyostarra' sariak eman ditu

2010/05/04

Blanca Maite Ayastuy-k bere bilobaren eskutik jaso zuen saria (argazkia EE) Duela sei urte, Tres Arroyosko Hiru Erreka Euskal Etxea komunitatearen alde lan isila egindako pertsonak saritzen hasi zen. Ez dira egunkarietan agertu ohi diren pertsona publikoak; izan ere zalaparta handirik gabe egiten dute euren lana kasu gehienetan. Hala ere, Tres Arroyosko komunitatea komunitate gisa aberastu egin da eta hobea da eurak egindako ekarpenei esker eta euren lanak engaiamendua eta herriarekiko maitasuna uzten dituzte bistan. 'Hori dela eta, gure gogoa eta nortasuna eurekin daramatela sentitzen dugu', adierazten dute euskal etxeko kideek, eta haratagora doaz: 'Saritzen ditugun lagunak gure herriko historia eraiki eta josten dute'. Aurtengo sarituak Elisa Di Nezio de Villafranca, Blanca Maite Ayastuy, Manuel Alonso Bilbao eta Leonardo Legarreta izan dira. Omenaldia joan den apirilaren 24an gauzatu zen euskal etxearen egoitzan.

Gehiago irakurri...


Madrilgo EEko Mariano Larrañaga eta Ernesto Recuero bikoteak bereganatu du Espainiako Mus txapelketa

2010/05/04

Alvaro del Corral, Espainiako estatuko euskal etxeen federazioko lehendakaria; Julian Celaya Hiritarrentzako eta Euskal Gizataldeentzako zuzendaria; eta Jon Zaballa, Madrilgo Euskal Etxeko lehendakaria, txapelketako txapel eta garaikurren ondoan Egungo munduko txapeldunak dira Mariano Larrañaga eta Ernesto Recuero, eta gogor eusten diote txapelari, izan ere joan den apirilaren 24 eta 25ean Madrilgo Euskal Etxean egin zen estatu mailako norgehiagokan, bikotea atera zen garaile, estatuko txapel berria gehituz indarrean daukate munduko txapela nagusiari. Euren esperantza, beraz, mundukoa ere berritzea, abuztuan Kaliforniako Los Angelesen egingo den txapelketan. Espainiako txapela Julian Celaya Jaurlaritzaren Kanpoko Hiritarrentzako eta Euskal Gizataldeentzako zuzendariak ipini zien, igande horretan Madrilen baitzen, Espainiako 'Euskal Herria' euskal etxeen federazioak egiten duen urteroko bileran partaide.

Gehiago irakurri...


Arrakasta politaz bukatu da Caracasen Euskadiko Ikasleen Orkestrak (EIO) Venezuelara egin duen bidaia

2010/05/03

Euskadiko Ikasleen Orkestrak kontzertu arrakastatsua eskaini zuen Caracasen, bertako Gazteen Sinfonikoarekin batera Arrakasta handi legez aipa daiteke larunbatean, Maiatzaren Lehenean, Caracasen emandako kontzertuarekin Euskadiko Ikasleen Orkestrak amaitu zuen astebeteko bira venezuelarra. Bertako Francisco Miranda Orkestra Gaztearekin eman zuen larunbatean kontzertua EIOk. Iker Sanchez zuzendari, 12 eta 18 urte arteko musika ikasleek osatzen duen orkestrak Francisco Escuderoren 'Dantzari baten ametsa' eskaini zuen, Nerea Gurrutxaga dantzaria laguntzaile. Venezuelako Francisco Mirandak, berriz, Rosini, Samuel Aparicio bakarlari. Bi orkestrek --170 jole orotara-- elkarrekin ekin zioten kontzertuko azken zatiari, publikoaren esku-zarta handiak eurenganatuz. Emanaldiaren ondotik Kolonbia eta Venezuelarako Euskadiren Ordezkari den Iñaki Martinezek Lehendakariaren gutun bat eman zion espedizioari. Bertan Patxi Lopezek musikak "kulturak elkarrekin lotzeko tresna" gisa duen balioa azpimarratu, eta musikari gazteek eurek "Euskadiko enbaxadari gisa" egiten duten lana eskertzen du.

Gehiago irakurri...


Rosarioko Zazpirak Bat-ek berriz abiatu du bere abesbatza, Carlos Gantus musikariaren gidaritzapean

2010/05/03

Zazpirak Bat Euskal Etxeko Lagun Artean abesbatza, 2008ko ekitaldi batean Ezaguna izan da oso euskal komunitatean Lagun Artean Rosarioko Zazpirak Bat euskal etxeko abesbatza. Izan ere arrakasta handiko aurkezpenak ematen zituen Rosarion euskal komunitateak antolatutako ekitaldietan. 2009an ibilbide luzeko koru honek urtebeteko atsedena hartu zuen, bere aktibitateak bertan behera utziz. Orain, eta Carlos Gantus musikariaren eskutik, euskal etxeko abesbatzak berriro ekin dio lanari. Entseguak asteazkenetan dira, iluntzeko 8etatik 10etara erakundearen egoitzan, eta taldean parte hartzeko gonbitea luzatzen dute euskal etxeko arduradunek. Baldintzei dagokienez, aukeran abeslari esperientziadunak eta musika irakurtzeko gaiak direnak nahiago dituzte; alabaina, ezinbesteko eskaera bakarra 'ahots polita izatea' da.

Gehiago irakurri...


Ainhoa Barrenetxea, familia aldetik lotura peruar zuzeneko bilbotar bat, 'euskal enbaxadari' Harvard-en

2010/05/03

Ainhoa Barretxea Bilbon, 'Pasealaria' obraren ondoan Bizkaiko Foru Aldundiko Liburutegi aldamenean (argazkia Jose Sampedro-Deia) Bilbon jaioa da, 1995etik Bilbon Peruko kontsula den Carmen Ezkurraren alaba, bi belaualdi lehenago, Gregorio Ezcurra birraitona Perura joan eta Liman lehenengo Euskal Etxea sortu zuen nafar haren ondorengo zuzena. Ainhoa Basterretxea Ezkurra 21 urteko euskal neska gazte bat da, Iruñean aldi berean Zuzenbidea eta Ekonomia ingelesez ikasten ari dena eta Harvard Unibertsitate estatubatuar prestigiotsuak duela gutxi saritu duen pertsona, Nazio Batuen funtzionamendua emulatzen zuen nazioarteko lehiaketa batean, diplomazia eta bestelako gaitasunak agerian utziz alegia.

Gehiago irakurri...


Corpus-ko Eusko Etxeak omenaldia egingo die igandean, komunitatearen alde ari diren zenbait herritarrei

2010/04/30

Igandea omenaldia jasoko dutenetako bat, Patricia Duarte errientsa gaztea, langile nekaezina mbya guaraní leinuko haurrekin. Corpuseko Eusko Etxeak, Argentina iparraldeko Misiones probintzian, omenaldi berezia egingo die datorren igande honetan, maiatzaren 2an, inguruko zenbait herritarrei, "egiten duten lanetik bizi, pozik lan egin eta komunitatearen mesedetan ari diren zenbait herritarrei" hain zuzen. Bigarren urtea du ekimen honek bertan, adierazi dio EuskalKultura.com-i Olga Leiciaga Eusko Etxeko lehendakariak. Honakoan, zortzi izango dira esker ona jasoko duten pertsonak: Guillerma Martínez Basabe (Posadas-koa), Alejandro Romero (Corpus), Hilario Reyes (Puerto Leoni), Carlos Gabriel Sersing (Corpus), Hilda Vanderdorp (San Ignacio), Tomás Darío González (Gobernador Roca), Nacho Sersing eta Patricia Duarte (San Ignacio-koa).

Gehiago irakurri...


Pehuajoko Euskal Etxeak webgunea estreinatu du, 'Argentinako gainerako EEekin kontaktuan egoteko'

2010/04/30

Pehuajoko Etxe Alai Euskal Etxeak kaleratzen duen buletina, formatu berrian Buenos Aires probintzia argentinarrean Pehuajoko euskaldunek sareratu berria dute Euskal Etxearen webgunea. Tresna honekin, erakutsi ahal izango dute nor diren, non dauden eta zer-nolako eragina duten euren komunitatean. Web orrian interes handiko informazioa aurki daiteke, tartean herriaren eta euskal etxearen historia, erakundeak antolatzen dituen ekintzak eta garai askotako argazkiak. Horretaz gain, euskal etxeak kaleratzen duen paperezko buletina, hemendik aurrera internet bidez ere eskuratu ahal izango du bere ordenadorean Pehuajoko berriak izan nahi dituenak. 'Teknologia berrien garaian ezin gara isolaturik bizi. Hori dela eta sortu dugu webgunea, Argentinako eta Ameriketako gainerako euskal etxeekin kontaktuan egoteko eta gure arbasoen herriarekin lotura estuagoa izateko', azaltzen dute Etxe Alai-ko arduradunek.

Gehiago irakurri...


EAJk buletin bat munduratu du "guk Euskadi internazionalizatzeko egin lana ez baita Lopezentzat lehentasun"

2010/04/30

Buletinaren lehenengo azala, Iñigo Urkullu buruzagi jeltzalearen eskutitzarekin (argazkia EuskalKultura.com) Eusko Alderdi Jeltzaleak 'Euskadi Munduan' izeneko buletin bat argitaratu du aste honetan --Maiatzaren 1eko data darama-- munduko 15.000 pertsona, euskal etxe, enbaxada, nazioarteko erakunde, kanpoan bizi diren euskal herritar eta munduko euskaldunen lagunen artean banatzeko, pentsatzen baitu Jaurlaritza berriak "EAJk hogeita hamar urtetan Euskadi internazionalizatzeko egindako lana ez duela Lopezen gobernuak lehentasun hartu" eta "guk segitzen baitugu sinesten gure gizartearen ongitasunaren eta geroaren zati handi bat munduan jokatzen dela". Buletina bihilabetekaria izateko asmotan jaio da eta euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko bertsioak dauzka.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia