euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Kultur Erakundeak gazteen sorkuntza sustatzeko lehiaketa bat eta diru laguntzak deitu ditu

2011/02/16

Pantxoa Etchegoin, EKEko zuzendaria, Hogei'ta egitasmoaren aurkezpenean (argazkia EKE) Iparraldeko Euskal Kultur Erakundeak Hogei'ta egitasmoaren barruan gazteen kultur sorkuntza sustatu nahi du datozen urteetan eta horretarako hainbat ekimen jarri ditu abian. Alde batetik, 'Irudimena' lehiaketak euskal kulturari buruzko argazki bat hartu eta testu edo irudi bat sortzeko erronka proposatzen du. Sariak netbook-ak, ipod-ak, Fnacbook-ak eta argazki kamerak dira. Bestetik, Hogei'ta deialdi artistikoaren bidez bideogintza, argazkilaritza eta grafismo arlotan bi sormen-proiektu, gehienez 5.000 eurotako laguntzarekin babestuko ditu. Euskal gazteek, Euskal Herrikoek zein Diasporakoek, parte har dezakete bi deialdiotan. Izan ere, EKEko Jakes Larrek EuskalKultura.com-i azaldu dionez: "kulturzaleok ez dugu mugarik!".

Gehiago irakurri...


John Bieter: 'Laster, euskalduna izatea gero eta gutxiago izango da odola eta gero eta gehiago nahia'

2011/02/16

John Bieter irakaslea Argentinako Udako Euskal Unibertsitatean, Buenos Airesko 'Euskal Echea' eskolan (argazkia EuskalKultura.com) Argentinako Udako Euskal Unibertsitateko antolatzaileek gonbidaturik John Bieter historialari euskal estatubatuarrak 'Euskaldunak Estatu Batuetan' delako ikastaroa eman zuen Buenos Airesen. Bieter Boise State University-ko Historia saileko irakasle elkartua da. 'Ondare iraunkor bat: euskaldunen historia Idahon' liburua idatzi zuen anaia Markekin, AEBetan euskal komunitate esanguratsuena duen estatu honetako euskaldungoa aztertuz. Boiseko Cenarrusa Center for Basque Studies delakoko zuzendaria da, erakundea bera sortzen lagundu zuten eragileetakoa izateaz gain. Buenos Aireseko egonaldia bukatu baino ordu batzuk lehenago, EuskalKultura.com-ekin mintzatu da eta Estatu Batuetako eta Argentinako euskaldunen arteko berdintasun eta ezberdintasunak aipatu ditu besteak beste.

Gehiago irakurri...


Haurrak eskuaraz!: Bordeleko Eskual Etxeak elkarteko txikiei zuzenduriko haur-txokoa abiaraziko du

2011/02/16

Bordeleko Euskal Etxeko haur batzuk 'Xitoak' euskal kultur lantegian (argazkia BordeleEE) Helduden martxoaren 2tik aurrera Bordeleko Euskaldunen Biltzarra elkarteko haurrek euskaraz ikasi eta jolasteko hitzordua izanen dute astero, 'Haurrak eskuaraz!' ekimenari esker. Euskal etxeak antolatu duen ikastaroa asteazkenero eginen da eta Amaia Mujika, Bordelen ikasketak egiten ari den hazpandarra, izango da irakaslea. "Elkarteko guraso askok nahiko lukete seme-alabek eskuaraz hitz egitea, eta horixe da gure helburua, joko eta kantu bidez eskuaraz ikastea", azaldu dio EuskalKultura.com-i Mayia Duhaldek.

Gehiago irakurri...


Omenaldia Bilbon Sergio Oiarzabal poetari eta hilondoko bere liburu bat aurkeztuko dute Bidebarrietan

2011/02/16

Omenaldia bihar osteguna, arratsaldeko zazpi t'erdietatik goiti egingo da Bilboko Bidebarrieta Liburutegian. Bere obraren zatiak irakurriko dira, musikak lagundurik Bilbotar olerkariaren lagun talde batek, tartean idazle eta poetak, musikariren bat, argitaldariak eta hiriburu bizkaitarreko literatur eta poesia inguruetan mugitzen diren jendeak, omenaldia prestatu dio bihar ostegunez Bidebarrieta Liburutegian Sergio Oiarzabal poeta gazteari, joan den ekainean eta tupustean, 36 urte zituela hil ondoren. Poetaren testuen zatiak musikak ladunduta irakurriko diren ekitaldia hunkigarria eta lagunarte girokoa espero da. Sergio Oiarzabal, euskal diaspora gaietan aditua den eta egun Deustuko Unibertsitatean eremu horretan ikertzaile diharduen Pedro Oiarzabalen anaia zen. Hitzordurako ateak zabalik egongo dira parte hartu nahi duen ororentzat.

Gehiago irakurri...


Arantzazu Amezaga: "Historiako atal handiak berreskuratu behar ditugu, memoria ukatu baitigute"

2011/02/16

Arantzazu Amezaga (argazkia Josemari Velez de Mendizabal-Euskonews) Diasporako euskaldunak aipatzen ditugunean, zalantzarik ez dugu eurak Euskal Herriko parte direla. Artikulu honetan aipatzen dugun Arantzazu Amezagaren kasuan, ezaguna da oso bere ibilbidea --geografikoa zein bizitzan zehar garatu duena-- eta han-hemenka utzi dituen emaitzak. Diaspora, bere kasuan, familiaren eta senarren aldetik ere haren familiaren aldetik datorkio, Diasporako alaba, emaztea, ama eta amatxi baita. Argentinan sortua, lotura sakonak dauzka Uruguai eta Venezuelarekin, eta, bistan da, baita Euskal Herriarekin ere, urteak baitira 'itzuli' zela eta egun Nafarroatik garatzen baitu bere ekimena.

Gehiago irakurri...


Manifestazio batera deitu dute Bilbon Sortu legeztatzeko; Cesar Arrondok irakurri zuen mezua erdaraz

2011/02/15

Argentinako euskal diasporako kide den Cesar Arrondok protagonismoa hartu zuen joan den asteburuan, otsailaren 19an Bilbon Sorturen legeztapenaren alde egingo den manifestazioa aurkezterakoan (argazkia Europa Press) Euskal Herrian, joan den astetik aurrera egunkari eta komunikabideetan lekurik gehien hartzen ari den berria Sortu alderdiaren aurkezpenaren ingurukoa da, izen berri honekin plazaratu baita 'Alderdien Legea' delakoa medio azken urteotan legez kanpo egon den ezker abertzalea, oraingoan alderdiaren estatutuetan indarkeria guztiak, ETArena barne, arbuiatzen dituela. Maiatzean foru eta udal hauteskundeak izango direlarik Hego Euskal Herrian (Iparraldean ere bozak dira, baina Batasuna legepekoa da) gizartea eta mundu politikoa aztoratuta dabil Espainiako gobernuak eta justiziak hartuko duten jarreraren aurrean. Legeztapenaren alde, manifestazio baterako deia zabaldu da datorren larunbaterako Bilbon. Jendaurrean aurkezterakoan, Diasporako euskaldun batek, Cesar Arrondo argentinarrak, irakurri zuen deia gaztelaniaz.

Gehiago irakurri...


Argentinako UEU: urtez urte haziz doan proiektuak 2011ko ikastaroa itxi zuen joan den ostiralean

2011/02/15

Udako Euskal Unibertsitateko ikasle eta irakasle batzuek hiriburuko "Gernika" jatetxean afaldu zuten  (argazkia UEU) 2009an proposamen ausart batekin ireki zizkion ateak Buenos Aires hiriburuko Euskal Echeak Argentinako komunitateari. “Handia da dagoen jakinmina euskal kulturarekiko eta, aldi berean, aukera gutxi daude ikasteko. Agian, Udako Unibertsitate batek hutsune hori bete dezake”, azaltzen zuen proiektua proiektu baino ez zenean Enrique Aramburu ideiaren bultzatzaile nagusiak. Gaur, hirugarren edizioa bukatuta, hasierako helburuak bete eta proposamena asko hazi dela aitortzen dute antolatzaileek: “Ikasleen lanak gero eta hobeak dira, aurten ordaindu ahal izan diegu irakasleei eta kanpoko irakasle gonbidatu baten hitzaldiak itxi du ikastaroa. Geure burua gaindituz joan garen seinalea da”, ondorioztatu dio Aramburuk EuskalKultura.com-i.

Gehiago irakurri...


Emeki biziberritzen, Louisianako Euskal Etxeak New Orleans-eko 'Sanferminetan' parte hartuko du

2011/02/15

Louisianako euskal elkartearen sinbologia, mapa eta itsasoz bi aldeetako ezaugarri eta koloreekin Louisianako euskal komunitateak denbora darama LA Basque American Society & Cultural Organization (LABASCO) elkartearen aktibitatea berrabiarazten. Katrina zikloiak 2005ean eragin zuen txikizioren ostean taldea sakabanatu egin zen, baina emeki emeki atzera ari dira, Michel-Antoine Goitia-Nicolas elkarteko buruzagiak azaldu duenez. Momentuz, 2011ko ekintza berezi edo zelebrea iragarri berri dute: New Orleans-eko 'Sanferminetan' parte hartuko dute. Entzierro eta guzti egiten omen da jai hau, baina zezenen ordez... neska patinatzaileak ateratzen dira!

Gehiago irakurri...


Euskaldunek eta euskarak nazioarteko prentsan izan duten oihartzuna biltzen ari dira blog batean

2011/02/15

AEBetako Inmigrazioa agenteek euskaraz baino hitz egiten ez zuten 'alien' edo atzerritarrekin elkar ulertzeko izan zituzten komeriei buruzko albistea Multimedia-Komunikazioa EHU-EiTB Masterraren baitan euskarak eta euskaldunek azken hamardetan nazioarteko prentsan izan duten oihartzunari buruzko ikerketa egiten ari dira ikasleak. Blog batean argitaratzen ari dira orain arte bildutako hainbat material, berri bitxi eta hausnarketa. Diasporako euskaldunei blogean parte hartu eta datuak komentatu edo informazio eta istorio pertsonalak gehitzeko gonbitea egin diete egileek. Datozen asteetan mezu berriak gehitzen segituko dutela iragarri dute.

Gehiago irakurri...


Julio Elejaldek Jon Zaballaren lekukoa hartu du Madrilgo Euskal Etxeko lehendakaritzan

2011/02/14

Ezker-eskuin, Julio Elejalde, Jon Zaballa, Pablo Beltran de Heredia Beltran eta Martin (argazkia MadrilEE) Lau urte egin ditu lehendakari eta Madrilgo Euskal Etxeko barne araudiak dioenari segituz, ezin zuen Jon Zaballak kargu horretan hautatua izateko aurkeztu. Hiriburu espainiarreko Euskal Etxearen Biltzar Nagusiak, beraz, orain arte elkarteko idazkari zen Julio Elejalde hautatu du lehendakari berri eta Jon Zaballa lehendakariorde bozkatu du. Zaballari lehendakari izan den artean egindako lana aitortu eta eskertzeko, aurreko eta oraingo Zuzendaritza Batzordeak bildu egin ziren, ohorezko makila bat ematearren "azkeneko lau urteotan dotoreziaz eta trebeziaz buruzagi izan dugunari", adierazi dute Euskal Etxetik.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia