euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Setmana de la Dona': emakumeak protagonista Bartzelonako Euskal Etxean martxoaren 4tik 12ra

2011/02/25

Bartzelonako Euskal Etxeak antolatu duen Emakumeen Astearen afitxa Bartzelonako Euskal Etxea Zinemaldia jaialdian buru belarri sartuta dabil egunotan, baina kultur elkartearen martxa ez da sekula gelditzen eta dagoeneko ekitaldi berriak iragarri dituzte datozen asteetarako. Adibidez, datorren astean, martxoaren 4ean, abiatuko den 'Setmana de les dones treballadores' edo Emakume Langileen Astea. Jardueren artean kontzertuak, zinema ('80 egunean' filma eta 'Nagore' dokumentala) eta txangoak Bartzelonan zehar iragarri dituzte.

Gehiago irakurri...


120 lagunentzako afari batekin bukatu dira Ayacuchoko 'Euskal Odola'-ren 7. urtemugaren ekitaldiak

2011/02/25

FEVAko ordezkari Adriana Hernandorena eta Ricardo Basterra, Fermina Mariezcurrena euskal etxeko lehendakaria eta Javier Zabaleta lehendakariordearekin Otsailaren 12an hasi ziren Ayacucho herriko 'Euskal Odola'ren 7. urtebetetzeko ospakizunak. Esker-emate meza, biziarteko bazkide berri bat izendatzea, prentsaurrekoa eta afari jendetsua izan dira otsail honetan gauzatu diren ekintza nagusiak. Euskal etxeak gonbidaturik, FEVAk eta udaleko agintariek hartu zuten parte joan den 19an egin zen afarian. Argentinako euskal federazioaren izenean, Ricardo Basterra lehendakaria eta Adriana Hernandorena kidea bertaratu ziren Buenos Aires probintziako herrira. Udalaren izenean, Kultur Zuzendaria den Mirta Martinez-ek lagundu zituen Ayacuchoko euskaldunak euren urteurrenean.

Gehiago irakurri...


Eman botoa Berri Txarrak taldeari, mundu mailako 'Independent Music Awards'etako publikoaren sarirako

2011/02/25

Independent Music Awards sarien logoa Berri Txarrak taldearen 'Folklore' kantua "Independent Music Awards" (IMA) nazioarteko sarietan finalista izendatua izan da 'Punk Kanturik Onena'-ren kategorian. IMA sariek, musika independentearen alorrean munduan urtero agertzen diren izen eta gertarakari esanguratsuenak saritzen dituzte. Epaimahaiaren erabakia Martxoaren erdialdean jakinaraziko da. Horrekin batera, ordea, sari horietako publikoaren saria ere erabakitzeke dago. Botoa talde euskaldunari eman nahi badiozu, garaiz zabiltza. Bitartean, Lekunberriko hirukoteak aurrera darrai Hego Amerikan eta Kanadan zehar egiten ari den birarekin.

Gehiago irakurri...


San Juango Eusko Etxea, Chascomusko gazteak laguntzaile, euskal ordezkari 2011ko Eguzkiaren Festa Nazionalean

2011/02/24

Euskal Etxeen arteko lankidetza beti da zoriontzeko moduko gauza eta halaxe behar da aipatu bihar ostiralean Andeen inguruko San Juan hirian, izen bereko probintzia argentinarrean egingo den Eguzkiaren Karrusela festa, bertako Eusko Etxeko gonbiteari baiezkoa emanez Buenos Aires probintziako Chascomuseko 'Zingirako Euskaldunak' Euskal Etxeko hamabost gazte dantzari, dantzan eta danborrada donostiarra jotzen laguntzaile ibiliko baitira Argentinako uda garaian hitzordu garrantzitsu eta arras jendetsu den San Juango Eguzkiaren Festa Nazionalean. Deia euskal partaideak txalotzeko, biharko da, gaueko bederatzietan, San Juanen.

Gehiago irakurri...


Diasporaren ikuspuntua ere partaide, euskal identitatea aztertuko dute gaur hasiko den Azkoitia Forum-en

2011/02/24

Xabier Euzkitze komunikatzaile eta aurkezlea eta Asier Aranbarri, Azkoitiako alkatea (argazkia AzkoitiakoHitza) Euskal Herriko idazle, gogoetagile eta pentsalari talde batek euskal identitateari buruzko hausnarketa publiko bat egingo du gaur eta bihar Azkoitian, Forum Azkoitia izeneko jardunaldietan. Xabier Euzkitze bertsolari eta komunikatzaileak koordinatuta, "ikuspegi politikotik urrundu eta antropologikora hurbiltzen" saiatuko dira. Euskal Diasporaren ikuspuntu eta lekukotasuna ere islatuta egongo da, izan ere Joseba Etxarri Euskalkultura.com-eko zuzendaria tarteko "Euskal Herritik milaka kilometrotara euskal nortasuna nola bizi daitekeen" azalduz. Gainerako hizlariak izango dira: Jon Sarasua ikertzailea, Iñaki Egaña historialaria, Tere Irastortza idazlea, Terexa Lekunberri etnologoa, Andoni Olariaga filosofoa, Hizkuntza Politika sailburuorde izan ziren Patxi Baztarrika eta Ramon Etxezarreta, eta Joxerra Gartzia kazetaria; Azkoitiko alkate Asier Aranbarri eta Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanorekin batera.

Gehiago irakurri...


Tandilgo 'Gure Etxea' Euskal Etxeak euskara bertako unibertsitatean irakasteko proiektu bat abiarazi du

2011/02/24

Tandilgo 2008ko ikasturteko euskara ikasleak euren bi irakasleekin, Cecilia Cenoz eta Beatriz Poume, azken hauek bi alboetan Euskal hizkuntzaren irakaskuntza euskal etxeetatik kanpo hedatzea pixkanaka zabaltzen ari den joera da eta hiri askotan helburu hori betetzen duten proiektuak garatzen ari dira. Bide hori jarraituz eta Tandilgo 'Gure Etxea'ko Isidro Legarreta lehendakari ohiaren aspaldiko ametsa burutzeko, bertako euskal elkarteak euskara irakasteko proiektua aurkeztu zuen bertako UNCPBA Unibertsitatean eta proposamena martxan dago jadanik Unibertsitateko Hizkuntza Sailean. Aldi berean, euskal etxeko irakasleak 2011ko ikasturtea antolatzen ari dira. Aurten bost taldek jasoko dituzte eskolak 'Gure Etxea'ko egoitzan.

Gehiago irakurri...


Korrika musikarekin dator Berlinera: Anari eta DJ Lucha Amadaren kontzertua antolatu du EEak

2011/02/24

Anari kantari azkoitiarra Hasi dira munduko euskal etxeak Korrika 17ri ongi etorria egiteko hainbat ekitaldi antolatzen. Berlinen, adibidez, euskal elkartea jai itzela ari da prestatzen, Anari euskal kantariaren kontzertu batekin. Ondoren Lucha Amada DJ-ak goizaldeko ordu txikiak arte dantzan jarriko ditu Berlingo euskaltzaleak. Martxoaren 5ean izango da jaia. Ondoren, apirilaren 9an, Korrika Eguna egingo dute euskal etxeko kide eta lagunek, Berlingo kaleetan zehar lasterketa txiki bat antolatuz.

Gehiago irakurri...


Jaurlaritzak bulegoak irekiko ditu Kalifornian, Floridan eta New Yorken, eta Ordezkaritzaren antena bat Idahon

2011/02/23

Guillermo Echenique, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia gaur goizean Lehendakaritzan (argazkia Irekia) Euskadik Iparramerikan duen presentzia areagotzeko lanean ari da Eusko Jaurlaritza. Bide horretan, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak jakinarazi dute bulego ekonomiko berriak irekiko dituztela New Yorken, Kalifornian eta Floridan; horrez gain, New Yorken egoitza zentrala duen Mexiko, Kanada eta AEBetarako Euskadiren egungo Ordezkaritza indartu egingo duela adierazi du, Boisen bere menpeko antena bat sortuz.

Gehiago irakurri...


Eusko Jaurlaritzaren ofizialtasuna jaso ondoren San Joseko Euskal Etxea, Uruguain, egoitzaren bila ari

2011/02/23

Dirua biltzeko, San Joseko euskaldunek zozketa egin zuten iaz Fraternidad Klubean. Argazkian: F. Sellanes, klubeko idazkaria; J. Licio EEko lehendakaria; M. Licio EEko kidea; sariaren irabazlea suertatu zen Bermudez jauna eta W. Perez, klubeko kidea 2009an bildu ziren lehenbizikoz Uruguaiko San Joseko euskaldunak euskal etxe berri bat sortzeko asmotan. Ez zeuden bakarrik. Montevideoko 'Haize Hegoa' Euskal Etxeko kideen babesa izan zuten langintza horretan hasi-hasieratik. Buru-belarri ekin zioten sanjosetarrek eta joan den abenduan euskal etxeak Jaurlaritzaren onespena jaso eta Euskal Etxeen erregistro ofizialean sartu zen. Urrats garrantzitsu hori emanik, egoitza propioaren bila dabiltza orain euskal etxeko arduradunak. Bide horretan, ahalegin irmoan ari dira egunotan, San Joseko Udalarekin herriko kartzela zenaren eraikina erabili eta bertan kulturgune bat muntatu ahal izateko.

Gehiago irakurri...


Chacoko 'Kotoiaren Lurra' Euskal Etxeak webgunea berritu eta 'Mario Chapo Bortagaray' sareratu du

2011/02/23

Chacoko Euskal Etxearen webgune berrituaren azala Chacoko Euskal Etxeak aurtengo helburuetako bat interneten duen presentzia sustatzea ipini dio bere buruari eta bide horretan webgunea berritu eta diseinu berriz plazaratu du. Webgunean elkartearen azken berriak eta argazkiak aurkituko ditu bisitariak, hala nola aurreko urteetan eginiko ekimenak eta euskal etxeak sustatzen dituen hainbat egitasmo. Azken hauen artean aipagarriak dira euskal gaiei buruzko bideo ekoizpenak eta Mario Chapo Bortagaray medikuari buruzko liburua, bertatik irakurri edota jaitsi daitekeena.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia