euskal diaspora eta kultura

2012/02/28
San Frantziskoko Basque Cultural Center-en 30. urteurreneko ospakizunak Estatu Batuetako euskal komunitateko ordezkaritza zabala bildu zuen iragan otsailaren 17tik 19ra hiri kalifoniarrean. Asteburuko egitarau zabalaren barruan NABOk (North American Basque Organizations) bere urteroko lehen bilkura egin zuen eta elkarteak euskarekiko duen engaiamendua berretsi zuen. Aldi berean, AEBetako euskara irakasleen topaketa egin zen. Azken hiru urteetan euskara ikasle kopurua bikoiztu egin da AEBetan; egun 333 heldu ari dira ikasten, 12 irakaslerekin eta beste 16 irakasle berri ari dira trebatzen, HABEko iturriek jakinazari dutenez.
2012/02/28
Hainbat ekitaldik ospatu dute atzo Argentinan bertako abertzaletasunean egun seinalatua den data berezi bat; izan ere, atzo 200 urte, 1812ko otsailaren 27an, lehenengo aldiz erabili zen ikur nazionala, Manuel Belgranoren aginduz [Fermin Echevarria euskaldunaren eta Tomasa de Acevedoren alaba zen] Maria Catalina Echevarriak brodatua, eta Julian Alzugaray abadeak bedeinkaturik borroka-eremura abiatuko zena. Herrialde osoan ospatu zuten argentinarrek Rosarion estreinatu zen euren banderaren Bigarren Mendeurrena. Hona, Buenos Aires probintziako Jose C. Paz herrian egindako ekitaldiko berri ekarri dugu, beste hainbat lekutan bezala euskal-argentinar gizataldea parte zela egin zena, bertako Noticias Paceñas egunkariak agertutakoa laburbilduz.
2012/02/28
Hainbat euskal kultur adierazpen landu eta garatuko dira 2012 honetan Eusko Kultur Etxean. Maria Elena Etcheverry lehendakariaren eskutik, euskara, dantza, gastronomia eta Euskal Herriko kulturari berari buruzko tailer eta klaseak eskainiko dira. Eusketxek, bestalde, gonbite berezi bat egiten die artista plastikoei bere egoitzako aretoan erakusketak gauzatzeko. “Euskal Nortasuna” izeneko argazki lehiaketa batean ere parte hartzeko deialdia luzatzen die instituzioak argazkizaleei.
2012/02/28
Jose Antonio Agirreren Eusko Jaurlaritzak sortu zuen Euzkadiko Guda Ontzidiak itsas-armada matxinoaren kontra gauzatu zituen batailen 75. urteurrena beteko da datorren asteburuan. Jaurlaritzak lau bakailao-ontzi eta berrogeita hamar bat ontzi gerla-ontzi izateko moldatu zituen. Modu traketsean egokitutako euskal ontzien ekintza entzutetsuena 1937ko martxoan gertatu zen, frankisten Canarias gerra ontziaren kontra borrokatu zutenean. Datorren igande eta astelehenean gogora ekarriko da ekitaldi heroitsua Bermeon eta beste herri batzuetan.
2012/02/27
2012/02/27
Stanford-eko euskara ikastaroko ikasleek gelan proposatutako gaien gainean jardun zuten kantuan Amets Arzallus, Julio Soto eta Johny Curutchet bertsolariak iragan otsailaren 21ean unibertsitate ospetsu honetan egin zen saioan. Ekitaldia berezia izan zen, ez soilik unibertsitate honetara lehen aldiz bertsoak ekarri zituelako, baizik eta bertan Euskal Herriko eta Estatu Batuetako bertsolaritza tradizioak aritu zirelako buruz buruz. Stanfordeko euskara irakasle Iñaki Lopez de Luzuriagak aurkeztu zuen ekitaldia eta saioaren osagai gisa, bertsolariek ingelesez eta euskaraz erantzun zituzten entzuleen galderak.
2012/02/27
Mexikoko Euskal Etxeko zuzendaritzak, Lourdes Arrechea lehendakaria buru duela, 2012an zehar elkarteko euskara eskolak sustatzeko eta indartzeko apustua egin du eta lan eskerga ari da egiten helburu hori lortzearren. Elkarteak hiru maila eskaintzen ditu eta irakasleak Gurutzne Etxeberria amezketarra, Nerea Basterretxea bermeoarra eta Gabriel Ceballos mexikarra dira. Eskolak emateko ordenagailu gela berritu egin du euskal etxeak, eta ikasleak elkartzeko bilgune bat ere egokitu du. Ikasle kopuruak gora egin du jada, eta izena emateko epea irekita dagoela gogorarazten du Lourdes Arrecheak.
2012/02/27
Urtea aurrera doa eta pixkanaka mugimendua handituz doa Argentinako euskal etxeetan ikasturte berriari begira. Euskal etxe askotan martxoan ekingo zaie euskara klaseei; beste batzuetan apirilean bueltatuko dira ikasle eta irakasleak ikasgeletara. EuskalKultura.com-ek interesatuen esku jarri nahi izan du eskolen ordutegi eskaintza eta informazioa osatuz joango da argibideak heldu ahala. Hona Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat, Buenos Aireseko Euskaltzaleak eta Eusketxe, Cordobako Gerora, Gral. Rodriguezeko Eusko Aterpea, Rosarioko Zazpirak Bat eta San Nicolaseko Euskal Etxea euskal etxeetako euskara klaseen zehaztasunak.
2012/02/24
Zinema argentinarreko Institutuak [INCAA, Instituto Nacional de Cine y Artes Audiovisual] Maximiliano Gonzalez-en bi proiektu saritu ditu otsail hasieran. Bietako bat Guillermo Larregui 'Eskorgako Euskalduna'ri buruzko (El Vasco de la Carretilla, gaztelaniaz) dokumental bat da eta irail aldera ikusi ahal izango da Argentinako Telebista Digital berrian. “Puerto Iguazukoa naizenez oso txikitandik ezagutu nituen Guillermo Larreguiren pasadizo eta bizipenak. Eta bere nortasunetik gauza ugarik erakarri ninduten; egin zuen ahalegin fisikoaz gain, ametsak eta askatasuna lortzeko gizakiaren borroka nahi ditut gailendu”, adierazi dio Misioneseko zinemagileak Euskalkultura.com-i.
2012/02/24
Julian Celaya, Eusko Jaurlaritzaren Kanpoko Euskal Herritar eta Gizataldeentzako zuzendaria, Argentinan da, astelehena arte luzatuko den bidaia ofizialean. Bisitaren baitan bihar Arrecifesen bertako Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxearen 90. urteurrena ospatzeko ekitaldietan hartuko du parte. Elvira Kortajarena, Euskadiko ordezkaria Mercosur-erako, ere bertan izango da, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza osatuz. Gaur Celaya eta Kortajarena espainiar enbaxadako Enplegu eta Segurtasun arduradunarekin bilduko dira. Enbaxadako sail honek kudeatzen du gizarte eta gizataldeen arloa, Buenos Airesko Ordezkaritzako iturriek EuskalKultura.com-i azaldu diotenez.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus