euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Urteko azken egunetan, urteari azken agurrak Jose C. Paz, Cordoba eta Buenos Aireseko Iparraldeko EEan

2013/12/27

Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxeko kide eta lagunek urtero-urtero jasotzen dute Olentzeroren bisita (argazkiaIEE) Ezaugarri ugariko euskal etxeak daude. Handiagoak eta txikiagoak, gazteak eta urte askotako jardueradunak. Batzuetan sukaldaritza da euren puntu sendoa, edo dantzak, jaiak, formakuntza, euskara edota gizarte lana, esaterako. Nolanahi ere, guztiak dira lagunen bilgarri eta elkargune, bereziki urte amaiera jai garaian. Balantze eta proiektu eta planen tenorea da. Hona Buenos Airesko gure erredakzioak bidalitako abendu honetako hiru azken elkarretaratzeen berri, Toki Eder, Gure Txokoa eta Iparraldeko Euskal Etxearen eskutik.

Gehiago irakurri...


Musika, poesia, ikusentzunezkoak eta argazki eta kartel erakusketak Berlingo Euskal Etxearen urte amaierako ekitaldietan

2013/12/26

Inigo Astiz eta Mikel Ayerberen "Hondakindegia" poesia antzerkia eta ikusentzunezkoaren emanaldiko une bat (argazkia Berlin EE) Berlingo Euskal Etxeko arduradunak pozik agertu dira aurtengo urte amaieran egin berri dituzten ekitaldiek izan duten harrera onarekin eta esker ona agertu diete bertara bildu ziren sortzaileei zein partehartzaileei. Euskararen Nazioarteko Egunaren harira ekitaldi egitarau oparoa eskaini du elkarteak, azaroaren 27an hasi eta iragan abenduaren 15a bitartean. Poesiak tarte zabala izan du jardueretan, Iñigo Astiz eta Mikel Ayerberren "Hondakindegia" ikuskizunarekin eta Angel Erro poetaren "Miss pelotaris favoritoak" irakurraldiarekin, esaterako. Datorren urterako, udaberritik aurrera, ekimen ugari prestatzen hasia dela iragarri du elkarteak.

Gehiago irakurri...


Argentinatik Euskal Herrirako bidaia berria ari dira antolatzen: data, 2014ko abuztua (leku mugatuak)

2013/12/26

Joan den ekainean abiatu zen argentinarren taldea, Getarian Argentinan zaude eta Euskal Herria ezagutu-bisitatu-gozatu nahi duzu? Aurtengo esperientzia arrakastatsuak bultzaturik, Euskal Herrirako bigarren talde-bidaia antolatzen ari da Arrecifeseko euskal etxeko erreferenteetako bat den Mariana Domine. Hamabost egunez, Euskal Herriko leku esanguratsuenak bisitatuko dituzte bidaiariek, beti laguntzaile eta gidari batekin. Bidaia abuztuan izango da eta kuota pesotan ordaindu ahal izango da, “oso prezio onean, gainera”, antolatzaileek adierazi dutenez. Animatu eta murgil zaitez euskal kulturan, euskal kultura maite dutenen eskutik!

Gehiago irakurri...


Leire Leunda Viscarreten tupusteko heriotzak, 38 urte, euskal venezuelar komunitatea zinez kolpatu du

2013/12/26

Leire Leunda Biskarret aurreskua dantzatzen, 2008ko azaroan, Caracasen erail zuten Iñaki Amenabar lagunaren aldeko elizkizunen ondoren, Elexalden (argazkia Amaya Zenarutzabeitia) Leire Leundaren tupusteko heriotzak, atzo Iruñean, Diasporako euskal familia handia astindu du, bereziki Euskal Herriko euskal-venezuelar komunitatea eta Venezuelako euskal erkidegoa. Caracasen euskal familia ezagun batean jaioa eta hiriko Eusko Etxean hazia, Leire Leunda Viscarret euskalduna eta venezuelarra zen. Duela urte gutxi euskalerriratua, 38 urte zeuzkan eta Iruñean eta Burladan lan egin eta bizi zen. Joan den astelehenan sartu zen Iruñeko ospitalean, "inongo eritasunik zeukanik jakin gabe" eta bertan hil da atzo asteazkena 7:00etan. Joseba eta Bakartxoren alaba, eta Irantzu eta Izaskunen tarteko ahizpa, bere aldeko elizkizunak gaur arratsaldeko 19:30etan izango dira Burlatako San Blas elizan; eta Caracasen, 18:30etan Manzanares elizan.

Gehiago irakurri...


Ainoa Irazusta argentinarra: "Dezepzio latza izan zen hemen Diasporari buruz inork gutxik dakiela ikustea"

2013/12/24

Telebistan ikusgai Ainoa Irazustak Urkullu Lehendakariari galdera egiten dion unea. Tamalez, ETBren errotulazioan ez da inondik ageri Diaspora hitza. Ainoa Irazusta euskalargentinarrak ETBko "Pregunta al Lehendakari" saioan parte hartu zuen joan den ostiralean eta bertan honako galdera egin zion Iñigo Urkulluri: "Diasporak autodeterminazioaren alde paper garrantzitsua duela uste al duzu?". Grabazioaren ostean partehartzaile askok Diaspora zer demontre ote den galdetzen ziotela dio, etsituta, Bahia Blancako euskal etxean hazi den neska honek. Ainoaren familia elkarte horretan buru belarri aritu da lanean beti, euskal kulturaren alde. Euskal Herrira bizitzera etorri zenean konturatu zen hemen Argentinako euskaldunen berri inork gutxik zuela, eta dezepzio handia izan zela dio.

Gehiago irakurri...


Ekin Dantzari Taldearen eskutik euskal dantzak ere gailendu ziren Buenos Airesko Folk Open Air Jaian

2013/12/24

Bigarren urtez jarraian hartu du parte Ekin Dantzari Taldeak Buenos Airesko Folk Open Air Jaia (argazkia EDT) Aurten bere seigarren ediziora iritsi den 'Folk Open Air' izeneko festa Argentinako hiriburuko Folk Jaialdirik handiena da. Buenos Airesko Kultura Ministerioak bultzaturik, kalitate handiko artistak eta azpiegitura biltzen ditu, lehen mailako ikuskizunak eskaintzea helburu. Ekin Dantzari Taldea jai honetako protagonista izan da aurten ere. Aitor Alava zuzendariaren hitzetan, “gure taldeak komunitate osoarengana heltzeko asmoa du; Museoen Gauean eta Folk Open Air Jaian parte hartzea horren adibide onak dira”.

Gehiago irakurri...


Lehendakariak mezua zuzendu dio Diasporari, "munduan zehar dagoen euskal familia"ren balioa goretsiz

2013/12/23

Iñigo Urkullu lehendakaria Iñigo Urkullu lehendakariak gabon-mezua zuzendu dio Diasporari, kargu honetan eman duen lehenengo urte honetako Gaztemundu eta Global Training proiektuak aipatu ondoren "gazte espiritu hori eta balore horiek" azpimarratzeko, "munduan zehar dagoen euskal familia" goretsiz eta komunitate bereko partaide aitortuz Euskadin zein Euskaditik kanpo bizi diren euskaldunen multzoa. Lehendakariak Jaurlaritzaren "konpromiso sendoa" berresten du "euskal komunitate osoarekiko harreman sareari" lagundu eta "gure Herriaren barne taupada partekatzen" jarraitzeko, Euskadi / Basque Country marka ezagutarazi eta aintzaesteko bidean.

Gehiago irakurri...


NABOk eta HABEk 2014an Estatu Batuetan euskara eskolak emateko hitzarmena sinatu dute

2013/12/23

Martin Goikoetxea, NABOren Euskara "chairman"-a, eta Joseba Erkizia, HABEren zuzendari nagusia, hitzarmena sinatzen (argazkia HABE) HABEk eta NABO federazioak (North American Basque Organizations) Ipar Ameriketan emango diren euskara eskolak babesteko hitzarmena sinatu dute. Hasi berri dugun 2013/2014 ikasturtean, AEB eta Kanadan 16 ikastalde arituko dira euskara ikasten, beste horrenbeste Basque club edo euskal etxetan. Guztira 205 ikasle eta 2.000 eskola ordu ematea aurreikusten da. Horrez gain, HABEk eta NABOk sinatu duten hitzarmenean bertako irakasleen prestakuntza plana sustatzeaz eta beren jardunerako beharrezkoak diren ikas-materialez hornitzeaz arduratuko da HABE.

Gehiago irakurri...


Euskal giroak bete zuen Erroma, literaturaz, zinemaz eta musikaz jositako Settimana Basca-n

2013/12/20

Joseba Tapia musikariaren "Tximela kapitainaren izarrak" ikuskizuna (argazkia ACE) Helburua bikain bete du aurten Erromako Settimana Basca Euskal Asteak; are gehiago, une zinez bereziak utzi ditu, euskal eta italiar kulturaren arteko hartueman bizi, alternatibo eta emankorren bitartez. Horretan lagundu du Italiar hiriburuaren izaera abegikorrak, beti kultur gose, eta baita Settimanako egitarauan bildu ziren proposamen erakargarriak: Harkaitz Canok "Filo D'herba" liburua aurkeztu zuen; Joseba Tapiak italiarrek 36ko gudan preso hartu zuten Luis Rezola gudari kapitainaren bertsoei doinua jarri zien; Coliseo ondoan "Gazta Zati Bat" dastatzeko jende andana bildu zen; eta Libero Bruno Maggi sukaldariak goi mailako pintxo dastaketa eskaini zuen, Italo Calvino eta Dario Foren narrazioekin gatzozpinduta.

Gehiago irakurri...


"2013, urte ezin hobea izan da" heldu den ekainean 25 urte beteko dituen Chacabucoko euskal etxearentzat

2013/12/20

Guillermo Larregui Euskal Etxeko txikien dantza taldea abenduko tabernan (argazkiaEE) Lehendakari duen Pablo Pavesarentzat, mugimendu handiko urtea izan da hau Buenos Aires probintziako Guillermo Larregui Euskal Etxearentzat. "Martxotik hona egindako lan eta ahaleginek bere fruituak eman dituzte eta erakundean antolatutako azken tabernan berrehundik gora lagun bildu ziren", diosku. “Honek oso bultzada sendoa ematen digu datorren urteari begira. Izan ere, 2014ean mende laurdena beteko dugu eta hasiak gara pentsatzen bi urtebetetze jai egin beharko ditugula dauzkagun lagun guztiei leku egiteko”, adierazi dio EuskalKultura.com-i.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia