euskal diaspora eta kultura
2014/10/13
Tradizioari jarraituz, Lapridako euskal etxeak bere lekua izan du pasa den irailean zehar hirian egindako ospakizunetan. Alde batetik, hiriaren 125. urteurrena dela eta egindako zeremonian eta kabalkadan hartu zuen parte; bestetik, Gizataldeen I. Eskualde Tokapetan, dantzariak eta mintzalari nagusia aurkeztu zituen. Berri hauekin batera, euskal etxeko liburutegiari Magdalena Mouján Otaño izena jarriko diotela jakinarazi du erakundeak.
2014/10/10
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak gaur bertan argitaratu du 2014ko Euskal Etxeen diru-laguntza deialdia eta, bertan dioenaren arabera, bihar irekiko da eskabideak aurkezteko epea. Azaroaren 10a arte aurkeztu ahalko dira eskabideak, eta bertan jasotako gastuak beti ere 2014 urtean burutu diren edo burutuko diren jarduerenak izan beharko dute. Laguntza deialdiaren zuzkidura orotara 782.307 eurotakoa da.
2014/10/10
Programaren azken bertsio eguneratua kaleratu du La Platako euskal etxeak azkeneko aldaketa eta nobedadeekin. Berrien artean aipatu behar da Nekazaritza eta Industria Erakusketa, aurreko moldaketan bertan behera geratu dela eta horren ordez Euskal Lanari omenaldi bat eta La Plata Handiko Industria Elkarteko elkarretaratzea egingo direla 2014ko Euskal Argentinar Aste Nazionalaren baitan. Musikaren arloan, berriz, Itziarren Semeak talde bizkaitarraren errezitala baieztatu da. Informazioa eskuratzea errazteko, martxan dago jadanik euskal etxearen webgune berritua.
2014/10/10
Unibertsitate munduan bakarrik ez, euskal komunitateetan ere bada zintzo pertsona aktiboa John Ysursa boisetarra. Atzo, euskal dantzen inguruko hitzaldia eman zuen hiriko Euskal Etxean. Boiseko Basque Studies Consortium-eko zuzendariak Euskalkultura.com-ekin egin du berba 2015eko Jaialdirako antolatzen dabiltzan sinposioaren inguruan eta Ameriketako euskal komunitateen egoeraz.
2014/10/09
Bi egunez, Euskal Herriko txoko bihurtuko da Bartzelonako Montjuic mendi magaleko Poble Espanyol arkitektura museo irekia, “Euskal Herria a Barcelona” jaialdiari esker. Museoko Plaza Nagusia euskal kulturaren erakustoki izango da larunbat eta igandean zehar: gastronomia, erakustaldiak, lantegiak, kontzertuak… Denetarik izango da, eta adin guztietako bisitarientzako gainera!
2014/10/09
1991ean bidaiatu zuen lehen aldiz Alemaniara, 20 urte besterik ez zituela, Euskal Herrian ikasitako alemana hobetzearren. Berlinen bere bizitza aldatuko zen. Bertan ezagutu zuen gaur egun bere bikotea dena eta geroztik hiriburu alemanean bizi da. Berlingo euskal etxeko lehendakaria da Ainhoa Añorga Osa.
2014/10/09
Euskal jatorriko lagun batzuek deiturik, berehala piztu da Andeen magalean, Lacar lakuaren ertzean dagoen San Martin de los Andes herrian, euskal erakundea sortzeko higidura. Proiektua berri berria da, baina hala ere talde eragileak garrantzi handiko urratsak eman ditu dagoeneko: zuzendaritza batzordea hautatu eta dantza klaseak eskaintzen ditu Neuquen probintzia argentinarreko lehenengo euskal etxea bihurtzeko bidean dagoen Euskal Txokoa elkarteak.
2014/10/08
Rio Grande do Sul estatu brasildarreko Euskal Etxeak topaketa egin zuen joan den asteburuan Uruguaiana hirian, Brasil, Argentina eta Uruguairen arteko mugatik gertu. Bilkuraren helburua inguru hauetan euskal kulturaren berri zabaltzea zen, bertan badelako euskaldunen ondorengo ugari, nahiz eta askok euren jatorriaren berri ez izan. Topaketak arrakastatsua izan zen eta bertan bildutako lagunen gogoak eta engaiamenduak erakutsi zuen Uruguaianan badela lagun talde zabal bat euskal kulturaren alde lan egiteko.
2014/10/08
Hasiberriei zuzendutako beste mus ikastaro bat antolatu du San Frantziskoko Euskal Etxeak irailean. “Bada betidanik jokatzen ikasteko nahia izan bai, baina ikasteko sekula aukerarik izan ez duen jendea”, esan dio NABOko lehendakari Valerie Arrecheak Euskalkultura.com-i. Aurten, bost hilabete gehiago luzatuko dituzte eskolak, harik eta NABOko mus txapelketa hasten den arte.
2014/10/07
Datorren larunbatean egingo du NABOk bilera, Rocklin-go (Kalifornia, AEB) Iparreko Ibarra Euskal Etxea anfitrioi. Egun berean ospatuko dute aurtengo NABO Kantari Eguna, bai eta klubaren hamargarren urtemugako piknika. Euskal Etxeko egoeraz egin du berba Noel Goyhenetche Iparreko Ibarrako lehendakariak Euskalkultura.com-ekin: “Klub txikia da geurea baina bazkide gazteak ditugularik, bai eta umeen dantza taldea, esango nuke hori dela etorkizuna”, adierazi du.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus