euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

350 txiki, jolasak, abestiak, dantzak eta udaberriko giroa 17. FEVAren Ume Topaketa, Llavallolgo Euskal Echea-n

2014/09/24

FEVAren 17. Ume Topaketan, irudiak trukatu dituzte elkarrekin oroigarri gisa
FEVAren 17. Ume Topaketan, irudiak trukatu dituzte elkarrekin oroigarri gisa

PUBLIZITATEA

Joan den larunbatean, irailaren 21aren bezperan, FEVAren Ume Topaketaren egoitza izan da berriro ere Euskal Echea Eskola, Llavallolen, Buenos Aires hiritik 32 kilometrora. Inguru zabal bateko euskal etxeetako txikienak bildu eta elkarrekin ondo pasatzeko aukera ematen duen urteroko egunpasa honek laurehun bat lagun bildu ditu aurtengoan, ume eta laguntzaileen artean. Antolatzaileek oso balantze ona egin dute eta esker beroak eman nahi dizkiete Topaketara bertaratu ziren guztiei. 

Llavallol, Argentina. FEVAk deiturik, Ume Topaketa egin da azken asteburuan Llavalloen eta partaide izan dira Arrecifes, Buenos Aires, Cañuelas, Chacabuco, Chascomus, General Rodriguez, Jose C. Paz, La Plata, Lomas de Zamora, Maipu eta Tandil hirietako euskal etxeak. Euskal etxe horietako gaztetxoenak, alegia. Erakunde horiekin batera, etxe anfitrioiak, bere bi egoitzetako ikasleekin, baiezko sendoa eman zion FEVAren gonbiteari. 17. edizio honetan, Euskal Echea Eskolako legezko ordezkari Izaskun Ordoqui Urcelay-k eta FEVAko lehendakariorde Arantxa Anituak eman zieten ongietorria gonbidatuei.

Urtero bezala, ekitaldia gosariarekin hasi zen euskal etxeetako ordezkaritzak heldu bitartean. Gero, 10ak aldera eta taldeak osatu eta gero, haurrek aisialdiari eskainitako programari ekin zitzaion. Proposamenak mota askotakoak izan ziren, tartean, oztopo-lasterketak, soka tira eta marrazkiak. Abestu eta dantza ere egin zuten umeek Dani Oiarbide eta Ignacio Bañaren trikitixek eta Mauro Uranga eta Ioar Oteizaren panderoek lagunduta.

Kirola eta dantza egiteaz gain, postalak ere elkar trukatu dituzte txikiek. Aurtengo irudien gaia "Nire herriko postala" izan zen eta material mota ezberdinekin sortu zituzten umeek euren diseinuak. Topaketa Kometak aireratzearekin eta ‘Gora Behera’ dantzaren koreografiarekin bukatu zen. FEVAtik eskertu nahi dituzte partaide guztiak, bereziki umeak eta antolakuntzan lagundu zutenak (Ikusi argazkiak hemen).



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia