euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Datozen Euskal Asteen egoitzak iragarri ziren Rosarion: 2013an Villa Maria eta 2014an La Plata (III)

2012/10/31

Inork ez zuen eserita geratu nahi izan Itxartu Dantza Taldeko musikariek jotzen hasi zirenean (argazkia EuskalKultura.com)
Inork ez zuen eserita geratu nahi izan Itxartu Dantza Taldeko musikariek jotzen hasi zirenean (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Ardurakizuna eta parranda oso ondo uztartzen dira Euskal Asteak irauten dituen hiru egunetan. Jaia erakargarria egiten zaie gonbidatu guztiei baina bilerek, hitzaldiek eta debateek ez dute interes gutxiago pizten. 2012ko Euskal Asteak hori guztia izan du: larunbateko ekintzak FEVAko bilerarekin hasi ziren goizeko 9etan eta ordu txikietan bukatu, Ruralean, Maral, Urko, Naia Robles, Natxo Knörr eta Itxartu Dantza Taldearen ikuskizunekin. Tartean, alderdi politiko abertzaleen mahai-ingurua burutu zen euskal etxean, danborrada kalean, eta emanaldi artistikoa antzokian. Hona hemen Rosario 2012ko hirugarren argazki erreportajea.

Rosario, Argentina. Urtero bezala eta Euskal Asteko egitarauari jarraituz, Rosarion ere FEVAko ordezkarien bilkura egin zen, euskal etxearen egoitzan, larunbat goizean. Hitzordua goizeko 9ak aldean hasi zen eta 35 bat euskal etxeren ordezkariak bildu zituen. Juan Jose Ibarretxe lehendakariak ere hartu zuen parte bilkuraren hondarrean eta publikoaren galderak erantzun zituen. Goizean zehar liburuzainen bilera eta dantza taldeen zuzendarien bilkurak ere egin ziren. Arratsaldean, berriz, mahai-ingurua izan zen euskal etxeak baitaratu zuen azken ekintza, festa gainerako agertokietara mugitu aurretik. Izan ere, 5ak aldera, danborrariek eta dantzariek kalea hartu zuten eta Euskal Herriko eta Donostiako danborradako erritmoei jarraiki egin zuten Bandera Monumentutik El Circulo antzokirainoko bidea, azken leku honetan garatuko baitzen larunbateko musika eta dantza emanaldi ederra.

2012ko euskal astea Rosarion 2 2012 00b
[Larunbateko irudiekin hasi aurretik, osteguneko ekimen baten aipamena lau iruditara bilduta: Zazpirak Bat-ek antolatuta, paseo bat egin zuten gonbidatu eta anfitrioiek ontziz Parana ibaian. Bidaian, globo gorri, berde eta zuriak askatu ziren Euskal Asteko ekitaldien aurrekari gisa. Europatik etorritako Itxartuko dantzariek, euren musikariek eta gainerako artista gonbidatuek parte hartu eta aritu ziren kruzeroan (argazkiak EE)]
 

2012ko euskal astea Rosarion 2 2012 01

[Larunbat goizeko egitarauarekin segitzeko, bederatziak irian, FEVAko bilerarekin hasteko, Zazpirak Bat-eko lehendakari Enrique Otañok ongi etorria eman zien euskal etxeetako ordezkariei. Ondoren, federazioko lehendakari Ricardo Basterrak 2011ean zehar FEVAk bultzatu eta gauzatutako ekintzei buruzko laburpena egin zuen. Bileraren baitan, datozen bi urteetako euskal asteen egoitzak jakinarazi ziren: 2013an Villa Marian eta 2014an La Platan izango da jaia. Honako euskal etxeetako ordezkariak izan ziren partaide bilkuran: Mar del Platako Denak Bat, San Miguelgo Askatasunaren Bidea, Olavarriako Gure Etxe Maitea, Rosarioko Emakume Abertzale Batza, Jose C. Paz-eko Toki Eder, Bahia Blancako Union Vasca, La Platako Euzko Etxea, Necocheako Euzko Etxea, Lapridako Lagunen Etxea, Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat, Gral. Rodriguezeko Eusko Aterpea, Tres Arroyoseko Hiru Erreka, Maipuko Anaitasuna, Puerto Madryngo Etorritakoengatik, Cordobako Gerora, Buenos Aireseko Eusko Kultur Etxea, Mendozako Denak Bat, Chascomuseko Zingirako Euskaldunak, Buenos Aireseko Laurak Bat, Villa Mariako Euzko Etxea, Rio Cuartoko Gure Ametza, Villa Mercedesko Euskal Etxea, Suipachako Gure Txokoa, Gral. Las Heraseko Zazpirak Bat, Cañuelaseko Denak Bat, Buenos Aireseko Euskaltzaleak, Chivilcoyko Beti Aurrera, Tandilgo Gure Etxea, San Nicolaseko Euskal Etxea, Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxea, Pergaminoko Lagun Onak, Saladilloko Itxaropena, Santa Rosako Zelaiko Euskal Etxea, Juningo Arbola Bat eta Rosarioko Zazpirak Bat (argazkia EuskalKultura.com)]

Semana Vasca 2012 rosario 2 2012 02

[Ekintzei buruzko laburpena bukatuta, Xabier Aguirre ‘Pilpileando Argentina’ delako proiektuaz mintzatu zen. Ondoren, Itziar Aguirre sukaldariak emandako irakastaldi magistralen bideo bat proiektatu zen; bukatzeko, euskal etxeek emandako laguntza egiaztatzen duen agiri bat eman zitzaien ‘Pilpileando’ emanaldia antolatu zuten euskal etxeei. Bilerak Juan Jose Ibarretxeren bisita jaso zuen eta lehendakariak berak eskuratu zizkien agiriak erakunde partehartzaileetako kideei. Argazkian, Cañuelas, Arrecifes eta Buenos Aireseko Laurak Bat euskal etxeetako lehendakariek jasotzen dute agiria Ibarretxeren eskutik  (argazkia EuskalKultura.com)]
 
2012ko euskal astea Rosarion 2 2012 03
[Bileraren baitan, Juan Jose Ibarretxek euskal etxeetako kideak agurtu eta euren aurrean mintzatu zen, euren galderei ere erantzunez (argazkia EuskalKultura.com)] 
 
2012ko euskal astea Rosarion 2 2012 03b
[Bilkura amaitu aurretik, euskal erakunde batzuetako ordezkariek opariak eman zizkioten Zazpirak Bat-eko presidenteari euskal etxearen mendeurrena dela eta, tartean, Rosarioko Emakume Abertzale Batza-k eta Pergaminoko Lagun Onak-ek (argazkia EuskalKultura.com)]
 
2012ko euskal astea Rosarion 2 2012 04
[Urtero bezala, bukatu berria den 2012ko edizio honetan ere burutu zen euskal etxeetako liburuzainen elkarretaratzea. Larunbatean izan zen, goizeko hamaiketan, areto nagusian FEVAko bilera nagusia egiten ari ziren bitartean. Honako euskal elkarteetako liburuzainak izan ziren partaide: Arrecifes, Bahia Blanca, Cnel. Moldes, Cnel. Pringles, Chivilcoy, Euskaltzaleak, Gral. Rodriguez, Jose C. Paz, La Plata, Laprida, Laurak Bat, Olavarria, Rosario, San Nicolas eta Villa Maria. FEVAko Marta Abarrateguik eta Hugo Andiazabalek ere hartu zuten parte bilkuran (argazkia EuskalKultura.com)]
 
2012ko euskal astea Rosarion 2 2012 05
[Eta gaueko emanaldiaren azken xehetasunak zehazteko, dantza taldeen zuzendariak ere hirugarren areto batean bildu ziren larunbat goizean, FEVAko bilera eta liburutegiena ere gauzatzen ari ziren une berean (argazkia EuskalKultura.com)]
 
2012ko euskal astea Rosarion 2 2012 06
[Bilerak amaitu eta gero, ordubatak aldean omenaldia egin zen Rosarioko Gernika Plazan dagoen Gernikako Arbolaren kimuaren ondoan. Lore sorta bat utzi zen haritzaren oinarrian eta ‘Gernikako Arbola’ abestu zen (argazkia EuskalKultura.com)]
 
2012ko euskal astea Rosarion 2 2012 08
[Arratsaldeko 3etan, berriz, ‘Euskal Herria euskal estatu berri bat Europan’ debatea burutu zen Zazpirak Bat-en egoitzako hitzaldi areto nagusian. Alderdi politiko abertzaleetako lau ordezkarik hartu zuten parte: Iker Urbinak (Ezker Abertzalea), Dani Maeztuk (Aralar), Ikerne Badiola Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatuak (EA) eta Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatuak (EAJ-PNV); alderdi hauietako hiru lehenak EH Bildu koalizioko kide dira gaur egun (argazkia EuskalKultura.com)]
 
2012ko euskal astea Rosarion 2 2012 09
[Eta Zazpirak Bat-en egoityzatik kalera: eguraldi ezin hobean eta testuinguru ederrean burutu zen arratsaldeko Danborrada Bandera Monumentuaren aurrean. Rosario Udaleko 
gazteen musika taldeak lagunduta, euskal etxeetako danborrari taldeek Euskal Herriko eta Donostiako danborradako soinua jarri zioten postalari Sarriegiren piezak eta euskal aireak ere joz bertatik El Circulo antzokirainoko ibilbidean. Biharko artikulu berrian argitaratuko ditugun irudiak eman zituen antzokiko dantza eta musika emanaldiak (argazkia EuskalKultura.com)]
 
[Antzokian eta Ruralean, agertoki guztietatik Itxartu Dantza Taldeko musikariek euskal musika zahar eta bewrriaz gozatzeko eta dantza egiteko proposamenak eskaini zizkioten Rosarioko Euskal Astera bildutako publikoari (bideoa Euskaldunak Denak Bat EE)]


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia