euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

15-17 urteko Diasporako gaztea zara? EuskarAbenturak Euskal Herria ezagutzeko aukera itzela eskaintzen dizu

2021/01/12

EuskarAbentura 2021 espedizioaren afixa
EuskarAbentura 2021 espedizioaren afixa

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Gogoratu EuskarAbentura, Euskal Herriko eta Diasporako 120 gazteri udan eta oinez Euskal Herria zeharkatu eta geure kultura, geografia, ohiturak-eta bertatik bertara eta euskaraz ezagutzeko aukera ematen dien ekimena dela. Elkarbizitzarako eta lagunak egiteko aukera berezia ere bada, eta herriz herri ibiltzerakoan tokiko gidari eta azaltzaileen eskutik lortzen dute partaideek leku bakoitzeko berri, zuzeneko ikuspegi eta esperientzia ezberdin eta apartak bilduz. Iazko edizioa koronabirusak galerazi bazuen ere, 2021ean indar erabarrituz plazaratu dira antolatzaileak, oraingoan ere garrantzia emanez Diasporako gazteen partaidetzari.

2018an hasi zen antolatzen EuskarAbentura, Maulen (Zuberoa) hasiz eta Getxon (Bizkaia) amaituz. Doanik da. Hona parte hartzeko eskatzen diren baldintzak:

- 15-16-17 urte izatea
- Euskaraz komunikatzeko gai izatea
- Euskal Herria ezagutu, hilabete bat pasatzeko eta bertako lagun mordoa egiteko gogoa izatea


2021eko erakarpen bideoa ( egileak Iker Maguregi eta Andrea Martinez; musika, Zetak)

Aurreko edizioetan, Argentinatik (Viedma), Washington hiritik eta Suediatik etorri dira Diasporako partaideak.

Izena emateko epea martxoaren 12ra arte dago zabalik. Parte hartzeko, minutu bateko aurkezpen bideo bat bidali behar da eta banakako proiektu bat aurkeztu. Oraingo hautaketa prozesuan, egin ez zen 2020ko espediziorako aurkeztutako hautagaitzak ere hartuko dira kontuan.

Aurkeztu beharreko proiektuari dagokionez, gazteak gaurkotasuneko gaien inguruan hausnartzea dauka helburu. Aurten aukeran dauden gaiak honakoak dira: Baserritik Sardexkara, gizakion elikaduraren kontsumo ereduak gure eta ingurumenaren osasunean duen eraginaren inguruan; Klik eta post, gure gizartean irudiari ematen zaion garrantziaz; eta Adina, jakintzaren iturri, edadeko pertsonen esperientzia haintzakotzat hartzeak daukan garrantziaz.

Informazio gehiago:
- Webgunea: https://euskarabentura.eus
- Instagram: https://www.instagram.com/euskarabentura
- Facebook: https://www.facebook.com/EuskarAbentura
- Twitter: https://twitter.com/euskarAbentura



Komentarioak

  • Egingo da?

    Benetan pentsatzen duzue posible izango dela aurtengo udan EuskarAbentura egitea?

    Mikel G Goñi (Bilbo, Bizkaia), 2021/01/14 21:36

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia