euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Besteek esana

Gogora institutuak sarean jarri ditu gerran hildako 21.000 herritarren datuak (Berrian)

2021/02/09

Errepublikanoen aldean hildakoak eta frankistenak agertzen dira. Oraindik ez dakite 7.795 biktima non dauden lurperaturik. «Memoria etikoa» goretsi dute

Lotura: Berria

Gotzon Hermosilla. Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak sarean jarri ditu 1936ko gerran hildako 21.000 herritarren datuak, eta Euskadin gerra zibilean hildako biktimak izeneko txostena argitaratu du datu base horretako emaitza nagusiekin. Biktimen errolda hori 2019an aurkeztu zuten lehen aldiz, baina, orain arte, hango datuak kontsultatu nahi zituztenek Gogora institutuaren egoitzara jo behar zuten. Aurrerantzean, datu horiek guztiak institutuaren webgunean egongo dira, denen eskura.

Webguneak 20.970 hildakoren datuak jasotzen ditu: 1936tik 1945era gerraren eta errepresioaren ondorioz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hildakoak, bai eta hiru herrialdeetako batean jaio eta kanpoan zendutakoak ere. Horietatik 13.283 faxistek eragindako heriotzak izan ziren, eta 7.687, berriz, Errepublikaren aldeko indarrek eragindakoak.

Fitxetan agertzen diren hildakoetatik gehienak, 19.962, gizonezkoak dira, 977 emakumeak, eta 31 hildakoren sexua ezin izan da zehaztu.

Frankistek eragindako hildakoei dagokienez, 1.361 bonbardaketetan hil ziren; 991 gerra kontseiluen ondorioz exekutatu zituzten; 1.155 epaiketarik gabe exekutatu zituzten; 2.238 preso zeudela hil ziren; 91 nazien kontzentrazio esparruetan hil ziren; eta 7.204 borrokan hildako gudari edo milizianoak izan ziren. Horiez gain, badaude beste modu batera hil ziren 243 lagun ere.

Beste aldean, 75 pertsona errepublikanoen bonbardaketetan hil ziren, 19 exekutatu zituzten Euzkadiko Herri Auzitegiaren epai bidez, 971 judiziorik gabe exekutatu zituzten, eta 5.922 borrokan hildako matxinatuak izan ziren. Badaude sailkatu gabeko beste 700 hildako ere.

Informazio falta

Hildako guztien fitxetan informazioa agertzen da, baldin eta informazio hori ezaguna bada: izen-abizenak, non jaio zen, zenbat urte zituen hil zutenean, familiaren datuak, non dagoen lurperaturik, eta informazio hori guztia non lortu den. Izan ere, datu basea atondu dutenek hainbat iturritara jo dute informazioa lortzeko: udalerrietako erregistro zibilak, Elizaren agiriak, hilerrietako liburuak, historialarien ikerketak eta abar. Baina oraindik ere informazio asko falta da, eta, esaterako, gaur egun inork ez daki 7.795 lagun non dauden lurperaturik.

Gogora institutuko arduradunek adierazitakoaren arabera, 1.500 pertsona inguruk eskatu diete hildako senitartekoei buruzko informazioa. Datuak sarean herritar guztien eskura jartzearen arrazoietako bat horixe da, hain zuzen ere: webgunea etengabe gaurkotzea, eta hildako horiei buruzko informazioa edo agiriak izan ditzaketenak informazio hori ematera bultzatzea.

Aurkezpenean, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek esan zuen datu base horren bidez «memoria partekatua, irekia, inklusiboa, kritikoa eta etikoa» sustatu nahi izan dutela: «Bizikidetzarako memoria bat».

Gogoratu zuen Eusko Jaurlaritzak «urteak» daramatzala memoria historikoaren gaia lantzen, eta «poza» agertu zuen «badirudielako Espainiako Gobernua ere azken bolada honetan bat egiten ari dela lan horrekin».

Artolazabalek esan zuen «legez eratutako erregimen demokratiko baten aurkako matxinadak» ekarri zuela gatazka militarra; hala ere, hildako frankistak ere zerrendan jasotzeko erabakia defendatu zuen: «Gaitzesten ditugu haien ideiak, haien arrazoiak, haien proiektu totalitario eta antidemokratikoa, baina pertsonak, biktimak, gure historiaren parte ere badira».

Biktimei «duintasuna itzultzea» izan da, Artolazabalen hitzetan, Jaurlaritzak egitasmo honekin lortu nahi izan duena, «iluntasunean argia egitea, ahotsik izan ez dutenei ahotsa ematea»; baina, iraganera ez ezik, etorkizunera ere begiratu nahi izan zuen sailburuak, eta «autokritika» eta «indarkeriaren deslegitimazioa» ahotan hartu zituen «etorkizuna printzipio etiko sendoen gainean eraiki behar delako».

Jose Antonio Rodriguez Ranz Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetza sailburuordeak poza agertu zuen «sailburuorde gisa eta historialari gisa», informazio hori guztia ikerlarien eskura egoteari «urrats garrantzitsu» deritzolako. Gogora ekarri zuen orain arte ikerketa ugari egin direla 1936ko gerraren inguruabarrei buruz, ikuspegi askotatik eta mota askotakoak. «Edonola ere, webgune honekin, iraganera hurbiltzeko modu berri bat proposatu nahi izan dugu, pertsonengan oinarritua eta biktimak erdigunean jartzen dituena», esan zuen.



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia