euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Zaratarik gabe baina bizitza osoan euskal kulturaren alde gogor lan egindako Anna Mari Aguirre newyorktarra hil da

2020/05/14

Anna Mari Aguirre 69 urte zituela hil da New Yorken, duela urte batzudanik zeukan minbizia atzera etorri ondoren
Anna Mari Aguirre 69 urte zituela hil da New Yorken, duela urte batzudanik zeukan minbizia atzera etorri ondoren

PUBLIZITATEA

Joseba Etxarri / Donostia-San Sebastian. Anna Mari Aguirre hil da New Yorken. Euskal Herrian jaio ez diren eta euren euskaltasuna beti ezaugarri eta bidelagun duten Diasporako euskaldunen adibide eta jarraipide argia zen. Atxikimendu eta lanerako gaitasun handiz, espanturik gabe, emaitza isil baina garrantzitsuak eman zizkion bere bizitza osoko ibilbidean Pirineo magaleko euskaldunekin lokarri eta ondare partekatua zuen euskaltasunari. Izan ere euskaldunak bere inguru amerikarrean ezagunak, prestigiatuak eta euren ekarpena aitortua izan zitezen egin zuen lan bere bizitza osoan.

Anna Mari Brooklynen jaio zen, gurasoak Andoni eta Irene (Renteria) Aguirre zeuzkala. Brooklyndar petoa zen, bertakoa, goitik behera, eta ezaugarri horrekin batera, hantxe bertan, Brooklynen, bizi, ikasi eta edoski zuen baita ere euskaltasuna, etxetik hasita, aurretik ere bere ama Irenek egin bezala, hura ere brooklyndarra izaki, Etxeorratzen Hirira emigratutako Bakioko Melchor Renteria eta Kanalako Maria Bidasoloren alaba. New Yorkeko Euzko Etxea izango zuten Aguirretarrek euren bigarren etxea eta hiriko euskal komunitatea euren familia handia. Anna Mariren ama, Irene Renteria, 18 urte besterik ez zituela, Agirre Lehendakariaren idazkari pertsonala izan zen eta, zeregin horretan, mundu estatubatuarrarekiko haren makulua, zortzi urtez Erbesteko Eusko Jaurlaritzaren Ordezkaritzarentzat lan eginez. Anna Mariren gurasoek hantxe ezagutu zuten elkar, eta aita ere lau urtez aritu zen Jaurlaritzarentzat lanean. Andoni Aguirre Filipinetan estatubatuar euskaldun jaioa zen, Filipinetan ikasi eta txikitan EHan urtebete Lekarozen ikasi zuen, geroago Kaliforniara pasatzeko. "1945ko Eguberrian, mundu-gerra bukatuta eta lizentziatu ondoren azaldu nintzen Jaurlaritzaren Ordezkaritzatik, han Irene ezagutu eta ez nintzen gehiago Kaliforniara itzuli", kontatzea gustatzen zitzaion. 1949an ezkondu ziren Etxeorratzen Hirian.

Ezagutzen zuten jende askorengan bezala Jose Antonio Agirrek marka ederra utzi zuen Aguirretarrengan, eta Irenek pasioz eta komentzimenduz hitz egiten zuen Agirre Lehendakariaz, zinez laudatuz bere jarrera, pentsamolde aurreratua garaiarekiko eta jokamolde etikoa. Aguirre familia hiru belaunaldiz partaide aktiboenetakoa izango  zen Euzko Etxean --egungo izen hau 1980an ezarri zioten aurretik Central/Centro Vasco Americano zenari-- eta benetako engaiamenduz bere lana, partaidetza eta sostengu osoa eskaini izan zion beti.


Aguirretarrak eta Cengotitabengoa 1982ko euskal afari batean. Anna Mari, lehena eskuinetik (arg EE)

New York bezalako hiri handia batean elkarte bati eustea ez da erraza, eta denborarekin Euzko Etxeko bazkidegoa sakabanatzen hasi eta kideak aski jaisten joan zirenean ere, Aguirretarrek hor segitu zuten, euskarri beti, barnean behar ziren kudeaketa eta bestelako jardunetan eta lanean kanpora begira ere, elkarteko delegatu izan baitziren 1993tik aurrera elkarte newyorktarrak bere sarrera berantiarra gauzatu zuenean NABO Ipar Ameriketako Euskal Elkarteeak federazioan. EENY eta SBSA --Society of Basques Studies in America (1979-2011)-- NABOk orduan zeuzkan AEB ekialdeko elkarteak ziren eta bi elkarteotan Andoni, Irene eta Anna Mari Aguirre euren delegatu eta ordezkari ezin finagoak izango ziren, SBSAko Jose Ramon Cengotitabengoa eta Emilia (Sarriugarte) Doyagarekin --Ireneren lehengusua, amak ahizpak-- batera. Irene-Anna Mari ama-alabek lan ordainezina egingo zuten Emilia Doyagaren alboan SBSAn; eta Anna Marik, Irene 1999an hil zenean --Andoni 1997an zendua zen-- are gehiago, SBSAko ezinbesteko euskarri bihurtu zen, bere gain harturik erakundearen bulego-lan eta komunikazio osoa, besteak beste.

Proiektu anbiziotsuak sustatu zituzten zerotik hasita SBSAko nukleo gogorra ziren Cengotitabengoa, Doyaga eta hiru Aguirretarrek. Urtero gauzatzen zuten "Basque Hall of Fame"rekin batera (lehena 1981ean egin zen Connecticcut-eko Milfor-en eta azkena 2011an Buenos Airesen egina), esan dezagun AEBetan euskal musikari eta artisten emanaldi edo erakusketak antolatu eta babestu zituztela 1984an (Valentin Aguirre, Josu Gallastegui, Basterretxea, Mendiburu, Larrea), Renoko Monumentua Euskal Artzainari (1989) ekimen osoa asmatu eta egin, 'Ameriketatik' Trainerua proiektua (1998) ere hezurmamitu, eta Basque International Cultural Center (BICC) proiektua euren indar guztiekin aurrera ateratzen saiatu.


Emilia Doyaga, Anna Mari Aguirre, Irene Aguirre eta Andoni Aguirre duela 28 urte, 1992an (arg. JE)

Izan ere, esku artean izan zuten proiektu handiena, anbiziotsua oso, baina enseatzea merezi izan zuena hain segur, Basque International Cultural Center (BICC) sortzearena izan zen: eraikin bat Manhattanen, euskal kulturari eskainia, bertan ostatazeko hirian egun sakabanatuta segitzen duten Euzko Etxea eta Euskadiren Ordezkaritza bezalako erakundeen egoitzak; publiko amerikarrari euskal kultur programazio bat etengabe eskainiko liokeen areto bat; AEBetako merkatuan euren presentzia indartzeko asmoa zeukaten euskal enpresei alokatzeko espazio bat; eta euskal gastronomiaren bozgorailu izango zen jatetxe dotore bat. Euskaldunen erreferentzi-gune bat munduko hiri garrantzuitsuenean. Proiektu oso garestia zen, baina hala ere gogor saiatu ziren oso, bazkideak, sustatzaileak, bateko eta besteko laguntzaile kpuru nahikoa bildu nahirik. Proiektuak, ordea, ez zituen guztiak alde Euzko Etxena bertan, eta Eusko Jaurlaritza ere epel azaldu zen proiektuaren aurrean; horrrek eta Dorre Bizkien erasoen (2001) ondoren panorama guztia aldatu izanak bertan behera gera arazi zuen aurretik ere pario handia zen egitasmoa.

Anna Marik orduak oro sartu zituen lan bolondresean bere euskaltasunari loturik. Euzko Etxean euskara ikasle izan zen, gaztetik dantzaria, eta heldua izanik ere bertako Itzelak dantza taldeko buru topatu dugu oraindik XX mendeko azken urteetan. Oso pertsona animatu, langile eta eskuzabala zen eta beti prest zegoen lanerako euskal kulturaren eta proiektu euskaldunen alde. Lagunak besterik ez ditu utzi pasatu den leku guztietatik.

Bere gidaritzapean Itzelak-eko dantzari izandako Michele Fernandez Etxebarriak "New Yorkeko euskal komunitateari bere bizitzaren gehiena eskainitako" pertsona legez aipatu ondoren, honela idazten zuen aste honetan sare sozialetan: "Anna Mari, asko sentituko dugu zure hutsunea, aurresku bat dantzatuko dut zure ohorez. Duintasun handiz euskaldunon eta gure kulturaren ordezkaria izan zara eta (zure heriotzaren) berriak kolpatu egin nau, Euzko Etxean pasatu nituen urte gomutagarrien parte zarelako. Besarkada bat eta dantza ezazu hodeien artean".

Euzko Etxeko Zuzendaritza Batzordeko kide eta lehendakariorde den Enrique Aranak Anna Mari benetan pertsona erabat "eredugarri" gisa gogoratzen duela esanez idatzi digu. "Faltan botako ditugu bere adierazgarritasuna, bere mintzo zuzen, zorrotz eta zentzuduna, bere umore eta argitasuna". "Asko miresten nuen" aitortu du.


Anna Mari Aguirre Aberri Eguneko adierazpena irakurtzen EENYen (2012) Aitzol Azurtzarekin (arg. JE)

Bera bere familiako New Yorkeko hirugarren belaunaldia zelako eta beraz txikitandik lehen pertsonan ezagutu eta bizi izan zuelako New Yorkeko euskaldunen historia, leku pribilejiatuan egon zen Anna Mari hiriko euskal historian sakondu nahi zuten zenbait ikertzaileri laguntzeko eta, aurretik bere gurasoak bezala,txingurri moduko laguntza engaiatu eta besterenkoia eskaini izan die New Yorkeko euskaldunei buruz argitaratu diren liburuak sortu eta argitaratzeko. Eusko Jaurlaritzaren Urazandi bildumako parte, hor aipa ditzakegu "The Basques of New York: A Cosmopolitan experience", Gloria Totoricagüena biltzen duena egile eta "Emilia Doyaga eta Anna M Renteria Aguirre kolaboratzaile", 2003an; eta 2018an "Newyorktarrak, Origen de la Comunidad Vasca de Nueva York, 1880-1955", "Anna Mari Aguirre eta Koldo San Sebastian egile" aitortzen dituena. Bere aita-amei eskaini zien Anna Marik azken hau, honako hitzekin: "Nire gurasoei, Irene Renteria eta Andoni Aguirreri, eurak sustatu zutelako nigan maitasuna nire euskal ondarearekiko".

Azken urteotan gaixorik egon da, gorabeherekin. Minbizia diagnostikatu zioten eta bolada txarrak pasatu zituen, baina tarteka hobetu eta aspalditik egiteke zeuzkan gauzak, hala nola bidaiatzeko modua izan zuen. Duela gutxi ere, planak egiten ari zen Euskal Herrira bere iloba Ryan-ekin bidaiatu eta bertako bazterrak erakusteko. Hori aipatu zion lerro hauek idazten ari den kazetariari duela pare bat hilabete bere lankide eta izeba txiki Emilia Doyaga hil zela-eta hitz egin genuenean. Baina ezin izan da izan.

Epilogoa: Nik ere sentituko dut zure hutsunea, Anna Mari. Orain sei-zazpi urte, New Yorkeko Euzko Etxeak bere mendeurrena ospatu zuenean (1913-2013), hunkitu egin nintzen, mahai berean William Douglass eta zu zeu eserita zeundetela, bertan antolatutako sinposioko egitarauan hitzaldia ematea suertatu eta goian agertzen den argazkia proiektatu nuenean. Emilia, zeu, Irene eta Andoni agertzen zineten, duela hogeita zortzi urte, elkarrekin Brooklynen afaltzera bildu ginen aldietako batean. Gaur, lauak joanak zarete. Lehenik Andoni, gero Irene zendu zen, duela bi hilabete t'erdi Emnilia eta zeu, azteena, joan den ostiralean. Zeu, beste asko bezala, zeure partea egiten enseatu zara, nekaezin eta eska zitekeenaz haratago, jaio eta bizi izan zinen diaspora brooklyndarretik, hainbeste maite zenuen zeure Euskal Herriaren alde, hori erosgai ez dagoen zerbait baita, bihotzean eramaten (edo eramaten ez) den zerbait baizik, zure kasuan aita-ama diasporakume euskaltzaleei zintzo ikasi eta zeuregenatua. Agian belaunaldi berriek hartuko dizute segida.

Eskerrik asko eta besarkada handi bat. GB

-Ikus hemen Anna Mari Renteria Aguirreren heriotz-oharra



Komentarioak

  • Galdakao, Bizkaia

    Bizitza eredugarria. Gure esker ona Euskal Herritik. Agur eta ohore zuri, euskaldun paregabe horri.

    Iñaki Sarriugarte Irigoien (Galdakao, Bizkaia), 2020/05/14 07:15

« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia